Nolakoa izan zen Citroen ZXatik Meganerako pausua?
Meganeak kalean dabilen modeloaren antza handiagoa du ZXak zuena baino. ZXak gehiago korritzen zuen, gehiago frenatu… Baina honek ez du esan nahi Meganea gidatzea errazagoa izan denik. Birziklaia lana egin behar izan nuen, ZXa gidatzeko ikasi behar izan nituen gauza askok Renaulta gidatzeko enbarazu egiten baitzidaten. Bestalde, Megane Kopan maila baxuagoko pilotuak daude, baina pilotu gehiago. Ondorioz, egun txar bat edukiz gero, oso postu txarra lortzeko arriskua dago. Lehen urtean presio handi samarra nuen, serie autoen txapelketa irabazi ostean Megana derrigor irabazi beharra nuela baitzirudien, baina presioarekin bizi izaten jakin behar da.
Iaz laugarren gelditu zinen eta aurten irabazi egin duzu, nola joan da denboraldia?
Aurten talde berriarekin aritu naiz eta iaz baino baldintza hobeak izan ditut. Hori dela eta, lasterketa guztiak amaitu ditut eta zortzi lasterketetatik lau irabazi ditut, behin bigarren gelditu naiz, bitan hirugarren eta Albaceten zazpigarren gelditu nintzen. Oso erregular aritu naiz eta nahiko erraz irabazi dut txapelketa.
Datorren urtean Clio Trophya korritu behar duzu…
Renaultera pasa nintzenean lehiaketa honetan parte hartzeko asmoa nuen, baina konpetentziatik nentorren eta beraiek lehenengo Meganea gidatzen jarri zidaten balio nuena erakutsi nezan. Nire balioa berriro erakutsi beharra izan da azken bi urte hauetako gauzarik gogorrena. Irabazi ondoren saltua emateko aukera eskaini didate eta apiriletik aurrera Europa mailako txapelketa honetan parte hartuko dut. Zenbait zirkuitutan (Monaco, Monza, Spa-Francochamps) Formula 1arekin batera korritzen da eta hauetaz gain, Donningtonen, Assenen… ere arituko gara. Kotxeak 300 zaldi ditu eta lehiakideak oso onak dira, behetik gora goazenok goitik behera datozenekin lehiatuko baikara. Formula 1ean, Le Mansen, 3000 formulan… aritu den jendearekin besteak beste.
Zein da zure helburua denboraldi berrirako?
Irabazi dezakedala uste dut, noski, bestela ez bainintzake lehiatuko; baina lehenengo urte hau lasai hartu eta ikasteko erabili behar dut. Izan ere, Monakon, adibidez, hiri barruko zirkuitua denez, kronometratutako entrenamenduetan sartuko gara zuzenean; kontuan hartu behar da aurreko urteetan arituek, jada zirkuitua ezagutzen dutenez, abantaila handia dutela. Argi dago ezin naizela itsu-itsuan atera, bestela istripua izango bainuke. Bigarren urterako zirkuituak nolakoak diren ezagutuko eta autoa beraietara nola egokitu jakingo dut.
Zein talderekin aritu behar duzu?
Renaultek aurrekontuaren oso zati garrantzitsua ematen dit eta Danimarka edo Alemaniako taldeekin aritzeko eskaintza dudan arren, nire asmoa Gipuzkoarrez osatutako talde bat osatzea da. Zergatik? Alde batetik, beste talde batera joanez gero beraiek Renaultek eta gainontzeko patrozinatzaileek ematen didaten laguntzaz baliatuko liratekeelako eta nire kontura dirua egingo luketelako. Bestetik hemengo talde bat sortuz gero lehen urtea lasai hartuta ere jarraipena izateko aukera izango genukeelako. Hori dela eta, zenbait lagun bertako enpresen laguntza lortzen saiatzen ari gara. Hemengo enpresa askok Europa mailan ere bezeroak dituzte eta auto lasterketa talde bati laguntzeak irudi gazte, dinamiko eta teknologikoa ematen lagun diezaieke.