Noiz, eta zerk edo nork motibatu zintuzten eskubaloian hastera?
Miren: Eskola kirolean kirol guztiak egiten nituen eta kirol bat aukeratzeko ordua iritsi zenean saskibaloian jokatu nahi nuen, baina ez zen talderik sortu. Hori dela eta, eskubaloia aukeratu nuen Jose Angel Vararen bidez. Eskolarretan nenbilenean ere, berak bere taldearekin jokatzera eramaten ninduen. Esan dezaket, Varak eman zidala bultzada ni eskubaloian guztiz murgildu nendin.
Iker: Niri antzeko zerbait gertatu zitzaidan. Eskolarretan hasi eta gero, Urolako Futbol Eskolan aritu nintzen urtebetez. Hala eta guztiz ere, eskolarretan jada, Varak adin horretarako dezenteko gorputza nuela aipatu zidan, eta froga bat egitea proposatu zidan. Urtebete horretan, Futbol Eskolan eta Eskubaloi taldean entrenatzen ibili nintzen, baina lehenengo urtea oso ona izan zen eta eskubaloia aukeratu nuen
Miren: Gu oso gaztetan hazi ginen eta horrek kirol honetan bidea asko erraztu digu.
Zer moduz dihoakizue denboraldia?
Miren: Niri ez oso ondo. Aurre-denboraldi on baten ondoren, liga hasi baina aste bete lehenago zuntz haustura izan bainuen izterrean. Lesio honen ondoren besteen erritmoa hartzeak ahalegin handia suposatzen dizu. Denboraldia oraintxe hasi dudala esan daiteke.
Iker: Denboraldia primeran hasi nuen. Nire ametsa betea zegoen jada eta taldeak nahiko ondo hasi zuen denboraldia gainera. Baina tontoarena egiten lesionatu eta hiru aste geldirik egon nintzen. Mirenek esan bezala , nahiko esfortzu handia suposatzen du berriro talde-giroan eta txapelketan murgiltzeak. Hala ere, orain nahiko ondo nabil, gustura.
Zer nabaritu duzue gehien talde aldaketan? Entrenamendu kopurua, exigentzi maila?
Miren: Entrenamendu kopurua ez, baina egunak luze eta intentsoagoak egiten zaizkizu. Batez ere filosofi aldaketa nabaritu dut. Pentsatu beharra daukat, gure taldearen gainetik beste bi talde daudela, eta hauek mantentzeko geu garela nolabaiteko harrobia. Jendeak ondo prestatuta atera behar duenez, entrenatzeko era oso ezberdina da.
Iker: Lehenago agian gehiago entrenatzen nuen, baina orain, aldiz, gehiago ahalegintzen naiz. Han gehiago eskatzen dizutenez, zenbait gauza sakrifikatu beharra dauzkazu hartu dituzun konpromezuengatik. Honelako klub batean sarturik zaudenean gainera, gogo gehiagorekin entrenatzen duzu, badakizu eta jendea begira dagoela eta baita helburu garrantzitsuagoak dauzkazulako ere.
Miren: Han teknika eta taktika asko lantzen dira.
Asko sakrifikatu behar al da honelako talde batean aritzeko?
Miren: Hara heltzeko baina gehiago, han mantentzeko. Nire sakrifizio handiena astean bitan Donostiara joatea da. Honek nire eguneroko bizitza erabat aldatu du. Hemengo betebeharrak eta eskubaloia ondo eramatea oso zaila egiten zait. Hurrengo urtea iritsi eta bertan, Donostian, bizitzeko irrikan nago. Bertan bizi, ikasi eta jolasteko.
Iker: Mirenekin bat nator. Taldearekin entrenatzen dudan egunetan, dena utzi beharra dut: arratsalde guztia galtzen dut trenean, entrenatzen, bueltatzeko trenean,… Nire kasuan ikasketek ez didate inolako trabarik suposatzen, baina lagunekin egotea ,ordea, asko gustatzen zait. Beraz, beti zerbait sakrifikatu beharra dago.
Gurasoek asko lagundu al dizuete?
Iker: Ni honaino iritsi baldin banaiz, gurasoei eta Jose Angel Varari esker izan da. Ez dut uste nire kabuz honaino iritsiko nintzenik. Guraso eta Jose Angelen aholkuak erabakigarriak izan dira.
Miren: Jose Angel nire gurasoen eta nire arteko bitartekaria izan da. Hasera batean amak nire asmoa ez zuen aintzat hartzen, baina orain gustura dago. Varak aholku asko eman dizkit, esaterako, Arrate taldearekin ez fitxatzeko esan zidan eta asmatu egin zuela esan dezaket. Jose Angel Varak ikaragarri lagundu digu, eta oraindik laguntzen digu.
Orain hobby moduan hartzen duzuena, zuen ogibidea izatea gustatuko al litzaizueke? Beno Miren, zure kasuan nolakoa da gaur egungo emakumezkoen eskubaloiaren egoera?
Iker: Niri gustatuko litzaidake. Gehien gustatzen zaidan gauza baita. Lasaitu egiten naiz jokatzen edo entrenatzen dudan bakoitzean.
Miren: Nik ez dut batere garbi eskubaloia nire ogibidea izatearena. Oso zaila ikusten dut gainera. Oraingoz eskubaloian jarraitzen dut, baina ikasketei ere sekulako garrantzia ematen diet. Gainera, emakumeek ez dute gizonezkoek adinako aukera, izan ere talde kopurua ere murritzagoa baita.
Goi mailarako pausoa ematea zaila al da? Zer moduz ikusten duzue?
Iker: Klabeak esfortzua eta suertea dira, baita ondo gidatuko zaituen pertsona bat alboan izatea ere. Kontaktu batzuk edukitzea ere baliagarria suerta daiteke une jakin batean. Ikaragarri ona zarela ez gehiegi sinestu eta gogor lan egin behar dela uste dut.
Lehia handia al dago maila honetako taldeetan?
Iker: Gurean dezenteko lehiakortasuna dago. Baina adibidez ez Kataluniako taldeen artean egon daitekeena bezainbestekoa. Dena dela, gure mailan oso jende ona dago
Miren: Taldeen artean lehia egon daiteke, baina azken finean lehia sanoa besterik ez da. Partidua amaitutakoan hor, kantxan, geratzen direnak.
Iker eta Miren: Taldekideen artean ere lehia sanoa dago, baina beti ere batak besteari laguntzeko xedearekin, hobetzeko helburuarekin beti ere. Giro polita egoten da.
Zer gomendatuko zeniekete honetan hasten diren gazteei?
Iker: Goran dagoen jendeari kasu egitea, Varari batez ere. Jose Angel guztion aita dela esan dezakegu. Nahiz eta zuk guztiz kontrakoa pentsatu, goian daudenen aholkuak jarraitzea gomendatuko nieke. Eta honen guztiaren gainetik esfortzua eta sakrifizioa.
Miren: Vara-k emaniko aholku ia guztietan asmatu du. Gu bion kasuan hala izan da behintzat..
Iker eta Miren: Eskubaloia gustatzen zaion jendeari jarraitzeko gomendatzen diogu.
Zer izan da orain arte eskubaloi munduan gertatu zaizuen honena?
Iker: Urtero urtero zerbait ikasten da, baina aurre denboraldian Cazal, David Rodriguez edo Aitor Etxaburu bezalako jendearekin lan egitea ikaragarria izan da. Hilabete batean aurreko urteetan ikasi nuena baina gehiago ikasi nuen. Eta honetaz aparte kirolak ematen dituen lagunak, azpimarratuko nituzke.
Miren: Iaz lehenengo taldearekin igoera fasera joatea. Gero, kirolaz gain, edo hobeto esan kirolari esker egiten dituzun lagun mordoa.
Goi mailan jadanik
Bi gazte hauek badaukate nori jarraitu eliteraino iritsi nahi badute. Bestela galde diezaiotela gure elkarrizketatuari, Susana Fraileri, 22 urteko zumarragarrari.
Miren eta Ikerrek bezala bere lehen urratsak Urolan eman zituen “Bai, bertan pare bat urtez aritu nintzen, baina 15-16 urterekin Espainiako Selekziotik deitu zidaten, eta ondoren Arratek fitxatu ninduen. Iada 4 urte badaramatzat, ALSA ELDA PRESTIGION, Valentzian”. Susanak txikitatik bizi izan du eskubaloi giroa etxean. Izan ere, bere ahizpak garai bateko Hernani taldean jokatu baitzuen. Giro honen eraginpean, berak ere bide bera hautatu zuen. Orain arteko ibilbidea gogorra izan al den galdetzean, honakoa erantzun zigun: “Bai eta ez. Izan ere gustukoa dudana egin ahal izan dut. Baina beti nabil bidaiatzen, entrenatzen,… dena den gustura nago. Hala eta guztiz ere, ez nuen uste inondik ere hasera batean hobbya zena nire ogibidea bilakatuko zenik”.
Susanaren hitzetan, goi mailako emakumeen eskubaloian geroz eta lehiakortasun handiagoa dago “Maila igotzen ari da gainera, lehen 2-3 talde baginen puntan geundenak, orain taldeak indartzen ari dira. Ikaragarrizko borroka dago esaterako Europan jokatzeko aukera ematen duten postuak lortzeko”.
Susanarentzat denboraldi hau oso ona izaten ari da, batetik bere taldea 3. postua lortzeko borrokatzen ari delako eta bestetik bere partehartzea Espainiako konbinatuaren deialdietan ohikoa delako.
Bukatzeko, eskubaloian hasten direnentzat aholku bat eskatu genion “Benetan gustatzen bazaie, jarrai dezatela. Era berean, garrantzitsua da, bidean utz ditzaketen gauzen balorapena egitea eta eskubaloiak eskaintzen dienarekin alderatzea. Baina garrantzitsuena eskubaloiarekin gozatzea da”.