Azterketaren emaitzen berri emateko, Elenak berak eta Pello González alkateak prentsaurrekoa eskaini zuten. Elenak agertu zuenez, 328 etxebizitzetako jabeekin hitz egin du eta arrazoi ezberdinak direla medio 8 jabe bakarrik daude euren etxebizitzak alokairuan jartzeko prest.
328 etxebizitzetatik 121 (%32) okupatuak daude, baina bertan bizi dena ez dago Urretxun erroldatua. 10 etxebizitza (%3) urtean hilabete batzuetan soilik daude okupaturik. 53 (%14) jada alokaturik daude eta 107 (%29) etxebizitzetako jabeek ez dituzte alokairuan jarri edo saldu nahi etorkizunean etxea erabiltzeko asmoa dutelako edo bertan norbait bizi ahal izateko inbertsio oso handia egin beharra dagoelako. Azkenik 29 jabe (%8) euren etxea saltzeko prest agertu dira eta 8 (%2) udalaren plangintzarekin bat etorri dira eta etxea alokairuan jartzeko prest daude.
Elenaren eta Pelloren esanetan, emaitza oso onak espero ez ziren arren, uste baino jende gutxiago agertu da bere etxebizitza alokairuan jartzeko prest, “argi dago eskaria eskaintza baino handiagoa dela, jende asko azterketaren berri jakin eta berehala udaletxera etorri baita alokatzeko etxeen eske”.
Eskari honi aurre egiteko udalak 23 etxe berri jarriko ditu alokairuan Alde Zaharrean, baina nahikoa izango ez denez, lursail gehiago erosi eta alokairuan jarriko diren etxebizitza gehiago eraikiko dira.
Bestalde, hutsik dauden etxebizitzen inguruko azterketa hau burutu ondoren, Elena Arriaranen betebeharra igogailua jarri nahi duten etxeetako jabeei laguntza eskaintzea izango da. Horretarako aholkua emateaz gain, kudeaketa, tramitazioa eta dirulaguntzen bideratzea eskainiko da.