Honetaz guztiaz gain, OSTADARrekoek urriaren 9an Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean aurkeztu zuten web-gune aberatsa ere badute. Koldo Mitxelena Kulturgunekoak euskarazko web-gune osatuenak ezagutzera emateko asmoz (Egunkariarena, Argiarena, argitaletxe ezberdinena…) aurkezpenak antolatzen ari dira eta OSTADARrekoei ere gonbitea luzatu izana esanguratsuOstadara da benetan. Aurkezpen egunean, goizean prentsaurrekoa eskaini zuten OSTADARrekoek eta arratsaldean jendeari web-gunearen ezaugarrien berri eman zieten.
Dena den, aurkezpen ofiziala aurten egin bada ere, bi urte pasatxo dira jada sarean dela eta web-gunearen hastapena bilatzeko 1993. urte ingurura jo behar da. Urte horretan Luis Miguel Gonzalezek taldeko zuzendaritza hartu zuen eta mendi irteerak dokumentatzea bururatu zitzaion. Horretarako DIN-A3 tamainako orri batean irteerari buruzko testua idazten zen, gazteleraz zein euskaraz, eta argazki batekin zein ibilbidearen maparekin hornitzen zen. Orri hau irteera aurretik mendizaleei banatzen zitzaien eta oraindik ere hala egiten dute OSTADARrekoek. Honi esker mendizaleek badakite nora doazen eta zein ibilbide egin behar duten, zuzendaritza taldekoak baino azkarrago joan daitezke presa badute eta beste egun batean ibilbidea errepikatzeko aukera eskaintzen die.
Ekimen hau martxan jarri eta hilabete batzuetara Jonmikel Intsausti informatikaria taldean sartu zen eta dokumentazio hau ordenadorez lantzen hasi zen. Duela hiru urte Jonmikeli disketetan bildutako guztiarekin web-gune bat sortzea bururatu zitzaion eta lanari ekin zion buru-belarri. Dokumentazio lana egiteko mendi taldeko kideen laguntza izan zuen eta berak informatika arloa jorratu zuen: word fitxategiak html formatura pasa zituen, informazioa antolatu zuen, argazki ugari eskaneatu zituen eta orriaren diseinua landu zuen. Labur-labur esaten den guztiak hilabetetan zehar sekulako lana eman zion Jonmikeli eta berak ere ez daki zenbat ordu sartuko zituen web-gunea egiten.
Horren gogotsu eginiko lanaren emaitza mendizale ororentzat oso interesgarria den eta informazio zabala eskain-tzen duen www.OSTADAR.org web-gunea da. Orriaren muina OSTADARrek azken urte hauetan egindako irteeren eta beste hainbat mendiren inguruko informazio zehatzak osatzen dute. Baina honetaz gain, beste hainbat gauza ere aurki ditzakegu: eguneratzen saiatzen diren aterpeen zerrenda, mendizaleei euren zalantzak argitzeko posta elektroniko zerbitzua, urtero antola-tzen duten mendi astearen zein Iñaki Beitiaren omenezko martxaren informazioa, taldearen historia… Honetaz gain eguraldiaren berri zein mendizaleentzat interesgarriak diren beste hainbat informazio eskaintzen duten beste web-gune batzuen helbideak ere aurki daitezke OSTADARren web-gunean.
Baina, aipatu bezala, gunearen oinarria mendiei buruzko informazioa da. OSTADARrekoek eurek zein beste mendi talde batzuek Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo egindako 110 irteerei buruzko informazioa bildu dute web-gunean mapa, argazki eta bestelakoez lagundurik. Hauen artean egun batean egiteko irteerak daude eta beste batzuk, berriz, zenbait egunetan egitekoak dira. Azkeneko hauen artean Uren Banalerroaren ibilbide handia eta Patxi Arriaga elgoibartarrak egindako mapekin osatutako 4 eta 5 hiriburuen ibilbide handiak aurki ditzakegu (Xebe Peñak 43an egindako 4 Katedralen ibilbide handian oinarrituak).
Jonmikel Intsausti oso gustura dago egindako lanaz eta astero 30 lagun inguruk bisitatzen omen dute web-gunea. Baina halakoekin ez dago sekula osaturik daudela esaterik eta lanik handiena egina dagoen arren, gunea eguneratzeaz eta hobetzeaz ere arduratzen dira mendizaleei ahalik eta informazio zehatz eta osoena emateko asmoz. OSTADARrekoek pixkanaka mapa eta argazki gehiago, GPS informazioa, errepide sarearen informazioa… eskaintzeko asmoa dute, baina oraingoz Jonmikel WAP eredua prestatzen dabil buru-belarri. Honi esker, telefono mugikorretan OSTADARren web-guneko informazioa jaso ahal izango da. Honek mendian gaudela aterpetxe bateko telefonoa lortu eta bertara deitzeko balio diezaguke, esaterako.