Liburuaren mamia esku artean izanik, harik eta modu txukunenean aurkeztu beharra zegoen. Liburuak ze itxura hartu behar zuen ikusi zenetik Ugarte eta Zintzo Mintzo kosta hala kosta honen atzetik ibili dira. Bestalde, Jose Luisek jasotako informazio berria sartu eta toponimoak normalizatzeko ere erabili du azken urte hau. Fase honetan jende askok parte hartu du: Dirua lortzen dela, ordenadorearen aurrean lanari nahi zen itxura ematen dela…
Irailaren erdialdera inprentarekin lanean hasi zen eta lan mardul hau kaleratzeko prest dago jada. Urtarrilean zehar aurkezpen ezberdinak egin ondoren salgai izango dugu 3000 pezetatan datozen belaunaldientzat ondare paregabea den liburua.
Toponimia liburuak Urretxu eta Zumarragako baserri, mendi eta landetako toponimoak biltzen ditu. Herri barruko toponimoak biltzeke geratu dira eta beste urtebeteko lana izango litzateke. Liburuak bi atal nagusi ditu. Alde batetik Urretxuko toponimoak daude alfabetikoki zerrendaturik eta bestetik Zumarragakoak. Toponimoak dagozkien zenbait xehetasunekin datoz, beheko koadroan ikusi daitekeen moduan.
Toponimo bakoitzaren informazioaz gain liburuak beste hainbat osagarri ere baditu: Urretxu eta Zumarragako argazkiak (Hauetako batzuk oso zaharrak), toponimoak kokatu eta ulertzeko zenbait plano txiki eta tolestutako plano handi bat toponimo guztiak kokatzeko.
Ikusi daitekeenez, “Urretxu eta Zumarragako toponimoak” liburua benetan lan sakona eta itxura onekoa da, Euskaltzaindiak bere bilduman onartu izana guztiz adierazgarria delarik.
Urretxu eta Zumarragan baserritarrekin egin den lehenengo lana da. Toponimia lan sakona da. Eguberriak ondoren Aginaga, Santa Barbara eta Antioko elkarteetan liburuaren aurkezpen ezberdinak egingo dira. Bertarako gonbitea luzatuko zaie informante guztiei ekitaldi samur honen bitartez eskerrak emateko.
Aurkezpen ofiziala, berriz beranduxeago egingo da, Udala, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundi, Kutxa eta Euskaltzaindiako ordezkariekin.
Baina burututako ikerketa lan guztia ez da liburuan soilik islatuko. Zintzo Mintzok beste bi proiektu aurrera ateratzeko erabiltzea pentsatua du. Alde batetik Urretxu eta Zumarragako toponimoak plano batetan bilduko dituen kartel handi bat atera nahi da, 50X70zm neurrikoa. Bestetik Zintzo Mintzok hiru ibilbide prestatu behar ditu bi herriotako toponimo askoren kokagunea ezagutzera emateko. Triptiko batzu aterako dira ibilbideak azalduz, eta ikastetxeetako gazteentzat ibilaldiak antolatuko dituzten begiraleak prestatuko dira. Honela bi herriotako leku ezberdinak ezagutu ditzaten.
Jose Luisek egindako lana ez dago diru trukean ordaintzerik. Zintzo Mintzo gustura dago emaitzarekin, izan ere, Zintzo Mintzo bera izan da Jose Luisen proiektuan sinetsi ondoren finantziaketa bideratu eta lana kalean ikusi arteko bakerik izan ez duena. Euskara normalizatzeko beste pausu txiki bat baino ez dugu eman.
Toponimoa: SALTSAMENDI.
Kontzeptua: 10104/ Baserria
Iturriak: 1741: ZUA8 / Salsamendi
1814: ZUA4 / Salsamendi
1871: ZUA20 / Salsamendi
1928: Plano 16 / Saltxamendi
1993: EE20 / Salsamendi
Ebakera: 1. santsámendi / 2. saltxámendi
Victoriano Intxausti (Saltsamendi baserria), 1995 (1)
Miguel Aranberri (Elorriagagoikoa baserria), 1998 (2)
Kokagunea: 88-30
Adierakideak: Sagastizabal
Oharrak: Saltsamendi izena ez dirudi oso zaharra denik Zumarragan, XVIII. mendeko agirietan azaldu baitzaigu lehen aldiz gure miaketetan. Garai horretan Sagastizabal baserri deitura ezkutatzen hasi zenez, ordezkatze bat gertatu zela ematen du. Sagastizabal , gainera, inoiz Altuna eta Soraiz etxeen ondoan deskribatzen da (“Casa y casería de Altuna (…) que confinan con tierras y heredades de las Casas de Sagastizaval y Soraices”, 1775, HIPO5: 90), eta Saltsamendirentzat ere balio du deskribapen horrek.
1928an sute batek kalte handiak eragin zituen. Diotenez, menditik garoa ekartzeko erabilitako gurdiaren ardatza (zurezkoa) berotu eta su hartu zuen.