Zein izan da zuen ibilbidea Urolan?
Matías Sánchez: Ni Urolaren sorrerarekin batera hasi nintzen eta 84 denboraldia arte jokatu nuen. Hala ere, garai hartan denboraldi batetik bestera taldeak bazterketak egiten zituen eta 78an niri egokitu zitzaidan taldetik kanpo gelditzea. Nik maila onean nengoela uste nuen arren, urtebete jokatu gabe egon eta ondoren taldera bueltatu nintzen 84a arte. Zelai erdiko ia postu guztietan jokatu nuen, nahi ezkerraldetik nahi eskuinaldetik, eta zenbat gol sartu nituen gogoratzen ez naizen arren, urte batean 30 gol egin nituen.
Iñaki Aranzadi: Ni lehen taldera 87-88 denboraldian iritsi nintzen eta beraz, hamabi denboraldi bete ditut jada. Goleatzailea ez naizen arren, urtero 7 gol inguru sartzen ditut, baina kontuan izan behar da penaltiak, faltak eta kornerrak nik ateratzen ditudala. Hala ere, urte batean goleatzaile nagusia izan nintzen 11 gol sartuta. Matíasek ez bezala, nik eskuin hanka soilik erabiltzen dut eta beraz, eskuinaldean jokatzen dut. Zelaiaren ezkerraldean nagoenean ere eskuin hankaz ematen diot, kanpoko aldearekin.
Matías Sánchez.: Hori egia da, bai, “Mustik” noizbait errieta ere egin dizu eskuin hankaren kanpoko aldearekin hainbestetan jotzeagatik.
Asko aldatu al da futbola urte hauetan guztietan?
Matías Sánchez.: Nire ustez futbola ez da hainbeste aldatu, azken finean jokoaren funtsa bera da. Hala ere, gure garaian luzean gehiago jokatzen genuela uste dut. Telebistan ematen dituzten partiduetan gure garaian bezala jokatzen hasten direnean partidua erotu egin dela diote.
Iñaki Aranzadi.: Horren arrazoia zelaien aldaketa izan daiteke. Lehen belarrezkoak ziren eta askotan lokaztuta egoten ziren edo egoera txarrean. Hau dela eta, motzean jokatzea arriskutsua izan zitekeen eta luzean jokatzea komenigarriagoa zen. Baloia mugitzea zailagoa zen eta indarrak orain baino garrantzi handiagoa zuen.
Matías Sánchez.: Hala ere, nire ustez gaur egun ere luzean gehiago jokatu behar zenukete, toke labur gehiegi egiten dira.
Iñaki Aranzadi.: Honen arrazoia taktikoa ere izan daiteke. Gaur egun taktikari askoz ere garrantzi handiagoa ematen zaio eta prestakuntza ere ezberdina da. Entrenatzaileaz gain, bigarren entrenatzailea, prestatzaile fisiko titulatua, masajista titulatua… ditugu.
Izan al zenuten inoiz beste talde batera joateko eskaintzarik?
Iñaki Aranzadi.: 18 urte nituela Sanserekin entrenatzen aritu nintzen eta beranduago denboraldi batean Beasainekin hasi nintzen. Baina bertan bi hilabete igaro ondoren Urolara itzultzea erabaki nuen. Urolan genuen giroa nahiago nuen eta uste dut taldera itzultzean bete-betean asmatu nuela. Beranduago Lagun Onak eta beste talderen baten eskaintza ere jaso dut, baina lanetik itzuli ondoren herritik kanpo entrenatzea oso gogorra izango litzateke.
Matías Sánchez.: Talderen baten edo besteren eskaintza izan nuen nire garaian, hauen artean Ilintxarena. Baina orduan Ilintxarekin lehia handia genuen eta etsaiarengana jotzea bezala izango litzateke… Ez nuen sekula Urolatik kanpo jokatzea pentsatu.
Urte hauetan guztietan zeintzuk izan dira zuen oroitzapenik on eta txarrenak?
Matías Sánchez.: Oroitzapen onak asko dira. 73an preferente mailara igotzea lortu genuen eta herrian egin zitzaigun ongi etorria izugarria izan zen. Autobusean heldu ginen eta Errealak lehen liga irabazi ondoren bezala, Zumarraga eta Urretxuko herriak kalera atera ziren. Beste oroitzapen zoragarri bat omenaldia egin zidatenekoa da, momentu hartan zaletuek eskaini zidatena ez dago diruz ordaintzerik eta honek nahigabe guztiak ahaztarazten ditu. Otamotzi uzteko argazki zaharrak bilatzen ari nintzela omenaldirako lagun batek idatzitako poema batzuk ere aurkitu ditut… Oroitzapen txar bakarra, taldetik kanpo utzi ninduteneko hura da.
Iñaki Aranzadi.: Jokaturiko partiduen errekorra dela eta egin didaten omenaldia ere izugarria izan da niretzat. Bestalde, 3. mailara igotzea lortu genuenekoa ere oroitzapen bikaina da. Urte hartan Argixao jendez gainezka egoten zen partidu guztietan eta giroa izugarria izaten zen. Jendearen aldetik sekulako bultzada jaso genuen eta kanpoan jokatzen genituen partiduetara ere herritar ugari joaten zen. Bi herriotako gazteez osaturiko jokalari talde gazte bat ginen eta sekulakoa lortu genuen. Urte batean, gainera, 3. mailan 7. postuan gelditu ginen eta honenbestez Gipuzkoako 6. talde onena izan ginen.
Matías Sánchez.: Gure garaian herritik kanpoko jokalari gehiago zeuden taldean, baina azkenean herritarrok izaten ginen taldean giro ona sortu eta taldea aurrera ateratzen genuenak. Zuen belaunaldia beharbada Urolatik pasa den onena izan da, baina esan beharra dago gure garaian preferente maila gogorragoa zela.
Zein duzue Urola taldean ikusi duzuen jokalaririk gustukoena?
Iñaki Aranzadi.: Nire belaunaldiko asko esan ditzaket, baina bereziki “Bixio” Aranburu. Zelaian erakusten zuen adimen eta trebetasunak Laudrup gogorarazten zidan eta niretzat maixu bat izan da. Nahiz eta bere nahia hori ez izan, taldeko buru bihurtu, taldea bere gain hartu eta aurrera ateratzeko gai zen.
Matías Sánchez.: Nire garaiko jokalarietatik gustukoena Aldama dut eta zuen belaunaldikoa, aldiz, zu zeu. “Bixio” oso jokalari ona izan da, baina baita irregular samarra ere. Zuk, ordea, urte pilo bat daramatzazu taldean eta urtero-urtero erregulartasun handiz. Gainera, zure adineko askok utzi egin dute eta zu arduratu zara aldagelan gazteei erakusteaz eta behar bezalako giroa sortzeaz.
Matías, zer iruditu zaizu Iñakik zure errekorra haustea?
Matías Sánchez.: Ez nekien errekorra nuenik, eta Iñakik errekorra hautsi behar zuela esan zidatenean lesionatzea pentsatu nuen… Ez, asko pozten naiz errekorra Iñakik hautsi izanaz, nahiz eta bera gehiago poztuko zen…
Iñaki Aranzadi.: Errekorra hautsi behar nuela esan zidatenean, ea ordura arte noren esku zegoen galdetu nuen eta Matíasek zuela esan zidatenean normaltzat jo nuen. Niretzat oso garrantzitsua da Matíasen pare jartzea, Urolan instituzio bat baita. Oraindik delegatu lanetan aritzeaz gain, berak ere gazteekin entrenatzen duela ikustea besterik ez dago.
Iñaki, urte askotan jarraitu eta gainditu ezineko errekorra ezartzeko asmorik al duzu?
Iñaki Aranzadi.: Azken bi urteotan utzi egin behar dudala esan dut eta denboraldia hasi orduko jada entrenatzen ikusi dut neure burua. Hau dela eta, ez dut gehiago datarik jarri behar.
Matías Sánchez.: Nire ustez urte pare bat gehiago jarraitu beharko zenuke, gazteekin oraindik lan garrantzitsua egin baitezakezu. Beraz, bi urterako kontratua egingo dizugu beste talde batek eraman ez zaitzan… ja, ja.
Jokatzeari utzi ondoren, Urolan lan egiteko asmoa al duzu?
Iñaki Aranzadi.: Bai, futbol entrenatzaile titulua ateratzen ari naiz eta lehenago ere gazteak entrenatzen aritua naiz. Entrenatzaile lana atsegin dut eta egunen batean Urolako lehen taldea entrenatu nahi nuke.
Matías Sánchez.: Nik uste Urolako presidente karguan amaituko duzula… Nik ere ez dut futbola utzi, nahiz eta emaztea futbol kontu honetaz nahiko nazkatua dagoen jada. Sekula ez du futbola gustuko izan eta ni ikustera joan zen batetan baloikada batez soinekoa zikindu ziotenetik gutxiago oraindik…
Iñaki Aranzadi.: Nik alde horretatik ez dut arazorik, nire neska laguna ere futbolean aritu baitzen. Duela urte batzuk, gainera, taldekideok afaria egiten genuenean neska lagunek ere euren afaria egiten zuten.
Matías Sánchez.: Gure garaian kanpoko partiduetara autobusean gurekin joaten ziren eta herrira itzultzean zenbait bikotek elkarrekin meriendatzen genuen. Oso giro ona egon da Urolan beti.
Hainbeste urtetan futbolean aritu ondoren, pasadizo ugari izango dituzue…
Iñaki Aranzadi.: Bidaian geundela autobusa askotan izorratu zaigu eta taxia behin baino gehiagotan hartu behar izan dugu.
Matías Sánchez.: Guri behin Pasaiara gindoazela Ertzainek gelditu gintuzten. Futbol partidu batera gindoazela esan genienean zelairaino eskoltatu gintuzten eta bertan Gurrutxagari salaketa jarri zioten. Honetaz gain, garai batean Irun aldera joateko Donostia erdialdetik pasa beharra zegoen eta presa genuenean Gurrutxagak semaforo guztiak gorri zeudela pasatzen zituen.
Iñaki Aranzadi.: Gurrutxaga Urolaren txofer ofiziala izan dela argi dago…