Noiz eta nolatan hasi zinen atletismoan?
Sei urte daramatzat jada. Krossean hasi nintzen, baina oso gaizki ibiltzen nintzen. Lagunekin aritzen nintzen eta oso giro ona zegoen, baina beti azkenetakoa izaten nintzen. Duela urte eta erdi Jabi Gómez entrenatzailearekin hasi nintzen eta abiadurara pasa nintzen. Beti izan dut gustukoa abiadura lasterketak, baina 10 urterekin lagunekin egon nahi izaten duzu.
Zer nolako entrenamenduak burutzen dituzu?
Ostegunetan izan ezik, asteko gainontzeko egunetan entrenatzen dut. Gimnasio ariketak, abiadura serieak… egiten ditut. Orain aurre denboraldian gaude eta indarra lantzen dugu. Beranduxeago korrika gehiago egiten hasiko gara eta denboraldian gehienbat lasterketetan soilik aritzen gara. Gainontzeko egunetan atseden hartzen dugu eta asteko egun batean gogor entrenatu.
Gogorra al da atletismoan aritzea?
Neguan bai. Hemen oso eguraldi txarra egiten du eta elurrarekin, euriarekin… Argixaon entrenatzea ez da gozoa izaten. Ezin diot entrenatzeari utzi eta Argixao itxita badago, hesiaren gainetik pasa eta lanari ekin behar izaten diot.
Hain gogorra izanda, zeintzuk dira alde onak?
Txapelketa ezberdinetara joanez, leku ezberdinak ezagutu eta lagunak egiteko aukera izaten dugu. Lehen urtean, oraindik kadete mailan nengoela, Mallorcan ospatu zen Espainiako txapelketarako minimoa lortu nuen. Honela Mallorcara doan joateko eta bertako giroaz gozatzeko aukera izan nuen. Bestalde, Valentzian, Madrilen… ere izan naiz; bai kanpoko txapelketetan zein estalitakoetan.
Zeintzuk dira zure lorpenak?
Mallorcan bosgarren egin nuen eta errelebuetan Euskadirekin bigarren. Zaragozan, estalian, oso gaizki aritu nintzen, gaixo bainengoen. Aurten Eibarren izan den Espainiako txapelketa irabazi dut. Euria egin zuen eta horrek lagundu egin zidan, ohituta bainago. Aurten Polonian izandako mundialetan izan naiz errelebua korritzen. Bakarka korritzeko aukera nuen, baina nire adineko onenek nik baino segundo erdi azkarrago korritzen dute eta bakarka ez aritzea erabaki nuen. Beste herrialde batzuetan nire adinarekin jada atletismoan soilik aritzen dira eta hortik bizi dira. Niretzat, ordea, atletismoa zaletasuna da. Hori bai, zenbat entrenatzen dugun kontutan izanda, nahiko serioa.
Zein da zure markarik onena?
Espainiako txapelketako final erdietan 100 metrotan 11`02“ko denbora egin nuen, haizea kontra nuela. Entrenatzaileak egun 10’90 egiteko gai naizela uste du. Mundialetatik itzultzean marka hobetzeko saiakera egiteko asmoa nuen, baina nekatuta etorri nintzen eta festarako gogoa nuen.
Ze ezaugarri dituzu?
Teknikoki nahiko ona naiz eta entrenatu ahala hobetzen ari naiz. Indarra errazago hobetu daiteke soinketa ariketen bidez. Irteerak nahiko gaizki egiten ditut, oso urduria bainaiz. 40 metro igaro ondoren erreboluzionatu eta onena ematen dut. Beste askok 80 metro egin ondoren onena emana dute eta nik ez. Carl Lewisen modura korritzen dudala esan daiteke… sinatuko nuke oraintxe bere marka egitea!
100 metrotako lasterketan soilik aritzen al zara?
Luzera saltoan ez naiz aritzen, oso teknikoa eta bizkarrarentzat oso gogorra baita. 200 metrotan, ordea, pare bat aldiz aritu naiz eta Euskadiko txapelketa irabazi nuen. Izan ere, bihurgunea nahiko ondo hartzen dut.
Aurtengo Sevillako mundiala gustura ikusiko zenuen…
Bostetan telebista jarri eta hamaikak arte telebista aurrean izaten nintzen. Froga guztiak atsegin ditut. Gainera froga ezberdinetan aritzen diren lagunak ditudanez, egunero beraien entrenamenduak ikusten ditut eta beraien frogen nondik-norakoak ezagutzen ditut. Hemen iraupen-lasterketei ematen zaie garrantzia eta gainontzekoetan askoz jende gutxiago aritzen gara. Jaurtiketetan, abiadura-lasterketetan… kirolari izarren bat egongo balitz, beharbada ohiturak aldatuko lirateke.
Ba al duzu bereziki atsegin duzun atletaren bat?
Gaur egun Maurice Green onena da, baina Ato Boldon ere asko atsegin dut. Michael Johnson, berriz, atleta aparta da: txapelketak ondo prestatzeko diru asko eskaintzen duten Grand Prixeko lasterketei uko egiten die. Sevillan egin zuen errekorra berak hobetzen ez badu, beharbada ez du beste inork egingo 50 urtetan. Teknikoki ez da aparta, baina indar izugarria du.
Zuria izanda, ez al da pixka bat frustrantea abiadura lasterketetan aritzea?
Pixka bat bai… zuria izanda ezinezkoa da munduko txapelduna izatea. Hala ere, aurtengo mundialetan 100 metroak hamar segundo eskasetan egiten dituen australiar batek domina lortzeko aukerak zituen, baina urduritasuna zela eta bi irteera txar egin eta ezin izan zuen finala korritu. Harrigarria izango litzateke txuri batek domina lortzea. Beltzek muskulu-zuntz konpaktuagoak dituzte eta horrek abantaila ematen die. Inguru honetan bizi diren beltzek ere dohain bereziak dituzte. Legazpin bizi den mutil kubatar batek, batere entrenatu gabe, jabalina jaurtiketan infantil mailako Espainiako errekorra egin zuen.
Zer txapelketatan parte hartu behar duzu aurten?
Pista estaliko txapelketa Valentzian ospatuko da martxoa amaieran. Joango naiz, baina ez naiz oso prestatuta egongo oraindik. Nire prestaketa kanpoko txapelketetara bideratua dago eta datorren denboraldiko Estatuko txapelketa Santanderren irailean ospatuko denez, nire prestaketa ere aurten atzeratu egin dut. Mundiala Santanderrekoaren ondoren izango da Chilen eta bertara joateko gogor lan egingo dut. Aurten lehenengo urtea izango dut junior mailan eta ez da erraza izango. Bertara joateko beharrezko marka lortu daiteke, baina federazioak gehiago eskatzen du, gastuak murrizteko edo…
Nora uste duzu heldu zaitezkeela?
Ez dakit. Nire asmoa gogor entrenatu eta hobetzea da. Helburu zehatz bat jartzea, 10`50“ean korritzea adibidez, txarra izan daiteke. Ez da ona norberaren buruari gehiegizko presioa jartzea. Bilboko mutil batek gogor lan egin eta junior mundialean 5. izatea lortu zuen 10`53“ko denbora eginez, baina ordutik hona ez du hobetzerik lortu. Oso gaztetan lan gogorregia eginez, progresioa gelditu egiten da. Nire asmo bakarra fisioterapia ikasi eta unibertsitateko taldean korrika egitea da. Oso nota altua behar da, baina atletismoan ondo arituz gero federazioak diru laguntza emateaz gain unibertsitatera nota alturik gabe joateko aukera ematen dizu.