Zer moduz lehen urte hau Realaren bigarren taldean?
Jubeniletik 3. mailara dagoen aldaketa nagusia erritmoarena da. 3. mailan jokalariak beteranoagoak dira eta azkarrago jokatzen dute. Bestalde, entrenatzailea ere berria da niretzat eta taldean aurrelari asko eta onak gaude. Denboraldi hasieran aulkian egotea egokitu zitzaidan eta asko kosta zait haserako hamaikakoan sartzea, baina entrenatzaileari erakusten ari naiz hasieratik jokatzeko gai naizela.
Nola ikusten duzu taldea?
2. B mailara igotzea da gure helburua eta denboraldi hasieratik erakutsi dugu horretarako gai garela. Oso partida gutxi galdu ditugu eta bigarrenari puntu askotako abantaila diogu. Dena den, azkenaldi honetan pixka bat makalago gabiltza, nekearen eraginez, nik uste. Hala ere, oraindik ligan gelditzen diren partida guztiak irabazten saiatuko gara eta nik uste aurten 2.B mailara igotzea lortuko dugula. Baina oso zaila izango da, aurkariak ligakoak baina hobeak izango baitira eta denboraldi osoko lana partida gutxitan erabakitzen baita.
Zein da zure helburua datorren urterako?
Lehen helburua bigarren taldean titular izatera heltzea da eta behin hau lortu ondoren balio dudana erakustea. Aurten kalte handia egin dit, iaz jubenil mailan golegile nagusia izanik 43 golekin, bat-batean eserlekuan egoteak. Baina nire ustez entrenatzaileak badaki golak egiteko ahalmena dudala eta konfidantza eta minutuak eskainiz gero forma hartu eta golak sartuko ditudala. Nire helburua 1. mailan jokatzea da eta denborarekin lehen taldean jokatzeko aukeraren bat izango dut.
Hainbeste atzerritar egoteak ez al dizue bidea ixten?
Denontzat hobe litzateke Realean atzerritarrik egongo ez balitz, baina hau ez dago nire esku. Nire ustez 2. taldeko jokalariak hemendik urte batzuetara 1. mailan jokatzeko gai izango garela erakusten ari gara. Aranburu jokatzen ari da, Barkero eta Sergi Franciscok ere aukeraren bat izan dute… bigarren taldean guztion artean egin dugun lan onari eta euren ahalmenei esker.
Lehen taldeaz ari garenez, ez al duzu aurten makal samar dabilela uste?
Ez dabil oso ondo, ez. Talde guztiak indartsuak direla argi dago eta oso zaila da edozein partida irabaztea, baita sailkapenaren behealdean daudenen aurka ere. Dena den, argi dago iaz baino okerrago jokatzen ari dela. Hala ere, nik uste azkenean 6 lehenengoen artean geratuko dela eta gutxienez UEFAn sartu.
Futbolean jokatzeaz gain, ikasten ari al zara?
Nazioarteko merkataritza ikasi nuen eta goizetan Legazpiko GSBn praktikak egiten ari naiz. Astearteetan ezik, ez baitugu entrenamendurik, arratsaldero taxiz Zubietara eramaten naute. Egia esan, gusturago nago etxean Donostian pisuan egonda baino. Azken udako aurre denboraldian, goiz eta arratsaldez entrenatzen genuen eta beraz Donostian izan nintzen pisu batean. Orduan ikusi nuen etxean bezala ez dela inon egoten.
Bukatzeko, zein jokalari duzu bereziki gustuko?
Amak esaten didanez, txikitan Quini oso gustuko nuen eta beti bera bezalako izan nahi nuela esaten omen nuen. Egun ez dut bereziki atsegin dudan jokalari bat. Ilie Valenciara joan zenean, adibidez, txunditu egin ninduen. Baina urtero liga ikusi ahala jokalari berriak atsegin ditut: Rivaldo, Denilson… Kovacevic ere sekulako jokalaria dela uste dut. Buruz paregabea da eta oso langilea ere bai. Madrileko kamiseta jantzi izanak sortu zuen iskanbilak kalte egin dio.