Urte hasieran egutegia zehazten dute eta denboraldia martxoko lehenengo igandean hasi eta urriaren 12an bukatzen dute lagunarteko bazkari baten bidez. Helburu nagusia ondo pasatzea eta lagunarteko giroa sortzea denez, irteera guztietan geldialdia egiten dute hamaiketakoa hartzeko. Inguruetako lekuak ezagutzeko egiten dituzten irteerez gain, egun batzuetarako txangoak ere antolatzen dituzte. Honela, azken 20 urte hauetan Alpeetan, Piriniotan, Burgosen, Palencian, Leridan… ibili dira.
ZIKLOTURISTA KLASIKAK
Denboraldi haserako irteerek 50-60 kilometro inguru izaten dituzte eta denboraldi amaierakoek 130 inguru jada. Urtean zehar 2500 km inguru burutzen dituzte irteera ezberdinetan, baina astean zehar ere entrenatu beharra dagoenez asteburuko irteeran sasoian ibiltzeko urtean 7000-8000 km egiten dituzte.
Eurek antolatutako irteerez gain, gainontzeko taldeek antolatzen dituzten klasiketan ere parte hartzen dute. Iaz “Quebrantahuesos” famatuan lagun gehien bildu zituen elkartea izan ziren. Sekulako beroa egin omen zuen eta inoiz igo duten mendaterik gogorrena orduan igo zuten, Marie Blanque hain zuzen ere. Bestalde, Perico Delgado, Bilbao-Bilbao eta Miguel Indurain klasika famatuetan ere parte hartzen dute. Klasika hauetan kluben arteko konpetibitatea egoten omen da eta ez omen da behar adinako adiskidantza girorik sortzen.
Zikloturista taldearen batez-besteko adina gero eta altuagoa da eta orain jendea gehienbat 40 urtetik gora sartzen omen da taldean. Honen arrazoia gazteen gauean ateratzeko ohitura da euren ustez eta egun talde batetan zikloturista izateko ezkondua egotea ia ezinbestekoa omen da. Izan ere, parranda eta igandeko bizikleta irteera inkonpatibleak dira Goierri K.E.-ko zikloturisten ustez.
Bestalde, errepideetan bizikletan ibiltzea gero eta arriskutsuagoa dela onartzen dute. Hau dela eta guztiek asegurua egina dute. Errepideen egoeraz kexu dira: “Azken urte hauetan trafikoa asko hazi da eta errepideak berak dira, ez da bazterbide berririk egin. Bestalde, beste errepide bat egiten den bakoitzean zaharra zaintzeari uzten diote eta azkenean ez dugu guretzat hain lasaiak diren errepide zaharretan ere gustura ibiltzerik. Gainera, trafiko handia duten errepideak ere ez dira behar adina konpontzen, Eitzako igoera honen adibide garbia da”.
PASADIZO UGARI
Errepideetan dagoen arriskua handia bada ere, ez dute mendian ibiltzeko asmorik, “hemengo mendietan aldapak oso gogorrak dira eta jaisteko trebezia handia ere behar da. Gainera, mantsoago ibiltzen zarenez, denbora berean leku gutxiago ezagutu ditzakezu”.
Hainbeste urtetan jai egun orotan bizikletan ibili ostean, hamaika gorabehera konta ditzakete Goierri K.E.ko zikloturistek. Behin Lleidan zeudela parke natural bat zeharkatzea erabaki zuten. Elurra egongo zela eta ez igotzeko aholkatu zieten, baina behin Franco bertara igotzeko gai izan omen zen eta beraiek ez zeuden gutxiago izateko prest. Bizikleta bizkarrean hartu eta gorantz abiatu ziren. Sei ordu pasa zituzten hankak elurretan sartuta, errekak oinez zeharkatzen… eta ondoren beste 100 km. zituzten bizikletaz ostatu hartu zuten lekura itzultzeko. Hala ere, honek ez zien bizikletan ibiltzeko zaletasuna kendu, ordutik hona kilometro mordoa egin baitituzte eta aurrerantzean ere hala jarraitzeko asmoa baitute.