Zer moduzko esperientzia izan da Iron Man batean parte hartzea?
Atletismoan froga gogorrena maratoia den moduan, triatloian Iron Mana da: igerian 4 kilometro egin behar dira, bizikletan 180 kilometro eta ondoren maratoia. Sekula halakorik egin gabe nengoen eta presarik ere ez nuen, baina nirekin batera prestatzen diren lagun batzuek urtero egiten dute eta ni ere animatu ninduten urriaren 10ean Ibizan ospatu zen frogan parte hartzera. Froga baino hiru egun lehenago joan ginen bertako girora egokitzera eta igandeko froga goizeko 7etan hasi genuen. Igerian lau kilometroak ordubete eta hamar minututan egin nituen, bizikletako 180 kilometroak 5 ordu eta 40 minututan eta ondoren maratoia hiru ordu eta erditan egin nuen.
Espero zenuen bezala aritu al zinen?
Nire helburua 11 ordu azpitik egitea zen eta 10 ordu eta erditan egin nuenez oso gustura bukatu nuen. Gainera honelako froga luzea egiten nuen lehenengo aldia zenez, ez nekien ziur bukatzerik izango nuen ere. Gogor entrenatu ondoren joan nintzen arren, entrenamenduan hain distantzia luzeak egiten ez direnez, ez dago ziur jakiterik gorputzak nola erantzungo duen. Espainia eta Portugalko txapelketa zen eta bigarrena amaitu nuen, nire mailan Iron Mana hirugarren aldiz egin zuen kataluniar baten atzetik.
Zer nolako entrenamenduak egiten dituzu?
Nire kontura hasi nintzen: egun batean korrika egin, hurrengoan txirrinduan… Gero IVEF egin eta Lazkaon zentro mediku bat zuten lagun batzuk ezagutu nituen eta ordutik beraiekin prestatzen naiz. Zentro honetan entrenatzaileak, medikuak eta dietistak dituztenez ondo zaintzen gaituzte. Alde handia dago norbere kontura ibiltzetik kontrolatuta ibiltzera errendimendu mailan. Egunean bi kirol egin ohi ditut: igeriketarekin batera korrika eta bizikleta tartekatzen ditut. Astean egun batetan deskantsua har-tzen dut. Oraindik ere igeriketa kirolik ahulena dut, baina azken hamar urte hauetan dexente hobetu dut. Bizikletan, berriz, indartsu aritzen naiz; baina ezin da duzun guztia eman, gero korrikan egin beharra baitago.
Nondik ateratzen duzu hainbeste ordu entrenatzeko denbora?
Lantegian nenbilenean arratsaldeko bostetatik aurrera aritu behar izaten nintzen, baina orain suhiltzaile lanetan ari naiz eta errelebuka lan egiten dudanez denboraz hobeto nabil. Semea ere tarteka nirekin ibiltzen da eta berak ere aurten bi triatloi egin ditu bere mailan. Bestalde, abuztu aldean familiarekin joaten naiz asteburua pasatzera triatloi lehiaketak dauden lekuetara.
Iron Man frogan parte hartu baino lehen, zein mailatan parte hartu duzu?
Lau maila daude, sprint, olinpikoa, erdi mailako distantzia eta distantzia luzea, Iron Man izenaz ezagutzen dena. Ni aurten arte erdibideko distantzietan ibili naiz eta aurten lehenengoz Iron Man bat egin dut. Hasi nintzenean 30 bat urte nituen eta senior mailan nenbilen. Hasierako triatloietan erdiko postuetan ailegatzen nintzen eta egun sailkapen orokorrean lehenengo hogeien artean sartzen naiz. Jada beterano mailan nago, 40 urtetik gorakoetan, eta maila honetan nagoenetik Euskal Herriko txapelketa urtero irabazi dut eta estatukoa azken bi urteotan, bai duatloian zein triatloian.
Etorkizunerako zer asmo dituzu?
Iron Man bat prestatzea oso gogorra da eta momentuz ez dut beste batean parte hartzeko asmorik. Kirola eginez oso gustura nabil eta ahal dudan bitartean hemengo lehiaketetan eta estatuko txapelketan parte hartzen jarraituko dut. Hala ere, lagun batzuk Suitzan bi urtetik behin ospatzen den Iron Man batetan parte hartu nahi dute eta 2000 urtean azkenekoz antolatuko denez, beharbada ni ere animatuko naiz.
Hawaiko Iron Man entzutetsuan parte hartzea ez al duzu pentsatu?
Hawaiko frogan parte hartzea triatloizale guztion ametsa da, baina hemengo frogetan parte hartzeko inskripzioa ordaintzearekin nahikoa da eta hangoan, berriz, Lanzaroten egiten den klasifikazio frogan parte hartu beharra dago. Ibizan egin dudan denboraz klasifikatzea izango nuela uste dut, baina Hawaira joatea oso garestia da. Bertara 15 egun lehenago joan beharko nintzateke girora moldatzeko eta aparte inskripzioa ordaindu, guztira milioi erdi inguru izango litzateke. Buruan dudan asmoa den arren, epe laburrean behintzat ez dut uste joaten saiatuko naizenik. Triatloian aritzeko sponsorrak lortzea oso zaila da eta onartua dut egunen batean joaten banaiz, neure poltsikotik ordaindu beharko dudala.
Gazteen artean triatloi zaletasunik ba al dago?
Entzun dut herrian gazteren batek triatloian hasteko asmoa duela eta ez dakiela nora jo, berak edo beste norbaitek honetan hasi nahi badu ni laguntzeko prest nago eta ahal dudan laguntza guztia eskainiko diot. Euskal Herri mailan gazte asko dabil eta Donostia zein Zarauzko frogetan jende ugari ibiltzen da.