Niri ere halako zutabetxo bat eskatu/eskaini didate (zer egingo zaio, irakurle, bizitza honetan sofritzen jakin beharra dago) eta ene (eta nire lankideen ) probetxurako erabiltzea pentsatu dut. Sasikazetariok aintzakotzat hartzen ez gaituzten piztiak gara, eta honek erremedioa behar du, kantak dioen bezala, gu ere zerbait bagara eta. Hau bezalako aldizkaritxo apalak egiten ditugunoz ari naiz. Badirudi honelako argitalpenak txapelaren buztanarekin egin daitezkeela. Oso erratua zaude horretan, irakurle. Alkateak Irimo eta Belokiren arteko teleferikoa inauguratu duela edo kultura zinegotziak saltsako ikastaroak emango dituela jakin dezazuen lan asko egin beharra dago, albiste mozolo eta garrantzi gabekoak ematen duten arren. Eta zuk horren arin irakurtzen duzun agenda horrek biltze lan izugarria dauka atzetik. Eta gainera esker txarreko lana askotan.
Agendarekin ari naizela, adibide bat; aurreko “AISIALDIRAKO GIDAN”, Takolo Pirritx eta Porrotx pailazoen emanaldia arratsaldeko 15:30ean jarri nuen, behar baino 2 ordu lehenago, benetako ordua arratsaldeko 17:30ak baitzen. Zuk uste duzu jendeak eskertu didala seme-alabekin bi ordu gehiago egoteko aukera hori? Gaur egun hainbeste aipatzen denez guraso – semeen arteko komunikazio falta, aukera polita izan zitekeen hasieran zain egondako “tartetxo hori”. Zer dira ba bizitza honetan bi ordu?. Ba ez, denak haserre; ”hi, Bere, siesta hondatu diak hanka sartze horrekin, joder!!”. Esandakoa, esker txarreko lana.
Baina lan honen gordintasuna kale inkestak egiterakoan dator. Denek nahi dute jakin besteek zer pentsatzen duten, baina norberarena esan gabe. “Ni ez atera. Hau, hau atera!” Eta “Hau”k gauza bera esaten du. Azkenean ez bata eta ez bestea. Gero, erantzunak bideratzea izaten da kontua. Demagun elkarrizketatua jarioduna dela, etorri handikoa, bertsolari batzuk bezalakoa: Galdera inauteriei buruzkoa izan daiteke, eta hara erantzuna: “…zeren ni jaiotzez gailegoa naiz, Ourensekoa, han bai odolki onak. Gurean esaterako, bi txerri hiltzen ditugu, eta…”. Beharbada oso interesgarria izan daiteke honelako oratoria daukan elementoa, baina kale gorrian bi ordu daramatzanarentzat gehitxo aukeran, eta nork itzularazi inauteriaren arrastora? Goazen giza espeziearen beste puntara: isilak. Galdera: “Zer iruditzen zaizu , Udalak A15 ingurunea lur zoru industriala kontsideratzeko hartu duen erabakia, uste duzu gure herriko etorkizun ekonomikoa baldintza dezakeela kontuan harturik lur zoru industrialaren eskasia gure ingurunean?”. Erantzuna: “Beno”. Hemendik ere, zerbait atera behar!.
Okerrena, ordea, etortzeko dago. Demagun jenero batekoa nahiz bestekoa engainatu duzula eta fulamentuzko erantzun pare bat atera diozula. “Oso ondo, eskerrik asko, orain argazki bat egingo dizut” esaten diezu, arnasa sakon hartu ondoren eta ilusioz beterik, eta hara non ikusten duzun elkarrizketatua ihesi doala, “hori ez, ezta pentsatu ere!” oihukatuz. Zure inkesta, kakapilara!.
Beraz irakurle, errukia izan ezazu eta hartu gure lana behar duen kontsiderazioan. Beno, hau ez hainbeste.
J. M. Bereziartua, kazetari afizionatua