-Nolakoa da motor kirolen mundua?
Praktikatzeko diru dezente behar denez, gogor samarra da. Hala ere, oporretara joateari, juergei… uko eginez eta lasterketetan jasotzen den diruaz hasieran aurrera egin daiteke. Behin maila batera helduz gero diru asko dago jokoan eta jende oso ezberdina ezagutzeko aukera dago. Iaz, adibidez, denboraldia hasi baino lehen talde indartsu batean sartzea lortu nuen, baina gero emandako hitza ez zuten bete eta talderik gabe gelditu nintzen. 97an nire prestatzailea izan zenarengana jo nuen eta honek berehala onartu ninduen bere taldean. Lehen lasterketan sponsorrik gabe parte hartu eta irabazi egin nuen. Hau dela eta, motor munduan ezaguna den Teo Martinek bere talderako fitxatu ninduen eta aurrerantzean ere berarekin aritu nahiko nuke.
-Zer nolako entrenamenduak burutzen dituzu?
Kotxean oso gutxi entrenatzen dut, urtean lauzpabost aldiz soilik. Zorionez ez dut denbora luzea behar azkar aritzeko. 10-15 minututan zehar berotzen aritu ondoren jada tentsioa eta abiadura lortu eta lehiatzeko prest nago. Bestalde, gimnasioko ariketak eta mendi bizikleta ere egiten dut. Korrika gehiago egin beharko nuke, baina ez dut oso gustukoa. Gainera, janaria zaindu beharra dut, pisua hartzeko erraztasuna baitut.
-Zer asmo duzu aurten?
Estatu mailako erresistentzia txapelketa aurrera atera behar dute eta bertan parte hartu nahi nuke. Nire iazko taldearen jabea da ideia aurrera ateratzeko lan egin duenetako bat eta taldean leku bat egingo didan zai nago. Lasterketa hauetan GT deritzan autoek parte hartuko lukete: Porsche 911, Chrysler Beeper, Ferrari 355, Lamborghini Diablo eta antzerako autoek. Nik segur aski Porsche 911 edo Chrysler Beeper-a gidatuko nuke. Auto hauek 600 zaldi inguru dituzte, orduko 300 kilometroko abiadura har dezakete eta 27 milioi inguruko balioa dute. Gehienak GT2 mailakoak dira, Le Mansgo 24 orduetan eta antzekoetan parte hartzen dutenen hurrengoak. Haiek GT1 mailakoak dira eta prototipoak dira. Gureak, berriz, eraldatutako serie kotxeak izango lirateke.
-Txapelketa honetan parte hartzeak guztiz asetuko al zintuen?
Nik betidanik izan dudan ametsa Le Mansgo 24 orduetan parte hartzea da. Sekula ez naiz formula auto batean aritu eta beste bide honetan behintzat aurrera egiten ari naiz. Izan ere Formula 1era iristea ia ezinezkoa da. Bertan hogei bat pilotu aritzen dira, hauetatik hamar dirua dutelako daude eta beste hamarrak oso onak dira eta dirua ere badute. Bidean pilotu bikainak gelditu dira diru faltagatik. Orain, adibidez, Pedro Martínez de la Rosa dabil lekua egin nahian. Repsolen laguntza du eta oso ona da, baina diru gehiago behar du oraindik. Formula 1ean aritzea teknikoki pilotu batentzat goi maila da, baina bertara iristeko zailtasunak ere goi mailakoak dira. Nire helburua diren erresistentzia txapelketetan gainera, esperientzia gaztetasuna baino gehiago baloratzen da.
-Ez al zaizu iruditzen motor kirolak baztertu samarrak daudela?
Nik uste ez dagoela lasterketen kulturarik. Jende askok ez daki lasterketa batean garrantzitsua dena baloratzen. Gehiago txalotzen da azkenak doazen bi autoen arteko txokea abiadura handian eginiko aurreratzea baino. Beasaingo igoeran parte hartu nuenean, adibidez, azken igoera denbora kontuan hartu gabe egitea erabaki nuen. Jendeak espektakulutzat duena egin nuen eta askok esan zidaten hirugarren igoera hau onena izan zela. Baina zailagoa da denbora ona egitea “zirkoa” egitea baino. Beste herrialdeetan ez da hau aintzat hartzen eta jendea lasterketetara hurbiltzeko gauza gehiago ere prestatzen dira. Holandan, adibidez, lasterketa guneen inguruan kontzertuak, barrakak… egoten dira eta lasterketek egun osoa irauten dute. Familia asko joaten dira egun pasa.
-Noizko zirkuitua Euskal Herrian?
Pribatua ezin da egin, defizitarioa baita. Instituzioek ere dirua jarri beharko lukete edo lursaila behintzat. Baina politikariek ez dute zirkuitu bat egin nahi bertan Euskadiko txapelketak ospa daitezen, kotxe edo motoen munduko txapelketa bat antolatu nahi lukete. Baina egun ezin da halakorik lortu, Catalunyan eta Jerezen ospatzen baitira. Nik uste zirkuitu txikiago bat egin beharko litzatekeela beste lasterketa batzuk antolatzeko, Albacetekoaren antzekoa. Zirkuitu bat egiteak, lehen aipatu dudan motorraren kultura zabaltzeko balioko luke. Bestalde, motor mundua atsegin duten gazteei ez zaie kirol hau praktikatzeko aukerarik eskaintzen. Ondo dago errepidean gehiegizko abiadura zigortzea, baina ordezkoak eskaini behar dira. Zirkuituak lasterketak egiteko, gidatzen ikasteko, norberak bere kotxearekin abiadan ibiltzeko… balioko luke.
-Bukatzeko, gustuko pilotua eta kotxea?
Gustuko pilotu asko izan ditut beti, guztiengandik dago zer ikasia. Prost eta Senna aukeratuko nituzke, nahiz eta guztiz kontrakoak diren. Bata oso hotza da eta bestea odolberoa zen. Oraintxe gidatu nahi dudan kotxea, berriz, Chrysler Beeper-a da. Erresistentzia txapelketan parte hartzen ari naizela esan nahiko luke.
Ibilbidea
1983: Moto lasterketetan hasi zen Ossa bat gidatuz.
1988: Istripu larria izan zuen Paben (Frantzia) eta besoko hezur guztiak hautsi zituen. Ondoren Sagardogi zenaren motorra prestatzen hasi zen. Yamaha ofizial batekin Superbikes txapelketan parte hartzera heldu ziren.
1993: Citroen AX txapelketan parte hartu eta lasterketa bat irabazi zuen.
1994: AX berria erosi eta bigarren egin zuen sailkapen orokorrean.
Errepide istripu bat izan zuen eta oraindik osatu gabe zegoela Citroen ZX bat erosi zuen hurrengo urterako.
1995: Lehen urtea ZX txapelketan. Zenbait postu on lortu zituen.
1996-97: Lehenengoen artean aritu zen ZX txapelketan, jada sponsor eta guzti.
1998: Serie autoen txapelketan irabazle. 3 lasterketa irabazi, bitan bigarren eta bakarrean erretiratu.
Izenez izen
Vilariño: Saltzaile ona, hemen dagoen onena. Europako bost igoera txapelketa irabazi ditu eta hori errespetatu beharra dago, baina bere burua oso ondo saltzen ere jakin du.
Carlos Sainz: Aparta da eta beste edozein kirol egin izan balu ere onenetarikoa litzateke. Hasieran nire iazko taldean ibili zen eta denek oso ondo hitz egiten dute berataz.
Criville: Oso ona da, baina nik uste Doohanek burua berotu diola. Lasterketa hasi baino lehen irabazten dio.
Schumacher: Pilotu onena, baina pertsona bezala ez dut gehiegi atsegin. Askotan ez ditu beste pilotuak errespetatzen.
Aitor Zabaleta: Errespetu handia zor diot. Kotxe zahar batekin oso ondo dabil eta bere espezialidean oso ona da.