Ekaitz handia, haize, trumoi eta tximistekin, Zumarragako parrokian
Ebangelistek Jesusen heriotzaz diote: San Mateo, "lurra ilunpetan gelditu zen arratsalde erdira arte… baina Jesusek oihu ozena eginez azken hatsa eman zuen eta Santutegiko gortina goitik behera bitan zatitu zen". San Marcos: "…lurrak dar-dar egin zuen, haitzak pitzatu, hilobiak ireki eta gorpu ugari berpiztu ziren…". Hau guztia gogora ekartzen genuen urtero Zumarragako elizan Ostiral Santu egunean Kristoren pasioa eta heriotza ospatzeko.
Pasio Igandearen bezperan, sakristauak, bere semeak eta bere bi suhiek (bata nire aita), elizako erretaula nagusia estaltzen zuten. Luis eta Juanito osabek, gangan egindako zulo batzuetatik aldareko zoruraino heltzen ziren soka batzuk pasatzen zituzten eta soka hauek lau Ebangelistak zeuden tokiraino heltzen zen oihal beltzari eusten zioten. Honela, aldare nagusia estaltzen zen eta hala egoten zen hamabost egunez.
Erramu Igandean, goizeko hamarretan, goialdeko arkupetik prozesioa irteten zen. Buruan Don Pedro Larrañaga apaiza (erramuaz apainduriko gurutzea zeramala) eta parrokiko koruko batzuk joaten ziren eta atzean, tropelean, mutikoak eta gazteak. Don Pedrok itxita egoten zen beheko atera heltzen zenean, honi gurutzeaz kolpe batzuk ematen zizkion zabal ziezaioten. Barruan apaizak eta koruko gainontzekoak egoten ziren, eta kantuan sartzen ginen. Beti uste izan nuen sarrera honek Jesusek Jerusalenen egin zuen garaipen-sarrera antzezten zuela. Meza ohi baino luzeagoa izaten zen ebanjelioa zela eta. Hau Don Segundo bikarioak, Don Pedrok eta Don Andresek irakurtzen zuten.
Asteazken Santua. Prozesioko pausoak eta Geltokietako lorazainek apaintzen zuten monumentua prest zeuden jada. Ilunaldiko funtzioa lauetan hasten zen. Apaizak koruan egoten ziren Maitines kantatzen eta sakristaua elizaren erdian, hamabost bat kandela pizturik zituen egurrezko zutargi baten alboan. Korutik seinalea ematen zioten heinean, banan-banan itzaltzen zituen eta bat bakarra pizturik gelditzen zenean aldarera eramaten zuen. Gaztetxook, koruak seinalea ematen zigunean, zoruari ostikoka eta tomate poteetan eramaten genituen harriekin sekulako burrunba sortzen genuen. Orduan, sakristaua eskuan ihi haga zuela gu elizatik botatzera etortzen zen. Handik urte batzuetara honen guztiaren esanahiagatik galdetu nion norbaiti eta munduaren Salbatzailea hil zenean entzun zen trumoia irudikatzen zuela esan zidan.
Ostegun Santuan, hamarretako meza nagusiaren ondoren, eta Guztiz Santua Monumentura eraman eta alkateak Sagrarioko giltza bere lepoan zintzilikatu ostean, hilerrira joaten ginen familiako hildakoei bisitaldia egitera. Arratsaldean, ahal izanez gero jantzi berriarekin, "mandatuaren eta eukaristiaren instituzioaren" funtziora joaten ginen. Arratsalde honetako sermoia frantziskotar batek egin ohi zuen. Bukatzen zenean, beheko atetik irteten zen prozesioa hasten zen. Mutikoak ginela, ohore handia zen nazarenoz jantzita ateratzea, tunika moreak soinean eta eliza ondoan zegoen hilerri zaharreko sasiez eginiko koroa buruan genuela. Nazarenoak prozesioaren buruan joaten ziren, eta atzean "Baratzeko Jesusen" pausua, "zutabeari lotuarena", "Ecce-homoa", "Beronika", "Nazarenoa", "Gurutzeko Kristoa" eta "Dolorosa" joaten ziren. Prozesioa amaitzen zenean, pausuak eraman zituztenek sakristian janaurrekoa izaten zuten.
Ostiral Santuan hamarretan "meza lehorra" zeritzona ospatzen zen, ez baitzegoen tragorik. Egun horretan bikarioak soilik hartzen zuen Jauna. Meza honetan Gurutzea gurtzen zen eta arratsaldean elizako leihoak itxi eta ia ilunpetan gelditzen zen. Sermoilariak nekaldia irakurtzen zuen eta Kristoren heriotzara heltzen zenean, geldialdia egin eta pulpituan belaunikatzen zen. Orduan ekaitza antzezten zen: koruan sei bat lagunek haize zarata ateratzen zuten xaflatxo batzuk birarazten zituzten, arto aleak hojalata gainera botatzen ziren txingorraren soinua eginez, aldareko gortinaren atzean pizten ziren bolbora kukurutxoek tximistak ziruditen eta bonbo batek trumoi hotsa egiten zuen.
Geldialdi baten ostean Pascual Okariz baritonoak "Hil da Jesus maitea" kantatzen zuen eta Andres Olaetxea eta Manolo Garin tenore bikoteak errepika kantatzen zuten. Kanta bukatu ostean hiletako prozesioa elizatik irteten zen.
Aintza Larunbatean egun "zubia" deritzona izaten genuen eta zentimo batzuk irabazteko aukera ere bai. Goizean ura eta sua bedeinkatzen ziren eta ur bedeinkatua eta erretako ardagaiaren zatiak herriko etxeetan saltzen genituen bost zentimoren edo asko jota hamar zentimoren truke.
Berpizkunde Igandean goiz jaiki beharra zegoen Zumarragako parrokiko atzealdean dagoen parkean Jesusen eta bere amaren arteko elkartzea ikusteko. Amarbirjiña belo beltz batek estalia joaten zen eta semearengana heldu aurretik hiru erreberentzia egiten zizkion. Orduan nire aitonak beloa kentzen zion, aingerutxoek Jakatarron usoak askatzen zituzten, bandak musika jotzen zuen, kanpai soinua entzuten zen eta koruak "Aleluia" kantatzen zuen.
Hau guztia, zoritxarrez, historia idatzia da eta era honetara soilik ezagutarazi ahal izango dugu etorkizunean.
Angel Cruz Jaka Legorburu:“Urretxun prozesio nagusia ostiralean izaten zen eta Zumarragan, berriz, ostegunean”
Urretxun duela hamarkada gutxi batzuk arte Aste Santua nolakoa zen jakiteko Santiago Garmendia parrokoarengana jo dugu. Don Santiago jaiotzez lazkaotarra bada ere, apaiz egin eta berehala Urretxura bidali zuten, 50 urtean, eta ordutik gure artean dagoenez, primeran ezagutzen du joan den mendearen bigarren erdialdean Urretxuko herriak nola bizi zuen Aste Santua. "Erramu Igandean gurutzea zeramanak eta herritarrak prozesioan ateratzen ziren eta bueltan, Jesusen Jerusalengo sarrera antzezteko, elizako atea itxita izaten zuten. Atea jotzen zen eta "sartu zaitez aintzaz beterik" esaten zitzaion. Orain berriro prozesio hau egiten hasiak gaude".
Ondoren, leku orotan bezala, Ostegun eta Ostiral Santuak zein Berpizkunde Igandeak osatzen zuten hirurrena heltzen zen. Izan ere, larunbata liturgia gabeko eguna da, fededunak Jesusen berpizkundearen gau bereziaren zain baitaude. "Gaubeila ahal dela gauerdian egin behar dela esaten da, baina parrokia batean ez dago hori egiterik eta gu gaueko hamarretan hasten gara."
Baina lehenago Ostegun Santua dago eta Don Santiagoren esanetan "Urretxu eta Zumarraga hain gertu dauden herriak izanik, bakoitzak bereziki ospatzen zituen egun batzuk zituen. Ostegun Santuak Zumarragan Urretxun baino garrantzia handiagoa zuenez, Urretxun egun honetan prozesioa eta oinen garbitzea Zumarragako prozesioa hasi aurretik egiten ziren. Goizean meza izaten zen eta kontsakratzen zen ogia, monumentu deitzen zitzaiona, hurrengo egunerako gordetzen zen, Ostiral Santuan ez baitzegoen kontsakratzerik.
Prozesioa arratsaldean, Zumarragakoa baino lehen, izaten zen eta bost irudi ateratzen ziren aurretik parrokiko gurutzea zutela: Jesus nazaretarra, San Joan, Maria Magdalena, Veronica eta Ama Doloretakoa. Figura bakoitza lau bat lagunen artean eramaten zuten eta alboan kandelekin joaten zirenak zihoazen. Figura eramateko ohorea zenbait familiak zuten eta oinordekotzan uzten zen. Prozesio hau ostiralekoa baino laburragoa izaten zen: parrokiatik irteten zen, Iparragirre kaletik Goiko Kalera igo eta handik elizara itzultzen zen. Korua ere ateratzen zen "Miserere" kantatuz lau ahotsetara, gizonezkoak alboetara joaten ziren bi ilaratan eta emakumezkoak atzean tropelen".
Jesus espetxean zegoela suposatzen zenez, gauean kongregazio ezberdinak txandatzen ziren gaubeila egiteko. Mezatan zein prozesioetan jende ugari biltzen zen eta horren erakusgarri da ostiraleko mezatara inguruetako herri txikietako apaizak etortzen zirela Urretxura Don Santiagori meza ematen laguntzera. Izan ere, Ostirala zen egunik bereziena Urretxun. Goizeko 6:30ean gurutze bideak egiten ziren, baina elizkizunik garrantzitsuena arratsaldean zen. 4:30ean, eliza beterik zela, hasten zen eta hiru ordu laurden inguruko hitzaldian Jesusen nekaldia kontatzen zen.
Ondoren Jesus gurutzetik jaisten zen eta Don Santiagoren esanetan "honetarako artikulazio mugikorrak zituen Jesusen irudi bat genuen eta lan hau egiteko sasoiko gizona aukeratzen genuen. Momentu horretan opera kantu dramatiko bat kantatzen zuten hiru ahotsetako koruak eta solistak. Oso hunkigarria izaten zen, hitzaldia egiten zuenak ere giroa sortzen jakiten baitzuen. Garai hartan zegoen elizkizun zaletasunak ere bere eragina zuen, noski! Gainera, orduan erlijioak Jainkoarekiko harremanari ematen zion garrantzia eta ez hainbeste lagun hurkoarekikoari".
Gurutzetik jaitsi ostean Jesusen beste irudi bat hilobian sartzen zen eta orduan prozesioa hasten zen. "Ostegunekoa bezalakoa izaten zen, baina koruak "Miserere"z gain "Ama negarrez dago gurutzearen ondoan" kantatzen zuen. Bestalde, egun handia Urretxun hau zenez, ibilbidea luzeagoa izaten zen: Iparragirre kalean behealdera hartzen genuen, Abenidatik pasatu, Areizagara joan eta handik Nekolalde eta Jauregira igotzen ginen. Erromatar soldaduak ere ateratzen ziren eta Eguzkitza baserriko Zubizarretar bat eskoadroi burua izaten zen. Prozesioetako irudiak aste bete lehenago ateratzen genituen elizara: Gaspar Gabilondo arotza irudiak txukuntzeaz eta muntaiak egiteaz arduratzen zen, Marcelino Araiztegik kakorratzeko zapia jartzen zion hilobiari…".
Don Santiagok dionez "garai hartan bi herrien artean lehiakortasun handiagoa zegoen eta herri batetik bestera joaten ginen zer nolako prozesioa antolatu zuten ikustera. San Martinen irudiak atzealdea laua zuenez, Zumarragarrek "ipurdirik gabeko San Martin" deitzen zioten eta urretxuarrek Antioko Amabirjiñari aurpegia egiteko kendu ziotela esaten zuten".
Larunbata liturgiarik gabeko eguna da, baina "gaubeila egin ondoren, igandean goizeko 6etan, piztuera ospatzen zen. Jesus berpiztuaren eta Amabirjiñaren irudiekin elkartzearen prozesioa egiten zen aldapan. Aingeruz jantzitako batek dantza bat egiten zuen, Amabirjiñari beloa kentzen zitzaion, "Zeruko erregina alaitu zaitez" latinez kantatu eta elizara bueltatzen ginen mezetara. Honekin Pazkoa bukatzen zen eta "a la juerga!".
"Orduan garizuma oso serio egiten zen, egun ia ulertu ezin dugun moduan: haragirik ez zen jaten, baraualdia egiten zen, dantza, musika kontuak… eteten ziren. Ohitura hauek guztiak eta prozesioak Vaticanoren bigarren batzarraren ondoren galtzen hasi ziren gurean, 60. hamarkadan. Baina oraindik ere, ohiturari jarraituz, txistulariek garizuman ez dute jotzen".
Aste Santuan ere oporretara
Angel Kruz Jaka Legorburuk eta Don Santiagok argi adierazi dutenez, azken urte hauetan ohiturak asko aldatu dira eta horren lekuko gaur egunean bi herriotan Aste Santua bizitzeko modua da. Hala, garai batean urretxuar eta zumarragar gehienak herrian gelditu eta eguneroko mezatara eta prozesioetara joaten baziren ere, egun askok eta askok bost jaiegun hauek kanpora joateko erabiltzen dituzte.
Halcon Bidaiakeko Idoia Tauschkek eta Eroski Bidaiakeko Mª Elena Gallegok esan digutenez, herritarrak otsaila aldean hasten dira normalean asteazken iluntzetik astelehen iluntzera luzatzen den Aste Santuko bidaia prestatzen. Izan ere, sasoi horretan plazaratzen dituzte bidaia agentziek eskaintza bereziak eta martxorako jada agortu egiten dira. Euren bulegoetara joaten diren gehienak 20 urtetik gorako gazteak omen dira eta Aste Santuko oporrak laburrak direnez, orokorrean bezeroak ez omen dira oso urrutira joaten: "jendeak eguraldi ona egiten duen lekuetara joan nahi izaten du: Saloura, Benidormera, Canariar Irlak, Balear Irlak… baina Landetara, Parisera, Eurodisneyra… joaten denik ere bada".
Bestalde, Idoia eta Mª Elenak adinaren arabera bezeroen artean aldea dagoela esan ziguten: "gazteenek pentsio erdia soilik eskaintzen duten eskaintzak hartzen dituzte, asko parranda egitera joaten direnez hotelaren ezaugarriei garrantzia txikiagoa ematen diete eta batez-beste 50.000 pezeta inguru gastatzen dituzte. Familiek, berriz, pentsio osoa eskatzen dute eta 100.000 pezeta inguru gastatzen dute".