Bestalde, toponimia liburua eskuratu nahi duenak bi herriotako liburudendetan eros dezake 3.000 pezetatan.
Aurkezpen ofiziala otsailak 19an izan zen Zumarragako Legazpi dorretxean. Aurkezpen ekitaldiko mahaian Euskaltzaindiako Onomastika batzordeko buru den Hendrike Knörr; Eusko Jaurlaritzako Xabier Aizpurua eta Josune Ariztondo; bi herriotako alkateak, Antón Arbulu eta Pello González; Loren Aristi, kutxako ordezkari gisa; eta nola ez, liburuaren egilea den José Luis Ugarte izan genituen. Ugartek Zintzo-Mintzoren babesa goraipatu eta liburua egiteko burututako bidea azaldu zuen, baita bide luze honetan bizitako esperientzia ezberdinak ere.
Euskaltzaindiako Onomastika Batzordeko kideak ere toponimia liburuaren aurkezpenean izan genituen, liburua beraien bilduman jasoa baitago. Zumarragara eginiko bidaia aprobetxatuz, Legazpi dorretxean hileko 3. ostiralean izaten duten bilera egin zuten. Hemen zenbait gai aztertu zituzten: Leioa, Kripan eta Lantziegoko zenbait dudazko kale izen, Zuberoako herri-izendegia, zenbait eskaera solte eta A-z hasten diren emakumezkoen euskal ponte izenak. Zumarragan Hendrike Knörr, Mikel Gorrotxategi, Andrés Iñigo, José Luis Lizundia, Juan San Martín eta José María Satrustegi izan genituen.
Bi herriotako baserritarrekin ere aurkezpen bereziak egin ziren liburu hau egiteko eskaini duten laguntza eskertzeko. Izan ere José Luisek bildu duen informazioaren zati handi bat beraiek eskainia izan da eta beraiek dira galtzear dauden toponimo asko eta asko gaurdaino gorde eta erabili dituztenak. Azken urte hauetan behar izan den guztietan José Luisi eskainitako laguntza eskertzeko otsailak 23, 24 eta 25ean Santa Barbara, Antio eta Agiñako elkarteetan bildu ziren baserritarrak, Ugarte eta Zintzo-Mintzoko kideak. Bertan liburuaren aurkezpena burutzeaz gain, azken urte hauetako elkarlanaz, liburuaz eta oraindik bildu gabeko toponimoak biltzeaz hitz egin zen.