Urretxuko Udalak, herriko seme duen Jose Mari Iparragirreren pertsona eta hark egindako lana ezagutarazi eta goraipatu nahian, azken urte hauetan hainbat proiektu burutu ditu eta beste batzuei laguntza eman die. Kizkitza Ugarteburu herritarrak iaz urte erdiko ikerketa burutu zuen eta bertan bere biografia eta bibliografia bildu zituen, Iparragirreri buruz dauden eskutitz, argazki eta beste zertifikatuekin batera. Lan hau Urretxuar kantariaren omenezko museoa eta beste zenbait egitasmo bultzatzeko erabili nahi da. Bestalde, udalak Iparragirreri buruzko liburua argitaratzeko laguntza eskaini dio Gontzal Mendibili. Liburuak 2 tomo ditu eta ekainaren 22an aurkeztuko da Urretxuko udaletxean.
Euskaldunon Egunkariak, Iparragirreren inguruko lan horren garrantziaz jabetuz, artikulu bat argitaratu zuen. Natxo de Felipek, Oskorri taldeko abeslariak, artikulua irakurri eta bertako udalarekin harremanetan jarri zen. Herritarrek Iparragirreren kantuak abestuz eta beraiek musika joz, Urretxun kontzertua egiteko proposamena luzatu zion udalari.
Oskorrik, euskal abeslari desberdinen kantu zahar edo tradizionalak kaleko jendearen eskuetara hurbildu eta hauen ahotsaz eta beraien musikaz lagundurik, kontzertuak eskaini eta grabatu izan ditu orain arte. Oraingo honetan, berriz, Jose Mari Iparragirreren kantu eta olerkiekin kutsu bereko kontzertua Urretxun eskaintzea du asmoa. Guztira 23 kantu abestuko dira eta hauetatik 6 musika ezagunik gabeko Iparragirreren bertso-sailak dira. Oskorri 6 kantu hauei musika jartzeaz arduratu da: “Jaungoikoa eta arbola”, “Ez bedi galdu euskara”, “Mendi maiteak”, “Nafarroa alkarkidari”, “Bilbao eta fueroak” eta “Mozkorraren kanta”. 23 kantu hauek inoiz ezagutu ez den Iparragirreren errepertoriorik seguru eta zabalena osatzen dute.
Kantu hauek estiloaren arabera sailkatu dira eta formazio ezberdinetarako banatu dira. Horrela batzuk Urretxuko bandarekin jotzeko konpondu dira, beste batzuk orkestrarekin, txistulariekin, dultzaineroekin, trikitilariekin…Urretxuko musikalari guztiek parte hartzea bilatu da eta herriko abesbatzari ere leku berezia gorde zaio. Hilaren 26ko ekitaldia primerakoa izan dadin maiatzaren 30ean Oskorrirekin entsaiua izan zuten denek Pagoeta Antzokian.
Kontzertuan kantatu behar duten herritarrek abestu beharreko abestiak ezagutu eta ikas ditzaten; bi herriotako ikastetxeetan, Kultur Etxean, liburutegietan eta kultur elkarte ezberdinetan abestu beharreko kantak biltzen dituen liburuxka banatu da.
Baina ekainaren 26ko kontzertua ez da kontzertu arrunta eta aurrera ateratzeko egindako ikerketa lanak Iparragirreren bertso eta kantuei buruzko hainbat eztabaida behingoz argitu ditu. Horretarako Iparragirreri buruz argitaratu den guztia ondo aztertu da: garai hartako aldizkari garrantzitsuenak arakatu dira (Euska Erria, Revista Euskara…), orduko kantutegi nagusienak ondo miatu dira (Santestebanenak, Manterolarenak…), Euskaltzaindiako Bibliotekan arakatu da eta bizirik dauden Iparragirreren obraren ikertzailerik nagusienei galdetu zaie. Hona hemen ikerketa lan honek eman dituen hainbat emaitza:
- ”Ezkongaietan” eta “Beltzarana” kantu ezagunak ez dira, uste zen bezala Iparragirrerenak.
- ”Ume eder bat” kantuaren testua Iparragirrerena bada ere, musika Santesteban maisuarena da, orain arte uste zenaren kontra.
- Euskal Herri osoan ezagutzen ez diren Iparragirreren hiru kanta topatu dira: “Xardina berriak”, “Mairuren bandera” (Antzuolan soilik kantatzen dena) eta “Aloña Mendi (Oñatin soilik kantatua).
- Azken kantu honen bitartez frogatzen da, bertsolarien artean hain ospetsua den “Iparragirreren boza” izenez ezagutzen den doinua Iparragirrerena dela eta ez, askok esaten zuten moduan, Xenpelarrena.
- ”Glu, glu, glu, glu” eta “Errukari” kantu famatuen lehenbiziko bertsoak Iparragirrerenak badira ere, gehienak Jose Artola bertsolari donostiarrarenak dira.