Zumardi elkartekoak egunero ateratzen dira elkartetik arratsaldeko zazpiak inguruan zenbait txikito hartzeko. Guk Luis, Marino, “Tinin”, Pedro, “Pakito” eta Javierrekin hitz egin genuen. Astegunetan bospasei lagun elkartzen dira eta beraiek “la corta” deitzen dioten ibilbidea burutzen dute: Bidezar, Piedad eta Eliz-Kaleko tabernetan ibiltzen dira. Asteburuetan, berriz, ibilbide luzeagoa burutzen dute eta Legazpi kalera jaisten ere “ausartzen” dira. Marino jubilatuta dago eta bazkaldu baino lehen ere bere erronda-txoa egiten du, baina Urretxuko tabernetan aritzen da elkartetik kanpoko beste lagun batzuekin. Txikiteoaren helburua “jendearekin elkartu eta pixka bat hitz egitea da, laneko gorabeherez pixka bat ahazteko. Gure hizketaldiko gai nagusiak pilota eta futbola dira. Emakumeez ez dugu hitz egiten, baina aurrean jarriz gero elkarri adarra jotzen aritzen gara”.
Marinok izan ezik, beste guztiek ardo berezia hartzen dute, baina halere, ez dira salneurriaren igoeraz kexu “hemen igoera ez da beste zenbait tokitan bezain handia izan eta beraz, oraindik ez gaitu gehiegi kezkatzen”. Txikiteoa hasi baino lehen pintxoren bat jateko ohitura ere badute “etxetik presaka atera eta batere jan ez badugu, lehenengo tabernan pintxoren bat jaten dugu txikiteorako sabela prest edukitzeko”.
Garai bateko txikiteoa ezberdina omen zen: “lehen koadrila bakoitza bere tabernan elkartzen zen eta partidatxoa jokatu ondoren poteatzera ateratzen ginen. Gero elkarteen sorrerarekin koadrila ezberdinak elkartu ginen. Lehen txikiteoan abesteko ohitura handia genuen. Dena den txikiteoa ez da hain gauza zaharra gure ustez, duela 40 urte ez zegoen egunero ardoak hartzeko ohiturarik”.
Txikiteoa galdu egingo dela ziur daude “gu izango gara azkenak. Medikuak egun guztian beldurra sartzen aritzen dira eta egungo gazteek ez dute ardoa hartzeko ohiturarik. Gazteek asko edaten dutela esaten da, baina gure ustez gure garaian gehiago edaten genuen”.
Etxe-Azpi elkarteko lagunekin elkartean bertan egon ginen. Euren burua ez dute txikitero peto-petotzat hartzen, baina sarritan joaten dira txikito batzuk hartzera lanetik irten ondoren. Hala ere, koadrila osoa asteburuetan soilik elkartzen omen da. Ibilbidea arratsaldeko 7:30ean hasten dute Kalebarrenen eta ondoren Urretxuko Avenida inguruko tabernetara joaten dira. Euren ustez “txikiteoa gauza ona da lana egin ondoren lasaitzeko eta lagunekin egon ahal izateko.” Orohar denetatik hitz egiten omen dute txikiteoan, baina 5. txikitora arte ez dela elkarrizketa gairik ateratzen esan zuten txantxetan. Normalean ardo arrunta edaten omen dute eta norbaiti berezia eskatzea otutzen bazaio errieta egiten omen diote. Ardo arrunta edaten dutenez, txikitoaren igoerak ez die kalte handirik egin, “denominación de origen Barrendiola ez da asko igo, erreserbak dira asko igo direnak”.
Arrazoi honengatik eta beste batzuengatik txikiteoa desagertu egingo dela uste dute. Lehen jende gehiago ibiltzen omen zen txikiteoan eta ostirala bitartean jende gutxiago ibiltzen omen da. “Orain jendea ostiraletan elkartzen da. Bestela ere txikiteoa desagertu egingo da. Gero eta jende gehiago elkarteetan biltzen da eta botila batzuk zabaldu eta bertan edaten dute. Guk, hala ere, ez dugu halako ohiturarik”. Ohitura honen zaleak ez direla argi ikusi genuen, beraiekin elkartean egon ginenean partidatxoa jokatzen ari ziren bitartean ez baitzegoen edalontzirik mahai gainean.
Jose Mari, Miguel, Joxe eta Benito Gibelurdin elkarteko lagunak dira. Egun sei lagun inguruk zapatu eta igandez bakarrik txikiteatzen dute goiz eta arratsaldez Urretxuko aldapa inguruko tabernetan. Duela urte batzuk egunero dozena bat txikito hartzen omen zituzten eta Kalebarrenera jeitsi ere bai, baina adina dela eta ez omen dute jada lehengo sasoirik. Txikiteatzeko ere sasoian egotea beharrezkoa omen da. Orain elkartean bildu, partidatxoa jokatu eta mokaduren bat jaten dute bultza egiteko ardo pixka batekin.
Txikiteoa lagunekin elkartu eta herriko gaien berri izateko egiten omen dute, “denetatik hitz egiten dugu, baina batez ere herrian gertatzen diren gauzetaz jarduten gara”. Ardo arrunta edaten dute, eta euren esanetan “lehenengo ardoa ez da gustura edaten, baina ohitura ardoa edatea da eta betidanik hala egin dugu. Ez dugu behin ere pentsatu beste ezer edatea, nahiz eta lagunekin egoteko balioko lukeen. Beste ezer edan baino, hobe gutxiago edatea”.
Ardoaren prezioaren igoera gehiegizkoa izan dela diote, “baina benetako txikiteroek, haserretu arren, ez diote ardoa edateari utziko. Txikiteoa desagertu egingo da, baina gazteek ohitura jarraitzen ez dutelako. Egun bospasei koadrila inguru bakarrik ikusten dira herrian egunero txikiteatzen. Guk asteburuetan behintzat jarraituko dugu”.