Aitor, Andoniren fitxatzea zerikusirik izan al zenuen?
Aitor: Beasain Urolako atezainarena den Jon Anderren eta Segurako Hombreren atzetik zebilen. Iazko denboraldiko azken partiduan Urolak Seguraren aurka jokatzen zuela aprobetxatuz, Gonzalo Arkonada Argixaora etorri zen eta nirekin ikusi zuen partidua. Egun hartan Jon Anderrek ez zuen jolastu eta Andonik zein Aldanondok Hombreri ez zioten baloirik ukitzen ere utzi eta jokaldi askotan komentatu genuen Andoni oso ondo zebilela. Ordurako Gonzalori denbora falta zela eta, futbola uzteko asmoa nuela esana nion eta handik gutxira deitu egin zidaten jarraitzeko eskatuz. Egun haietan oso argi nuen eta ezetz esan nien. Orduan Gonzalok fitxatzeren bat gomendatzeko eskatu zidan eta Seguraren aurka ikusi genuen Andoni gomendatu nion. Handik gutxira jakin nuen fitxatu zutela eta poztu egin nintzen.
Futbolean jarraitzea erabaki ostean, gomendatu zenuena konpetentzia duzu…
Aitor: Bai, baina gustura gabiltza, nahiz eta zenbaitetan partiduan gertatzen direnei buruz iritzi ezberdinak ditugun. Egia esan, Beasainen jarraitzea erabaki nuenean beldur pixka bat banuen. Izan ere, orain Beasainen zentral postuan joka dezakegun bost gaude, baina ez da gauza besteei postua kendu behar izatea edo Andoniri kendu behar izatea. Andoniri postua kentzea gogorragoa izango litzateke. Dena den, zortea izan dugu, oraingoz biok ari baikara jokatzen.
Definituko al zinatekete elkarri jokalari moduan?
Aitor: Andonik oso teknika, toke eta pase ona du, hori dela eta berak ateratzen ditu luzean atera behar diren falta guztiak. Buruz ondo moldatzen da eta abiadura nahikoa du. Denbora asko du aurretik eta besteengandik ikasten saiatzen bada, gora egiteko aukera du.
Andoni: Beste norbaitengatik egunkariren batean irakurri al duzu hori guztia…? Aitor oso jokalari ona da Beasain talderako esperientzia handia baitu. Buruz oso ondo aritzen da eta oso kolokazio ona du. Bestalde, bere izaera dela eta, asko laguntzen dio taldeari momentu txarretan.
Aitor: Kalitateari buruz ez duzu ezer esan… (barreak). Norberak bere mugak ezagutzen dituela argi dago eta aurrera egiten baduzu ezaugarri onez baliatzen dakizulako eta txarrak ezkutatzen dituzulako da.
Abenduaren 13an zuen bizitzeko partidua duzue, nola jaso zenuten berria?
Andoni: Komentatu izan zen zonaka egingo zela Kopako zozketa eta talde ahulenok indartsuenen aurka jokatuko genuela. Nik Athleticen aurka tokatzea nahiago nuen, Errealekoa naizenez gusturago kanporatuko bainuke. Dena den, albistea oso pozik hartu nuen, Errealaren aurka jokatzea neure bizitzako aukera baita. Jada hasi zait jendea Errealeko jokalari bati edo besteari kamiseta aldatu eta beraiei emateko eskatzen.
Aitor: Andonik esan bezala, bagenekien inguruko talde indartsu baten aurka tokatuko zitzaigula, baina ez da gauza bera euskal talde bat tokatzea edo, esaterako, Racing tokatzea. Nik neuk Errealaren aurka tokatzea nahi nuen eta zorte izan dut. Hala ere, ez dakit zergatik pentsatzen dudan egun horretarako zerbait gertatuko zaidala eta ez dudala jokatzerik izango. Gainera, egun horretan denok jokatu nahi dugu eta erdi lesionaturik dagoena ere jokatzeko prest agertuko da. Partidu oso berezia izango da eta lagunen artean ere nabari dut. Izan ere, beti esaten didate partiduren batera etorriko direla, baina sarrerak izaten ditudan arren ez dizkidate inoiz eskatzen. Errealaren aurkako partidurako, ordea, ez ditugu sarrerak izango eta denak eskean hasi zaizkit.
Nola ikusten duzue partidua?
Aitor: Nire ustez Erreala ez da gainontzeko partiduetan duen mentalitateaz etorriko. Errealak irabazteko gutxi eta galtzeko asko du eta guk alderantziz. Aukerak baditugula uste dut, geure zelaian jokatzen baitugu eta hau 1. mailakoena baino txikiagoa eta irregularragoa baita. Bestalde, presio handia eta joko nahastuagoa egiten dugu eta baliagarria izan dakiguke. Pronostiko bat botatzekotan 3 eta 2koa botako nuke. Guri gol askoko partidu nahasia komeni zaigula uste dut.
Andoni: Nik ere gol dezente izango direla uste dut eta nahiz eta Erreala 1. mailako taldeen aurkako partiduetako mentalitateaz ez den etorriko, serio aritu beharko direla uste dut, guk dena emango baitugu eta aurten ez baitago itzulerako partidurik lehen kanporaketetan. Arazorik handienak momentu konkretuetan euren kalitateak sor diezazkiguke: faltetan, kornerretan…
Futbolariak eta Errealzaleak izanik, zer iritzi duzue Errealean azken urte hauetan ematen ari diren gorabeherez?
Andoni: Nire ustez jokalari eta entrenatzaile aldaketa gehiegi ematen ari dira azkenaldi honetan. Jendeak geroz eta pazientzia gutxiago du eta lasaitasun handiagoa behar dela uste dut.
Aitor: Azkenaldi honetako gertaerak ikusirik, nire errealzaletasuna zalantzan dut. 2. B mailan oso jende ona ikusi dut eta 2. mailan ere estatu osoko jokalari on asko ikusten dira. Hau dela eta, ez dut ulertzen Errealaren politika, kanpora jokalari bila joatearena hain zuzen ere. Andoni eta biok ez gaude Beasainen Urolako berezienak ginelako, zorte pixka bat izan eta pertsona batek aukeratu gintuelako baizik. Honek 2. B mailako erritmoan jarri gaitu eta horretara ohitzean 2. B mailako jokalari bilakatu gara. Nire ustez 2. eta 2. B mailako jokalari asko 1. mailan jokalari oso onak izango lirateke eta hau frogatzen duten kasuak eman izan dira. Bestalde, “Sanse” 3. mailan egonda, ez da posible jokalariak 1. mailan joka dezaten prestatzea. “Sanse” 2. B mailan egon beharko litzateke, maila honetan beterano asko egoten baitira eta beraiengandik zer ikasi asko baitute. Errealak benetako esfortzua egin beharko luke bigarren taldea mailaz igo dadin eta hau 17 urteko gazteekin lortzea ezinezkoa izango da beharbada. Lehen taldeari dagokionez, aurten Anoetan behin bakarrik izan naiz eta kobratzen dutena ikusirik, ez dago ulertzerik nola jar zezaketen guk baino gogo eta esfortzu gutxiago. Arrazoi hauengatik guztiengatik ez nago batere gustura Errealaren lanarekin eta bere aurka jokatu eta partidu horretan lehertu arte aritzeko gogoa dut.