Zeintzuk dira abentura kirol honen ezaugarriak?
Salomonek antolatzen duen X-Mountain zirkuituaren barne 8 froga daude. Bakoitzean ibilbide bat bete behar da kirol ezberdinak eginez: mendian ibili, mendi bizikleta, barranku jaitsiera, kanoa eta espeleologia; denak ere orientazioa erabiliz bete behar dira. Frogak burutu behar direneko lekuan kanpamentu bat egoten da eta bertara heltzean “road book”a prestatu behar da. Bertan gure materiala eta zertifikatu guztiak zehaztu behar ditugu antolatzaileek baldintza guztiak betetzen ditugula ziurtatu dezaten. Hurrengo egunean, hasi baino pixka bat lehenago, bete beharreko ibilbidea zein den erakusten digute. Iparrorratza erabiliz tramu ezberdinak bete behar ditugu eta kontrol postu guztietatik pasa, bakoitzean kirol bat eginez, eta ahalik eta bide egokiena topatuz. Irabazlea ibilbide guztia egiten denbora gutxien behar duena da. Taldeak laukoak izaten dira eta hiru beti elkarrekin froga ezberdinak betetzen joan behar dugu. Kirol espezialidadez aldatzean errelebu bat egin dezakegu.
Nolatan suertatu zaizue ETBrentzat erreportaiak grabatzeko aukera?
Dirudienez Crédit Agricole eta Bankoa bankuak fusionatu egin dira. Euskal Herrian publizitatea egiteko ETBri gure kirola egiten duen talde bat aukeratu eta dokumentalak egiteko eskatu diote. Dokumental hauek Gavarnien grabatu ditugu ekainean eta udan ETBn eskainiko dituzte. Gure patrozinatzaileak Arrasate Kirolak, Astore eta Ternua dira eta kirol ezberdinak burutzeko behar dugun tresneria eta erropa eskeintzen digute. Hala ere, Gavarniera egin dugun azken bidaia honetan Crédit Agricolek ere lagundu digu bidaia eta egonaldia ordainduz. Laguntza hauek guztiak oso ondo datoz, kirol hau nahiko garestia baita. Janari berezia erosi beharra dugu, taldearen izen-emateak 50.000 pezeta inguru balio du, furgonetak alokatu behar ditugu, bizikletak konpondu…
Zer nolako giroa izaten da lehiakideen artean?
Leku guztietan bezala, era guztietako jendea izaten da, baina oro har oso giro ona izaten da. Talderen batek arazoren bat badu, elkarri laguntzen diogu. Leku oso ezberdinetako jendea biltzen gara: Finlandiarrak, austriarrak, frantsesak… baina gehienbat Katalunian dago sustraitua kirol hau. Euskal Herriko gero eta talde gehiagok ere parte hartzen dugu. Azken egunean denok bazkari bat egiten dugu elkarrekin eta bertan asteburuan bizitako pasadizoak kontatzen aritzen gara. Kirol honi esker lagun asko egiteko aukera izan dugu.
Aurrerantzean zer helburu dituzue?
Gure helburua geroz eta hobe ibiltzea da Baina oso zaila da, lehiaketan lehenengoen artean aritzeko egunero kirol hauek prestatu beharra dago. Txapelketa hauetara joaten diren zenbait talde profesionalak dira eta euren patrozinatzaileek baldintza egokiak eskaintzen dizkiete. Guk, lana dela eta, ezin dugu hainbeste entrenatu. Normalean entrenamenduetan bizikletan eta mendian ibiltzen gara Santa Barbaratik gora. Zenbaitetan Pirinioetara ere joaten gara. Kanoan, berriz, ezin izaten gara hainbeste aritu. Txingudi aldera joan izan gara, baina ezin gara Irunera askotan joan. Gure asmoa aurten lau frogetan parte hartzea eta Finlandiara joatea ere bazen, baina ezin izango dugu. Aurre-inskripzioa bete genuen arren, dirua aldez aurretik ordaintzea ahaztu zitzaigun eta ez gaituzte onartu. Hau dela eta, udan Alpeetara joango gara bizikletaz soilik burutzen den Iron Bike frogan parte hartzera.
Kirol hau dirudien bezain arriskutsua al da?
Istripu txikiak izan ditugu, baina ez da jendeak uste bezain arriskutsua. Behin Unai erori eta belaunean mina hartu zuen eta beste behin itsasoan kayac frogan geundela hipotermia bat izan genuen. Baina honelakoak gutxitan izaten dira eta ez oso larriak. Kontuan izan behar da antolatzaileek euren irudia zaindu beharra dutela eta ez zaiela istripurik egotea komeni. Ibilbidean gune arriskutsuren bat badago oso ondo aseguratua egoten da. Inguru hauetan bizikletan ibiltzea arriskutsuagoa da.
Komunikabideek zer nolako jarraipena egiten diote zuen kirolari?
X-Mountain zirkuitua sekulako muntaia da eta bertan komunikabide askotako kazetariak izaten dira. Canal+eko Transworld Sport saioan sarritan ematen dituzte erreportaiak eta naturarekin harremana duten kiroletan espezializatuak dauden aldizkarietan ere artikulu ugari idazten dira. Behin kobazulo batean sokatik zintzilik jaitsi eta behean kazetari bat zai nuen. Kobazuloan zer topatzea espero nuen galdetu zidan, kazetari bat ez nuela espero esan nion.
Beste pasadizorik ere izango zenuten…
Beno, ETBkoekin erreportaiak grabatzea nola lortu dugun ere berezi samarra izan da. Beraiek lehenengo Bilboko talde bati deitu zioten telefonoz, baina hauek erdaraz erantzun zutela ikusi zutenean eseki egin zieten. Ondoren Mikel Navarrori deitu zioten eta honek euskaraz erantzun zienez eta jende euskalduna behar zutenez, guri eskaini ziguten erreportaia egitea.