Baina Ostadarrek antolatzen dituen mendi irteerei eta iraupen luzeko martxei esker Europako mendi garrantzitsuenetan ibili ondoren, mendirako grinak paraje berriak ezagutzera bultzatu du. Gogo hau asetzeko Gabonak ondoren Andeetara joan zen hego hemisferioko hiru mendi altuenak igotzera. Oraingo honetan bere grina zertxobait asetu duen arren, segur aski denbora luzea pasa aurretik inguru berrien bila abiatuko da.
Nolatan erabaki zenuen Andeetara joatea?
Goiherriko hiru lagun elkarrekin ibiltzen gara sarritan eta Pirinio eta Alpetan egonak garenez, Andeetara joatea ondo egongo litzatekeela pentsatu genuen. Hemendik joaten den jende gehiena altuena den Aconcaguara joaten da eta gure asmoa esparru zabalago bat hartu, egun batzuk gehiagotarako joan eta beste zenbait menditan ibiltzea izan zen. Nora joan pentsatzen ari ginela, bizi-bizi ibiliz gero 35 egunetan hiru gailur egitea posible zela ikusi genuen: Ojos del Salado, Pissis eta Aconcagua. Hiru mendi hauek, orden horretan, hego hemisferioko altuenak dira. Bidaia egiteko Felipe Uriarterekin harremanetan jarri ginen, berak era honetako bidaiak antolatzen baititu. Berari ere ideia polita iruditu zitzaion eta azkenean jende gehiago elkartu eta zortzi lagun joan gara. Zazpi mutil eta neska bat. Gehienok joan aurretik ez genuen elkar ezagutzen eta beldur pixka bat ematen du 35 egunetako elkarbizitza nolakoa izango den pentsatzeak, baina oso harreman ona izan dugu.
Zer nolako entrenamendua egin zenuen bertara joateko?
Beti ibiltzen gara mendian, baina bertara joateko bereziki entrenatu genuen alturan eta sokekin Pirinioetan. Azkenean ez dugu eskalatzeko beharrik izan, baina joan aurretik Pissis mendiari beldur pixka bat genion, bertara igotzen ginen lehenengo euskaldunak ginenez, ez baikenuen inongo erreferentziarik.
Zer moduz moldatu zara?
Ojos del Saladorako bidean 5000 metrotik gorako hainbat gailur igo genituen egokitzeko aitzakiarekin, eta indartsu heldu ginen. Ojos del Salado hau Argentinako mendi gogorrena da eta teknikoki ere zailena, baina gustura igo genuen. Ondoren Pissis igotzeari ekin genion. Jada egun dezente generamanez, oso ondo ibili ginen, altuera arazorik gabe. Baina oso eguraldi txarra tokatu zitzaigun, gauean -30º inguru eta elurra, eta gailurrerantz irten aurreko gauean botak busti eta izoztu egin zitzaizkidan. Hori dela eta, gorantzako bidean noizean behin galtzerdiak aldatzen joan behar izan nuen eta atzean gelditu nintzen. Lainoa dela eta, lagunak begi bistatik galdu eta Pissiseko gailurra zelakoan alboan zegoen beste batera igo nintzen. Ondoren Aconcaguako kanpamendu basera joan ginen. Beste bietan aritu ondoren erraz igoko genuela pentsatu genuen. Baina kanpamenduan bronkitis epidemia zegoen eta bi lagun gaixotu egin ginen. Saiakera batzuk egin genituen, baina egunetik egunera okerrago geunden eta amore eman behar izan genuen. Zorte kaxkar samarra izan dut eta beste lagun batek are okerragoa izan du, hanketan kongelazioa izan baitu. Hala ere, ez zen oso larria izan eta Zaragozara joan gabe, hemen sendatu ahal izan da.
Aconcagua eta beste bi mendien artean alde handi izango da…
Ojos del Salado eta Pissisen 22 egunetan bakar-bakarrik ibili gara. Gure aurretik Ojosen espedizio brasildar bat egon zen, baina gu baino hilabete lehenago. Izan ere hiru gailurrak igo ahal izateko Argentina aldetik joan behar izan genuen eta gerturatzeko bidea oso luzea denez, jende gehiena Txiletik joaten da. Izan ere, Txiletik joanez gero 4.500 metrotaraino autoz joan daiteke. Baina iaz euskaldun batzuk Txiletik joan ziren eta Pinocheten kontua dela eta arazoak izan zituzten, militarren hiru postu pasa behar baitira. Bestalde, guk desertua eta Atacamako inguruak ere ikusi nahi genituen, paraje izugarri politak baitira. Oso jende gutxi pasa da leku horietatik eta bertako jendeak ere ez du beraien berri, bertara iristea oso zaila baita. Aconcagua, berriz, erabat desberdina da. Bertara hurbiltzea askoz ere errazagoa da eta herrialde ezberdinetako jende asko joaten da.
Inguru haietako jendea ezagutzeko aukera izan al duzue?
Mandazainek pisurik handienak eraman dizkigute kanpo baseetara. Gurekin ibili zirenak, batik bat, mahasti, olibondo eta ganadutik bizi dira, esan bezala Argentina aldetik oso jende gutxi joaten baita mendi horietara. Gutxirekin konformatzen den oso jende ona da. Ez dute argi ikusten hemendik hara, hain ezkutuan dauden lekuetara, zertara joaten garen. Gauetan eurekin kontu-kontari aritzen ginen, beraiekin oso harreman ona izan dugu eta azken egunean afari bat egin genuen euren herrian. Egun batean laguntzen ibili zitzaigun mandazain hauetako batek bere trasteen artean rifle bat zeramala ikusi genuen eta larritu egin zen, legeak ez baitzion uzten. Gosea izanez gero bikuinak ehizatzeko erabiltzen zuela eta egun batean guretzat bat ehizatzen saiatuko zela esan zigun. Hala egin zuen eta bi egunetan hura jan genuen.
Asetuta gelditu al zara edo asmo berririk ba al duzu?
Nekatu samar etorri gara, egunean 11 ordu inguru ibili baikara eta elurretan gainera. Orain denboraldi batean etxean geratzeko asmoa dut, baina mendia hain zabala denez beti sortzen da beste nonbaitera joateko gogoa. Bidean ere hitz egin genuen eta Himalayara joatea gustatuko litzaiguke Shisha Pangma edo antzerako zortzimilako samur bat egitera. Baina hara joateko baimenak ordaintzeko diru asko behar da eta denbora ere bai, hiru hilabete gutxienez. Dena den, hemen bertan oso gustura ibiltzen naiz, baina egunen batean Himalayan frogatzea ere asko gustatuko litzaidake. 7.000 metrotan arazorik ez izateak, altuera handiagoan frogatzeko gogoa sortzen du.
Zumarraga-Urretxuko mendizaletasunak osasun ona duela uste al duzu?
Bai, bai… lehenago ere Goiherri elkarteko zenbait lagun Aconcaguan izan ziren eta herrian mendi horietara igotzea lortuko lukeen jendea badagoela uste dut, baina astia eta denbora behar da. Gizarte honetan presaka bizi gara eta ez dugu entrenatzeko eta mendi horietara joateko denborarik. Beste kirol batzuetan egunean ordubete aritzearekin nahikoa da, baina mendiak denbora asko eskatzen du.