Gipuzkoako Txapelketan Urola Garaiko taldearen parte ez hartzea delaeta, honako gogoeta hau egin dugu:
Garrantzitsua irizten genion gure taldea bertan egoteari. Gure eskualdeko bertsolaritzaren egoera ez da oso ona. Legazpin, adibidez, bertsolari zaharrenetatik gaur egungoetara 25 urte baino gehiagoko aldea dago eta tartean ez dago beste bertsolaririk. Hortik ondoriozta daiteke bertsozaletasunaren egoera. Hau honela izanik, eta aurtengo Gipuzkoako Txapelketarako taldea osatzea lortu genuelarik, guregan sortutako ilusioa handia zen, Urola Garaiko bertsozaletasunean eragingo zuela uste baikenuen.
Baina, nonbait, hutsegite bat egon da. Guk hala uste genuen arren, txapelketarako izena eman gabe genuen, eta honetaz jabetzerako kanporaketen zozketa eginda zegoen. Antolakuntza batzordearekin elkartu ginen konponbidea bilatzeko. Banan-bana beste talde batzuetan sartzea proposatu zitzaigun. Baina honek Urola Garaiko talderik ez egotea esan nahiko zukeenez ezetza eman genien, gure helburua ez baitzen banakoaren arrakasta. Gure aldetik egindako proposamena beste bat izan zen: kanporaketetako bat biren artekoa izan beharrean hiruren artekoa izatea proposatu genuen, noski, kanporaketa horretako beste biek onartzen bazuten. Batzordeak, aldiz, ez zuen egitura aldaketarik nahi izan. Halere, ez dugu uste aldaketa handirik eskatzen genuenik. Epe kontuak aipatu zizkiguten. Horietatik kanpo ibili ginela eta kito. Deialdia aspalditik egin zela eta ez zegoela zer eztabaidaturik.
Ohartzen gara batzordeak egin duen lanaz eta ez dugu hori gutxietsi nahi. Gure kasuan sentiberatasun falta izan duela uste dugu, ez baita egoera bera, esaterako, Hernanin edo gure eskualdean. Gu bertan egotea bertsolaritzaren onerako zela uste dugu, eta ahalegin handiagoa egin beharko litzatekeela gu bezalako txikiei parte hartzea errazteko. Gainera, bi hilabeteko epea aurretik izanik konpongarria zela uste dugu.
Bestalde, zorterik onena opa diogu Gipuzkoako Txapelketari. Bitartean, guk gure eskualdean lanean jarraituko dugu.
Gutun honen helburua horrelakoak berriro ez gertatzea eta Urola Garaian bertsoa bizirik dagoela adieraztea izan da. Besterik gabe, begirunez laster arte.