Zarauztarrak indartsuago hasi ziren eta ia partidu guztian zehar irabazten joan ziren, 6 goletako errenta ere izan zuten. Hala ere, Urolako jokalariek ez zuten fedea galdu eta borrokan jarraitu zuten. Askotan bihotzarekin buruarekin baino gehiago aritu baziren ere, Andueza atezainaren geldiketek taldea suspertu eta kemenez berdinketa lortu zuten bost minutu falta zirela. Azken bost minutuetan berdinketak bata bestearen atzetik etorri ziren. Markagailuan hogeita bosnakoa zela sartu ziren azken minutuan. Baloia zarauztarren esku zegoen arren, Urolak falten bidez euren erasoak gelditzea lortu zuen. Denbora beteta zela, Zarauztarrek azken falta jaurtitzeko aukera izan zuten. Ispilla kiroldegian tentsioa izugarria zen, ordura arteko iskanbila isiltasun bihurtu zen, eta zarauztarren jaurtiketak hesian jo zuenean eromena heldu zen.
Jokalariek ordura arteko tentsioa askatzeko aukera izan zuten eta lurrean botata zeudela besarkadak eta bizkarrekoak bata bestearen atzetik heldu ziren. Ondoren, Urola taldearen hori eta urdinaz apaindurik zegoen Andueza sendiaren furgonetan bi herriotan zehar garaipena ospatu zuten. Ondo merezitako parranda igandea egun argiz zela amaitu zen.
Hauek dira igoera lortu zen egunean parte hartu zuten jokalariak: Tomás Andueza, Iñaki Aranburu, Iñigo Cantero, Iban Cortés, Iñigo Garrido, Francisco Javier Godoy, Gorka Mendia, Miguel Angel Mendiola, Miguel Pérez, Rafa Ramos, Iker Soraluze eta Pablo Toral. Zorionak Urola taldearen eskubaloi saila osatzen duzuen guztioi!