Zenbait partidatan porrotak ezagutu ondoren, Misorekin emaitzak aldatzen hasi dira. Entrenatzaile aldaketak jokalariei motibazioa sortzen diela esan ohi da eta Misoren kurrikuluma ikusiz gero, honen zalantzarik ez dago: 1965. urteaz geroztik, 2.000 partidutan, eskubaloi entrenatzaile profesional lanetan aritu da munduko eskubaloi eskola indartsuena izan den Jugoslabian. Ohorezko mailan Zeljeznicar taldea entrenatu zuen eta 77-78 denboraldian liga txapelketa irabazteaz gain, beste lau bider txapeldunorde izan zen. Honetaz gain, 1979an taldea Europako Kopako finalaurretarako sailkatu zuen eta 1982an EHFko finala jokatu zuen Gummersbasch talde alemaniar mitikoaren aurka. Bosniako gudaren garaian Napredac-eko neska talde serbiarra entrenatu eta serbiako kopa lortu zuen.
1994ean Bosnia utzi eta Eibarrera etorri zen bizitzera errefuxiatu gisa. Bertan Arrate, nesken zein mutilen, eskubaloi taldeak entrenatu zituen. Orain erronka honi heldu dio, “José Angelen eskaerari ezin izan diot uko egin eta taldea sailkapenean igotzen lagundu nahi dut. Arazo nagusia jokalariek, lan errelebuak direla eta, entrenamendu asko galtzen dituztela da. Dena den, jokalariak oso borrokalari eta langileak direla ikusi dut eta aurrera egingo dugula uste dut.”
Basic heldu geroztik 2. entrenatzaile lanetan ari den García Vara ere uste berekoa da, “denboraldia oso ondo hasi genuen eta lehen lau puntuetatik hiru lortu genituen, baina gero lesioak bata bestearen atzetik heldu dira eta partidu dezente galdu ditugu jarraian. Dena den, lehen itzuliko partidu guztiak jokatu ditugu jada, eta beste taldeen maila ikusi ondoren, lesioekin arazo gehiago ez baditugu sailkapeneko lehen erdialdean amaitu dezakegula uste dut”.
Hori lortzeko Misok argi ikusten du jarraitu beharreko bidea: “taldea defentsa lanean oso ona da, baina erasoan patalago dabil. Nahiz eta oso defentsa ona dugun, gol gehien jaso duten taldeen artean gaude erasoan baloi asko galdu eta kontraerasoan gol asko sartzen dizkigutelako. Erasoan baloi gutxiago galtzea lortu behar dugu eta horretarako baloiarekin lan handia egiten ari gara ditugun entrenamendu eskasetan.”
Lanbidetzat eskubaloia zuten jokalariekin aritu ondoren, Urolakoek entrenatzeko duten denbora eskasak asko kezkatzen du Miso: “Ni Jugoslabia munduko txapelduna izan zen garaian eskubaloi talde profesionaletan aritu nintzen eta orain gogorra egiten ari zait afizionatuak entrenatzea. Jugoslabian kirolariek laguntza handiak zituzten kirolean aritzeko. Ni, adibidez, lanbidez jurista nintzen, baina goiz eta arratsaldez entrenatzeko lanetik irteten uzten zidaten. Jokalariei ere baimena ematen zieten lanetik irten eta entrenatzeko, egunero gainera. Honetaz gain, Urolak duen mailan ere, jokalariei dirulaguntza ematen zitzaien. Europa Ekialdeko herrialde guztietan hala izaten zen eta nire ustez, hori dela eta irteten ziren hain kirolari onak”.
Dena den, Urolako jokalarien kemenaz oso harro agertzen da Miso Basic: “Nire ustez Urolako jokalariak Jugoslabian maila berean aritzen direnak baino baliotsuagoak dira arrazoi batengatik: hemengo jokalarien mentalitatea oso ezberdina da. Jugoslabiarrak edozein talderi irabazteko gai dira, baina adore gutxiago dute. Behin talde bati irabazi ondoren, beraren aurka jokatzen duten hurrengorako motibazioa galdu egiten dute.”
Urolan lanean hasi berria da, baina jadanik oso gustura dagoela nabaritzen zaio Misori, printzipioz datorren denboraldian ere bertan aritzeko asmoa baitu, “Hona heldu naizenean ez didate esan zer lortu behar dudan, baina helburua maila mantentzea izango dela suposatzen dut. Taldea eta zuzendaritza nire lanarekin gustura agertzen badira datorren denboraldian jada beste helburu batzuk ezarriko ditugu.”
Urola taldearekin urtetako lana egin nahiak Euskal Herrian gustura bizi dela ere erakusten du, izan ere baditu horretarako arrazoiak: “Robertek, nire semeak, kazetaritza ikasketak aurten amaituko ditu eta doktoretza ere egin nahi du. Orain arte oso ondo eraman ditu ikasketak eta lan on bat aurkitzeko zortea badu Euskal Herrian geratuko gara. Izan ere, semea oso gustura bizi da hemen eta primeran egokitu da Euskal Herriko bizitzara. Torreviejara joan ginen batean, bertakoek euskaldun petotzat hartu zuten. Dena den, niri ere oso gogorra egingo litzaidake Bosniara itzultzea, ez baita gure garaian ezagutu genuena. Orain musulmanak nagusi dira eta ni katolikoa naiz eta emaztea, berriz, ortodoxoa. Kristau gehienek Sarajevo utzi dute eta nire hango etxean orain islamiar batzuk bizi dira. Nahiz eta legez etxea itzultzea eskatu dezakedan bertara itzultzea oso gogorra izango litzateke.”