Otsailaren 12an Goierri elkartearen ondoan kokatua dagoen egoitza berriaren inaugurazio ekitaldia burutu zen. Bertan egoitza berriaren zerbitzuak erabiliko dituzten lagunak, euren gurasoak eta ONCE, ASPACE zein udal arduradunak izan ziren.
ASPACEko Elisa Carmonak ONCE fundazioari, Kutxa fundazioari eta Urretxuko udalari eskerrak eman zizkien eskainitako laguntzagatik. ONCEko Cristino Burgoak egoitza berriaren irekitzea zela eta bere poza azaldu zuen eta elbarrien beharrei aurre egiteko beharrezkoa den elkarlanarekin jarraitzeko asmoa erakutsi zuen. Pello Gonzálezek ere, Urretxuko alkateak, bere poza erakutsi zuen eta Urretxuko herriak ASPACErekin elkarlanean 20 urtetik gora daramatzala gogoratu zuen.
Lokalaren egokitzapen lanek 20 milioitako gastua izan dute eta gastu hauen erdia ONCEk ordaindu du, Kutxak %25a jarri du eta gainontzeko %25ari Urretxuko udalak eta Foru Aldundiak aurre egingo diote erdibana.
Egoitza berrian 20 garun-elbarri eta 5 zaintzaile daude eta azken hauek oso gustura azaldu dira aldaketarekin. Izan ere, lokal berria zaharra baino handiagoa da, oztopo arkitektonikoak gainditzea lortu da eta herriaren erdian kokatua dagoenez, ondo komunikatua dago. Egoitzak tailerra, ordenagailu gela, bulegoa eta egokituriko hiru komun ditu.