Eguneroko buruhausteak ahaztu eta lasaitzeko mendira joatea atsegin du Jose Romanek eta Beloki ingurua bereziki gustukoa du. Hala izanik, ez da harritzekoa Belokiko gurutzearen lagunen elkartekoa izatea. Urtean behin, irailean, Belokiko gurutzearen festa antolatu ohi dute, baina datorren urtean gurutzeak 75 urte beteko dituenez, zerbait berezia egiteko asmotan dira. Egun Belokin Elorriaga bideko ur-biltegiko ura emango duen iturria jartzeko lanean ari dira eta epe luzera gurutzearen inguruko lur batzuk erosi eta ingurua txukuntzeko asmoa ere badute.
-Zer izan nahi zenuen umetan?
Mekanikoa.
-Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Mendira joatea, astia dudan guztietan mendira joaten naiz.
-Bizitzeko toki bat?
Edozein herri txiki, mendia eta itsasoa baditu hobe.
-Irimo ala Beloki?
Biak.
-Zenbat aldiz joan zara Belokira?
Ehundik gora eta Izazpira ere bai.
-Zer iritzi duzu droga guztiak legeztatzeaz?
Ez nago drogak legeztatzearen alde. Egun metadona legeztatua dago gaixoentzat, eta gehienek metadona hartu eta beste drogen bila ere joaten dira.
-Lehengo ala oraingo gazteak?
Beti alde onari begiratzen diot. Gaztetasunak berez alde on ugari ditu eta horiek ateratzen jakin behar da.
-Ainhoa Arteta ala Urkiola ahizpak?
Ainhoa Arteta, nahiz eta alabekin oso gustura nagoen.
-Meza non, parrokian ala Antion?
Antio oso gustukoa dut, txikitan larunbata arratsaldero joaten bainintzen baserritik bueltan, baina parrokia ere bai.
-Setien ala Uriarte?
Setienekin hartu emana izan nuen eta Uriarte Lourdesen ezagutu nuen. Pertsonen aurpegiaz gogoratzeko erraztasuna du, urrian Antioko erromesaldira etorri zenean nitaz gogoratzen baitzen.
-Nor gustatuko litzaizuke ezagutzea?
Jada ez dut ezagutzeko aukerarik izango: Calcutako Teresa.
-Ilehoriak ala beltzaranak?
Berdin zait, baina emaztea ilehoria dut.
-Egindako azken oparia?
Perfume bat.
-Eta jasotakoa?
Ordulari bat.
-Data bat?
Aita izan nintzenekoa.
-Neska izen bat?
Amaia.
-Zein egunkari irakurtzen duzu?
Euskaldunon Egunkaria eta DV. Gara ere bai batzuetan.
-Gustuko telebista saioa?
Albistegiez gain oso gutxi ikusten dut, baina Bertatik Bertara gustukoa dut.
-Bereziki gorroto duzuna?
Albistegietako manipulazioa.
-Liburu bat.
“Plenitud en la vida cotidiana”, Antonio Blayrena.
-Filme bat.
Ben-Hur.
-Gustuko abestia?
Carmina Burana.
-Soinu bat.
Bibolinarena.
-Usain bat.
Belar lehorrarena.
-Ukitzeko…
Leuna den edozer.
-Janari bat.
Zapoa labean.
-Ura ala…
Bazkariarekin ardo ona ere bai.