Aurten Erreala, Athletic, Osasuna, Eibar, Alaves, Martutene, Idiazabal eta Urola taldeek parte hartuko dute. Inguruko talde gehiago eta iaz aritu zirenak ere gonbidatzeko asmoa zuten, baina denek baiezkoa eman dutenez urtero Zumarragan izan diren Martutene eta Idiazabali lehentasuna eman diete.
Beharbada datorren urtean txapelketa arratsaldera ere luzatuko dute etorri nahi duten talde guztiei aukera emateko eta Euskal Herritik kanpoko taldeak ere ekartzeko. Aurten Barcelona taldea ere gonbidatu dute Urolakoek, baina azkenean ezin izan da etorri.
Taldeetan 8 jokalari egongo dira eta partidu bakoitzak 20 minututako iraupena izango du. Finalak, ordea, ordu erdi iraungo du. Launa taldez osaturiko bi multzo egongo dira eta ligaxka jokatu ondoren, multzo bakoitzeko bi onenek gurutzaturiko final erdiak jokatuko dituzte. Lehen multzoan Erreala, Alaves, Idiazabal eta Urola izango dira eta bigarrenean, berriz, Athletic, Osasuna, Eibar eta Martutene. Egun Urolaren txapelketa 1. urteko infantilek Euskadi mailan duten txapelketa garrantzitsuenetakoa da eta urtero-urtero jende asko hurbiltzen da Argixaora etorkizuneko futbol izarrak izan daitezkeenak ikustera.