Zer ibilbide jarraitu duzu orain arte eskubaloi munduan?
Ahizpa bezala Urolan hasi nintzen eta ondoren Arraten eta estatuko federazioaren proiektuan ere egon nintzen urte batzuetan. Duela bi urte Eldara etorri nintzen, ohorezko mailan jokatzera. Azken urteotan estatuko talde garrantzitsuena izan den Milar L’Elianna talde balentziarraren eskaintza ere izan nuen, baina bertan ez nuen hainbeste jokatuko eta Eldara etortzea erabaki nuen.
Nola joan da denboraldia?
Denboraldia ondo hasi nuen, baina abenduan belauneko lesio larria izan nuen eta honek geldiarazi ninduen. Dena den, orain osaturik nago eta datorren denboraldirako ilusio handia dut. Taldeari dagokionez, liga irabaztea oso zaila den arren, denboraldia ez da bereziki gogorra izan. Nesken eskubaloiko ohorezko mailan lau talde indartsu soilik gaude eta gure arteko partidak izaten dira gogorrenak. Ez genuen irabaztea espero, azkeneko urteotan beti L’Elianna taldeak irabazi baitu liga. Hala ere, aurten ezustekoa eman eta gu nagusitu gara. L’Eliannakoek ez dute galtzen jakin eta epaileen lanari egotzi diote errua.
Zer moduzko giroa bizi da Eldan?
Oso gustura daude lortu dugunarekin. Herriko kirol talde garrantzitsuena gara eta sekulako harrera egin ziguten titulua lortu genuenean. Herri guztia kalera atera zen guri ongi etorria ematera.
Bestelakoan, zer moduz Eldan?
Zumarraga nire herria da eta faltan somatzen ditut gauza asko. Hala ere, Eldan oso gustura nago. Bertako jendeak oso harrera ona egin dit eta lagun asko egin ditut. Jendeak kalean gelditu eta lesioaz osatu naizen galdetzen didate…
Nolatan suertatu zitzaizun bertara joateko aukera?
Ni Arraten nengoen eta talde hau desagertu egin zen. Elda taldeko entrenatzaileak ezagutzen ninduen eta bertara joatea eskaini zidan. Nahiz eta gogorra den etxetik hain urrutira joatea, saiatu beharra nuen eskubaloi munduan aurrera egin nahi banuen. Hemengo eskubaloi taldeak estatuko indartsuenak baitira. Eldan igaro dudan denboran jokalari bezala dezente hobetu dudala nabaritu dut.
Herrian zuk lortutakoa oharkabean pasa dela iruditzen zait.
Beno, nesken kirolaren egoeraren ondorioa dela uste dut. Komunikabideetan ez zaio mutilen kirolari bezainbeste garrantzi ematen. Gainera eskubaloiak ez du beste kirol batzuen indarra, nahiz eta Iñaki Urdangarinen kontuak mesede pixka bat egin dion. Gure taldean ere, jokalari guztiak ez gara profesionalak eta horretan zortea dut, soldata truke jokatzen ari naizenetakoa bainaiz.
Liga irabazi ondoren, erronka berririk ba al duzu?
Beti dago erronka berriak aurkitu beharra, bestela utzi egingo nuke. Eskubaloian ahal dudan guztia lortu arte lanean jarraituko dut. Ziur naiz gainera lortuko dudala, izan ere konfidantzarik gabe nekez lor daiteke norberak bere buruari eskatzen diona. Hurrengo erronka estatuko selekzioan lekua lortzea da. Lehenago ere konbokatua izan naiz, baina lesioa dela eta, orain nire lekua berreskuratu beharra dut. Dena den, jada ezagutzen naute eta uste dut niganako konfidantza dutela. Bestalde, lesioa dela eta, ezin izan dut Euskadiko selekzioak aurten jokatu dituen partiduetan parte hartu. Ea datorren urtean aukera dudan.
Datorren denboraldian Europako taldekako txapelketa nagusia ere jokatuko duzue…
Bai, aurten ere EHF txapelketa jokatu dugu (futbolean UEFA dena) eta final laurdenetara heltzea lortu dugu. Ea Europako kopan ere kanporaketa batzuk pasatu eta beste leku batzuk eta euren eskubaloi prestaketa ezagutzeko aukera dugun.
Izan ere, nesken eskubaloian herrialde indartsuenak Europa erdialde eta iparraldekoak dira eta guretzat oso garrantzitsua da talde horien aurka jokatzeko aukera izatea.
Estatutik kanpora jokatzeko aukera suertatuko balitzaizu, joango al zinateke?
Iaz EHF txapelketa irabazi zuen talde hungariarrak bertara jokatzera joateko eskaintza egin zidan, baina oraindik 20 urte besterik ez ditut eta ez nuen hain urrutira joateko kemenik. Dena den, etorkizunean eskubaloi munduan aurrera egiteko urrutira joan beharra badut, horretarako prest naiz.