Zer da zehazki enduroa?
Enduroa motokrosaren eta trialaren arteko nahasketa modukoa da eta nire ustez modalitate osoena da. Izan ere, motokrosaren abiadura trialaren teknika beharrarekin nahasten da. Enduroko motorrak motokrosekoak bezalakoak dira, baina kalean ibiltzeko beharrezkoak diren matrikula eta paperak dituzte. Serieko diren arren, gero norberak gure gustura prestatzen ditugu. Mendian, hiru itzulitan, 90 bat kilometro egiten ditugu. Lasterketa bera hasi aurretik lehen itzuli bat egin behar da denbora zehatz batean, ibilaldi neurtuetan gertatzen den moduan, eta ezarritako denbora betetzen ez badugu zigortu egiten zaigu. Lehen itzuli honen ostean, 3 itzulitako lasterketa hasten da eta hemen jada ahalik eta azkarren joan behar da.
Nola entrenatzen duzu?
Baserritar batek lursail bat alokatu digu zenbait laguni entrenatzeko eta bertan zirkuitu txiki bat prestatuko dugu. Izan ere, denborak hartzen lagunduko digun erreferentzi bat beharrezkoa dugu denbora hauek hobetzeko zer egin dezakegun frogatzeko. Bestalde, motorrean ibil-tzeaz gain, gimnasioan ere hasi nintzen eta oinez ere ibiltzen naiz entrenatzeko. Entrenatu beharra dago, jende askok hala uste ez duen arren, laupabost orduz topean moto gainean ibiltzeak asko nekatzen du.
Euskadiko Trofeoa irabazi duzu, nola joan da denboraldia?
Aurten 8 lasterketa korritu behar genituen, baina azkenean 5 bakarrik antolatu dira. Izan ere, itzuli luze samarrak egiten ditugunez, herri ezberdinetako lurretatik pasatzen gara eta hauetako udaletxeren batek baimena ukatzea nahikoa da lasterketa bertan behera gelditzeko. Lasterketak Gernika, Amurrio, Zalla, Elgoibar eta Barakaldon izan dira. Gehienak Bizkaian izaten dira. Izan ere, bertan motozale talde indartsuak daude eta beraz antolaketa lanetarako jende gehiago dute. Bestalde, Gernikako lasterketa Espainiako Txapelketarako puntuagarria izan zen eta bertan nire mailan laugarren postua lortu nuen.
Zer asmo dituzu datorren denboraldirako?
Martxoa aldean hasiko den denboraldia junior mailan azkenekoa denez, Trofeoa baino teknikoagoa den Txapelketan parte hartzeko asmoa dut. Euskadiko txapelketa korrituko dut, baina inguruan Espainiako txapelketaren frogaren bat suertatzen bada, bertara ere joango naiz. Bestalde, Euskadiko motokros txapelketaren froga batzuetan parte hartzeko asmoa ere badut. Izan ere, motorrari oso aldaketa gutxi egin behar zaizkio eta abiadura entrenatzeko oso ona da.
Diru asko beharko da txapelketa hauetan parte hartzeko…
Euskadiko txapelketan ez dago profesionalik eta zaletasun handia dugulako aritzen gara, gure poltsikotik dirua jartzen. Motorrak milioi inguru balio du eta 300.000-400.000 pezeta inguruko aurrekontua dut denboraldiko. Kirol hauek drogaren modukoak direla esan dezakegu: barruan zaudenean ez zara konturatzen nolako dirutza gastatzen ari zaren. Hori dela eta, gastua arinduko didan babesleren baten bila nabil. Ea norbait animatzen den!
Beste ezer esan nahi baduzu…
Motorrean ibiltzen garenok nahiko ospe txarra dugu mendizaleen artean, baina gu behintzat ahalik eta errespetu handienaz ibiltzen saiatzen gara. Debekatua dagoen tokietan ez gara sartzen eta jendea datorrela ikusten badugu abiadura mantsotzen dugu. Guk ere mendia asko atsegin dugu eta gurea mendiaz gozatzeko modu bat da. Oinez edo bizikletaz doazenek baino gehiago kutsatzen dugula onartzen dugu, baina nik behintzat hamarretakoa egiten dugunean zabor guztia etxera eramaten dut bueltan eta gutaz kexu diren askok zikinkeria bertan uzten dute. Dena den, aitortu behar dut motorzale batzuk errespetu gutxi izaten dutela eta beraien erruz ospe txarra dugula.