Nolatan joan zarete EE.BBetara pilotan jokatzera?
De Luz: Duela 6 urte lehenengoz joan nintzen eta San Franciscoko Euskal Etxean egun nire emaztea dena ezagutu nuen. Orduan Apeztegia, Artola, Alonso eta Urienekin joan nintzen eta gurekin oso gustura gelditu ziren. Egun Euskal Etxe hartako presidentea nire koinatua da eta bertara esku-pilotan jokatzera joan diren batzuk oso serio aritzen ez direnez, gu gonbidatzea erabaki zuen. Ez dugu beste batzuek izan dezaketen maila, baina badakite gure lana serio hartuko dugula eta gurekin harreman ona izango dutela.
Erostarbe: Bertan parrandan ibiltzea oso erraza da, baina euskal pilotariak bertara eramateko egiten duten gastua eta gureganako erakusten duten adeitasunari erantzun beharra dago. Pilotan jokatzeaz gain, bertako jendeak guretzako beste ekintza batzuk ere antolatu zituen eta irudi ona eman beharra dago.
Urtero antolatzen al dituzte pilota partiduak?
Bai, San Franciscoko Euskal Etxearen urteurrena ospatzeko egiten dute. Pilotariez gain, iparraldeko musika taldeak, bertsolariak, Alaitz eta Maider… ere gonbidatu dituzte. Gabonetan Euskitze, Lizaso eta Peñagarikano bertan izan ziren, Chinoko Euskal Etxean. Aurten Asier Urien eta Anton Begoñes bizkaitarrekin eta Natxo Ortego madrildarrarekin joan gara eta bost partidu jokatu ditugu: hiru San Franciscon eta bi Chinon.
Nondik-nora ibili zarete?
Ez dugu atseden handirik izan, konpromezu ugari baikenituen. San Francisco ezagutzeko aukera izan genuen eta bazkari-afariak Euskal Etxean egiten genituen. Larunbata eta igandean Euskal Etxearen urteurren jaia ospatu zen eta bazkari herrikoia egin zen frontoian bertan partiduak jokatu ondoren. 400 pertsona inguru bildu ginen bazkarian, EE.BB.etako leku ezberdinetako euskaldunak hurbildu baitziren.
EE.BB.etan bizi zareten euskaldunen artean harreman estua al duzue?
Jeanette: Bai, Californiako hiruzpalau herritan euskaldun asko gaude eta gure artean harreman estua dugu. Herri hauetan Euskal Etxeak daude eta bertara joan ziren euskaldun gehienon seme-alabek euskaraz hitz egiten dute. Gurasoek txikitatik euskal ohiturak erakutsi dizkigute eta bizitza osoan Euskal Etxera joan gara. Nire ama amerikarra da eta guk ez dugu euskaraz hitz egiten, baina nire osaba-izebak euskaldunak dira eta nire lehengusuek euskaraz hitz egiten dute. San Francisco hiri handi bat denez euskaldunok ez dugu hain harreman estua, asteburuetan soilik biltzen baikara. Baina Chino, adibidez, herri bat da, bertako euskaldunak abeltzainak dira eta eguneroko hartu-emana dute.
De Luz..: Oso deigarria da EE.BB.etan jaiotako jende gazteak bere gurasoen euskalkian mintzatzen entzutea. Bizkaia kostaldeko jatorriak dutenak, adibidez, Lekeitio edo Bermeon bizi direnak bezain jator mintzatzen dira bizkaieraz.
Nola ikusten duzue Euskal Herria EE.BB.etako euskaldunek?
Jeanette..: 18 urte nituela etorri nintzen lehenengoz eta familiakoen etxera joan nintzen. Gutxi gorabehera espero nuena aurkitu nuen: festa ugari, herri txikiak… Hori bai, ez nuen uste hiriak hain handiak zirenik. Izan ere nire aita Sunbillakoa zen eta bertako argazkiak ikusiak nituenez, herri guztiak txikiak izatea espero nuen.
De Luz.: Hemen askoz ere pilatuago bizi gara, hango lurrak askoz ere zabalagoak direnez leku gehiago dago.
Ameriketan bizi diren euskaldunak hemengoon parekoak al dira?
Erostarbe.: Bai, han bizi arren asko jan eta edateko ohiturari eusten diote. Bestalde, euskaldun nortasunari eusten saiatzen dira eta han bizi arren, euskaldunak direla diote, ez EE.BB.arrak, frantziarrak edo espainiarrak.
EE.BB.etako euskaldunen artean pilota zaletasunik ikusi al duzue?
De Luz.: Zaletasuna egon badago, baina bultzada txiki bat behar dute. Euskaldunak dauden herrietan badaude bakoitzean pilotan aritzen diren hamar bat lagun, baina lagunduko dien jendea behar dute. Pilotan serioski jokatzea bultzatuko liekeen arrazoiren bat beharko lukete. Mundialetara ere joaten dira eta datorren urtean Joko Panamerikarrak antolatuko ditu San Franciscoko Euskal Etxeak.
Erostarbe.: Aurrera egiteko eta hobetzeko txapelketak beharrezkoak dira eta bertan ez dituzte txapelketak.
De Luz.: Hori bai, euskaldunak dauden lekuetan frontoiak daude: trinketeak, plaza librekoak, ezker pareta dutenak… Bertara heltzen ziren euskaldunak heldu eta denbora gutxira frontoia egiten zuten bertan pilotan jokatu ahal izateko eta garai hartan egindako bat ikusteko aukera ere izan genuen. Garai batean zesta puntak arrakasta izan zuen Miami, Tampa, Tijuanan… baina pixkanaka frontoiak ixten joan dira. Las Vegasen ere, frontoia zena egun kasinoa da. Zumarragako bat ere bertara joan zen pilotan jokatzera, Garbiñe tintorerikoen familiakoa, eta gero han gelditu zen bizitzen. Duela urte batzuk, bertara joan nintzen batean, berarekin egon nintzen hitz egiten.
Zer da EE.BB.etan gehien txunditu zaituztena?
Erostarbe.: Bertako hedadurak batez ere. Han dena izugarri handia da: kotxeak, distantziak…
De Luz.: Beraientzat edozein gauzatarako ordu laurdenez kotxez joan beharra normala da. Han kotxea ez duenak, jai du. Beraientzat normala da lanera joateko ordubete behar izatea.
Jeanette..: Egia da, bai, hiri erdian bizi ez bazara egunero kotxea erabili beharra duzula. Bestalde, jende askok astebururo hiruzpalau ordutako bidaia egiten du. Han bideak zabalagoak dira, kotxeak potenteagoak eta jendea ohituta dago gainera.
Erostarbe.: San Franciscotik Las Vegasera joateko nik eraman nuen mikrobusa eta aspertu ere egin nintzen: izan ere bihurgune gutxi daude eta gainera autoek kanbio automatikoa dutenez… Bestalde, Estatu Batuarren ohitura batek nire arreta piztu zuen: denari izotza botatzen zioten. Gu ginen edariak izotzik gabe hartu nahi genuen bakarrak eta azken egunetan jada izotzik gabe ateratzen zizkiguten. Izotzarekin “arazo” txiki hau izan badugu ere, gurekin primeran portatu direla esan beharra dugu.
De Luz.: Jaten ere primeran eman digute. Gurekin joan den batek hamburgesa pila jateko asmoa zuen eta probatzeko aukerarik ere ez du izan. Bestalde, uneoro gure esanetara zeuden eta leku batetik bestera eraman gaituzte bertako inguruak ezagutu genitzan.