- Aitor euskal herritarra izateagatik eta ez beste ezergatik erail dute. Erabat gaitzesten dugu hilketa honen errealitatea desitxuratzeko edozein ahalegin.
- Aitorren hiltzaileak ez dira lau lagun, hala sinestarazi nahi diguten arren. Asko dira, eta oso ondo antolatuta daude. Alderdi faxistekin zerikusia izateagatik dira ezagunak herri honetan.
- Hilketa honetan erantzule asko daude. Kazetariak, zeinek, estatuan duten entzule-kopuru handiaz baliatuta, argi eta garbi kanpainak egin baitituzte, eta euskal herritarron aurkako sentimendu izugarria sortu; politikariak, jendaurrean arduragabekeria handiz egindako adierazpenekin jomugan jarri dituztelako herri honetako biztanleak, euskal herritar izatea beste deliturik izan gabe; kirol arloko buruzagiak, hiltzaileok finantzatu eta sustatu dituztelako, inork ez daki zer lortu nahian…
- Madrilen sortutako egoera beldurgarria izan zen. Frente Atletico guztiak, besoak altxatuta zituztela, euskal herritarron aurkako kontsigna xenofoboak oihukatu zituen, eta faxismo gogorrenaren garai onenetako eszenifikazio ikaragarria osatu, ezin konta ahala sinbolo faxista erabiliz.
- Guztiz gaitzesgarria izan zen Frente Atletico delakoak ez ezik, ia-ia estadio osoak ere euskal zaleekin izandako jarrera.
- Espainiako beste hainbat hiritan ere egokitu zaigu horrelako egoerak jasatea (Zaragoza, Gijon…), eta ikusten zen egunen batean iritsiko zela gertatutakoa.
- Ez zen inolako segurtasun neurririk izan, eta jendilaje hura nahierara aritu zen, zale txuri-urdinen artean izugarrizko beldurra eraginez.
- Segurtasun neurri ezin kaskarrago haien erantzuleetatik batek baino gehiagok aurkeztu beharko luke dimisioa.
- Salatu nahi dugu estadioaren inguruetan zeuden polizia nazionalek erakutsitako utzikeria eta profesionaltasun falta. Ez zuten ezertxo ere egin euskal herritarrak babesteko, segurtasun indarretako kideengatik 10 metro eskasera, jipoiak eta harrikadak jasanagatik.
- Deitoragarria iruditu zaigu zein erraz utzi duen gaia alde batera Kirol Indarkeriaren aurkako Batzordeak. Kalean gertatu zela esatea da errazena. Dudan jartzen dugu Madrilgoa hemen gertatu balitz erabaki bera hartuko ote zuten.
- Atletico de Madriden jarrera salatu nahi dugu: Realaren jarraitzaileok goizeko 1:30ak arte egon behar izan ginen estadioaren barruan, baina klubak instalazio guztiak itxi zituen, taberna eta komunak barne, eta, beraz, gutxieneko erosotasunik gabe egon behar izan ginen itxaronaldi luzean. Sarreren salmentan egindako iruzurra ere salatu nahi dugu: 6.000 pezeta ordaindu genituen hainbat zalek 4.000 ordaindu zituztenen lekuan egon behar izan genuen.
- Eskerrak eman nahi dizkiegu Euskal Herriko kirol klubei (Alaves, Osasuna, Eibar, Athletic) erakutsi duten elkartasun izugarria handiagatik; bereziki Athletici eta Athletic zale guztiei. Hain une gogor hauetan harro egoteko modukoak dira jokabide horiek, haurride izateaz harro egotekoak.
Azkenik, Aitor Zabaletaren duintasuna aldarrikatu nahi dugu, erail zuten gizatxarrena baino askoz handiagoa delako. Aitor beti izango da gure artean, eta klub eredugarri honen, jokalarien, tekniko guztien eta zuzendaritzakoen sinboloa izango da, guztiez ere erabat harro baikaude.
Honen bidez Realeko peñen besarkadarik beroena helarazi nahi diogu Aitorren familiari, Veronica emaztegaiari, eta haren lagun guztiei. Peñarik den artean, ez dira inoiz bakarrik egongo. Gora Aitor; Gora Reala; Gora Euskadi.
(Euskaldunon Egunkariaren erredakzioan itzulia).