Zer dela eta antolatzaile taldearen aldaketa?
Orain arte Goierriko Itzuliaren antolaketa pertsona bakar baten esku egon da eta arazoak izan dira. Ordainketak urte batetik bestera egiten ziren eta talde eta aterbe batzuei dirua zor zitzaien. Txirrindularitza taldeei dopingaren aurkako kontrol guztiek negatibo eman dutela ikusi ondoren, abendurako, ordaindu behar zaie eta ez da hala egin. Hau dela eta, zenbait taldek ez zuten jada Urretxura etortzeko gogo handirik eta antolatzaile talde berriko partaideok hau guztia aldatu nahi dugu.
Zeintzuk osatzen duzue antolatzaile talde berria eta zer aldaketa dakarzue?
Goierri K.E.ko zazpi lagunek osatzen dugu eta ideia berriak aurrera ateratzeko gogo handiarekin gatoz. Horretarako Urretxuko udalaren, Gipuzkoako txirrindularitza federazioaren eta patrozinatzaileen laguntza handia izan dugu. Gure asmoa aurtengo abendurako orain arte pilatu den zorra eta aurtengo gastuak ordainduak izatea da. Bestalde, laguntza eskaini behar diguten merkatal etxe guztiei eta udalari diru gastu eta sarrera guztien berri zehatza emateko asmoa dugu. Baina kontuak garbi eramateaz gain, itzuliari merezi duen irudia ere eskaini nahi diogu. Hau dela eta, muntaia profesional mailako lasterketek duten antzekoa izan da: Gernikako Arbola enparantzan sinadura kontrola ezarri da alokaturiko kamioi berezi batean, txirrindulariak eroso egon daitezen aulkiak eta estalkiak jarri ditugu, antidoping kontrola Gurutze Gorriaren kamioi batean egin da, helmugako hesiak txirrindularitza lasterketetan erabiltzen direnak izan dira, helmugako pankarta puzgarria… Txikikeriak diruditen hauek guztiek lasterketaren irudia hobetu eta seriotasuna erakusten dute.
Lasterketari dagokionez, zer aldaketa izan ditu aurreko urteekiko?
Esan bezala, antolatzaile berriak itzuliari irudi berria emateko gogoz lanean hasi gara eta lasterketak berak ere berrikuntzak izan ditu. Aurten etapa guztiak Goierri elkartearen parean, Labeaga kalean, hasi dira. Helburua itzulia antolatzen duen elkarteari bere lekua eskaintzea izan da. Bestetik, lehenengo etapa estrainekoz Zumarragan amaitu da. Honen arrazoia oso sinplea da: Goierri elkarteak dituen sekzio ezberdinetan Urola Garaiko gazte ezberdinek parte hartzen dute eta elkartea hazten joan den heinean eskualde mailako bihurtu da. Itzulia bera ere eskualde mailako bihurtu nahi dugu eta beste urte batean Legazpi edo Ezkio-Itsasoko udalek etapa bat bertan amaitzea eskatuko baligute kontuan izango genuke. Beste aldaketa garrantzitsu bat bigarren etapan kokatu dugu: Urretxuko Aldapako tabernen ekimenez Santa Barbaran amaitu da. Oso etapa amaiera polita izan da. Bestalde, merkatal etxeei gure esker ona erakusteko lasterketa gehiagotan pasa da Urretxutik.
Zer nolako esperientzia izan da itzulia lehenengoz antolatzea?
Oso lan gogorra izan da. Martxoan hasi ginen lanean eta azken bi hilabeteotan ia egunero bilerak izan ditugu. Lasterketaren egunetan 50-60 pertsona inguruk lagundu digute hesiak prestatzen, helmuga eta irteerako muntaian, bidegurutzeetan… Goierriko Itzulia antolatzeak lan handia eskatzen du, baina merezi du. Aspalditik antolatzen den itzulia da eta egun Bidasoako Itzuliarekin batera Gipuzkoan afizionatu eta 23 urte azpiko txirrindularientzat antolatzen den itzuli bakarra da. Aurten estatu mailako talde nagusiak Urretxura ekartzea lortu dugu, Banesto eta Kelme barne, eta Urretxu eta Zumarragako udalak, Federazioa eta merkatal-etxeak ere gurekin primeran portatu dira. Gure esker ona erakutsi asmoz beraien izenei ahalik eta oihartzun zabalena eskaini diegu.
Bukatzeko, Goierriko Itzulia txirrindularitza atalaren lanetako bat besterik ez da…
Hala da. Goierri K.E.ren txirrindularitza sailaren eguneroko lana gazteen txirrindularitza zaletasuna suspertzera zuzendua dago. Horretarako hiru talde ditugu. Construcciones Metálicas Urretxuk babesten duen txirrindularitza eskolan 13 urte azpiko gazteak aritzen dira, Hiercorrek 1. mailako kadeteen taldea babesten du eta Asirautok 2. mailako kadeteen taldea. Gure asmoa, babesle berria lortu eta etorkizunean jubeniletako taldea ateratzea da. Txirrindularitza Goierri K.E.an jorratzen dugun kirol garestiena da eta batez-beste gazte bakoitzari jantzi aproposak, fitxa eta joan-etorriak ordaintzea 80.000 pezeta inguru kostatzen da. Hala ere, azken urte hauetan kirol honekiko zaletasuna asko hazi da eta gazte hauek txirrindularitzan gustura ikusteak lan hau guztia egitea merezi du. Jubenil eta afizionatu mailako taldeak ateratzea asko gustatuko litzaiguke, txirrindulari gazteekin urte gehiagotan jarraitzeko aukera emango bailiguke.
Jesus Mujika urretxuar txirrindularia zenari omenaldia
Aurten Goierriko itzuliaren etapak Jesus Mujika Errasti jaio zen etxearen aurrean hasi dira. Era honetara omenaldi txiki bat egin nahi izan zaio duela 50 urte Bordele-Paris klasika irabazi zuen eta handik gutxira kotxe istripuan hil zen urretxuar txirrindulari kementsu honi. Bordele-Paris klasikak 586 kilometro zituen (erraz esaten da) eta Jesusek 17 ordu behar izan zituen, 35 kilometro orduko abiaduran, lasterketa amaitzeko. Garai hartako bizikletak eta errepideak nolakoak izango ziren pentsatzen jarriz gero, argi dago Urretxun jaio eta Frantzian bizi izan zen txirrindulariak lortutako garaipenak omenaldia merezi zuela.
Jesus Mujikak 23 urte eta etorkizun oparoa zituen Burdeos-Paris lasterketa irabazi zuenean. Coppi, Kubler eta Gemianini txirrindulari ospetsuekin lehian aritzeko aukera izan zuen besteak beste eta hauen esanetan Jesusek klasikak irabazteko berezko dohaiak zituen.
Jesus Boulougne Sur Gesse herrian bizi zen eta bertan urtero omenaldia egiten diote afizionatuen lasterketa baten hasieran. Urretxun omenaldiaren ideia urtero Tourra ikustera joaten diren Juan Mari Ormazabal, Jose Mari Bengolea, Santi Azurmendi eta Víctor “Makatza”rena izan da eta Goierriko Itzuliaren antolatzaileek gustura jaso dute ekimena. Horretarako lasterketa hasieran zein amaieran Jesus Mujika urretxuar txirrindulari bikaina gogoratu da.