Kantu ikasketa ofiziala aurten amaitzen duen arren, kantua ikasten jarraitzeko asmoa du eta Oihanek dioenez “kanpotik dirudien baina ikasketa konpletuagoa da, beste ikasgai batzuen artean, italiera, frantsesa eta alemaniera ere ikasten ditugu”. Jadanik lehen fruituak jasotzen hasi omen da eta Oviedotik zein Asturiasko beste zenbait herritatik deitzen diote kantatzeko, “kantu mundutik izarren irudia jasotzen dugu, baina izarra izatera iristea oso zaila da. Futbolariekin gertatzen dena gertatzen da: 1. mailara iristea oso zaila da. Nik, hain gustuko dudan kantu munduan bizibidea lortzea nahiko nuke.”
-Zer izan nahi zenuen umetan?
Abeslaria.
-Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Urretxura joan eta lagunekin eta etxekoekin egotea.
-Bizitzeko toki bat?
Urretxu.
-Gustuko opera abeslaria?
María Bayo.
-Montserrat Caballé ala Ainhoa Arteta?
Montserrat Caballé.
-Zein tenorerekin abestuko zenuke gustura?
Profesional ona den edozeinekin.
-Ze antzokitan?
Aukera ematen didaten edozeinetan. Euskal Herrian, gainera, orain kantatzeko areto berriak egiten ari dira.
-Zein da gustukoen duzun konpositorea?
Orokorrean Mozart eta abesteko Rossini eta Puccini.
-Kantatzeko ze hizkuntza atsegin duzu?
Bel Cantorako hizkuntza aproposena eta errazena italiera da, gaztelera baino gehiago.
-Euskaldunok hobeto abesten al dugu?
Euskal Herrian asko abesten dugu eta orokorrean oso ondo.
-Eztarria zaintzeko onena?
Eztarria zaintzearena oso mitifikatua dago, ez dugu sakrifizio gehiegirik egin behar eta bizitza normala eraman dezakegu.
-Nor gustatuko litzaizuke ezagutzea?
Jende asko, esateko zer edo zer duen edonor.
-Norekin pasatuko zenuke asteburu bat?
Lagun on batekin.
-Ilehoriak ala beltzaranak?
Berdin zait, pertsonaren arabera.
-Egindako azken oparia?
Gabonetan.
-Eta jasotakoa?
Aitak pisurako oparitu zidan mikroondasa.
-Data bat?
Nire urtebetetzea, azaroak 19.
-Mutil izen bat?
Edozein, izen normalak atsegin ditut.
-Zein egunkari irakurtzen duzu?
Urretxun Egunkaria eta DV, Oviedon El Mundo, El País… egunkari asko irakurtzen dut.
-Gustuko telebista saioa?
Telesailak.
-Bereziki gorroto duzuna?
Emakumeei zuzenduta daudenak: Maria Teresa Camposena, Ana Rosa Quintanarena…
-Liburu bat.
“Udazkenaren balkoitik”.
-Filme bat.
“Bihotz ondoko sekretuak”, Montxo Armendarizena.
-Gustuko musika taldea?
Musika mota gehienak atsegin ditut: euskalduna, jazza, folka… Bakailaoa eta antzekoak ez.
-Soinu bat.
Edozein soinu suabe, bai musikala zein naturak sortua.
-Usain bat.
Belar moztuarena, itsasoarena…
-Ukitzeko…
Gauza suabeak.
-Janari bat.
Pasta eta arraina.
-Ura ala…
Ura bai eta momentuaren arabera beste edozer.