Herritarrak herriaren alde ahal bezainbeste egitearen aldekoa izanik, betidanik auzoko eta herriko saltsa guztietan buru-belarri murgildu da. Honela, 25 urte luzez Irrintzi Dantza Taldean aritu zen eta Santa Isabel egunean Zumarragako Ezpatadantza makina bat aldiz dantzatu zuen. Zumarragako taldearekin bitan aritu zen Herriarteko Pilota Txapelketan eta 70ean segurarrei finala irabazi zien taldean, infantil mailako bikotea osatu zuen Jon Gartziandiarekin batera. Ondo asko gogoratzen duenez, angelusaren ordua iritsi zenean 13 eta 6 galtzen joan arren, angelusaren ondoren hamar tanto segidan egin eta partidua irabaztea lortu zuten. 1996-2000 legealdian Herri Batasunako zinegotzia ere izan zen Zumarragako Udalean.
-Zer izan nahi zenuen umetan?
Ezer ez bereziki, ez baitut gogoratzen.
-Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Mendian ibiltzea eta lagunekin ateratzea.
-Bizitzeko toki bat?
Eitza, noski.
-Eitza independentea, bai ala ez?
Garai batean “Frente de Liberación de Eizaga”koak izan ginen, baina nahiz eta auzo berezia izan Eitza beti izan da Zumarraga eta hala jarraitu behar du.
-San Isidroak ala Santa Isabelak?
Santa Isabelek garrantzia handiagoa dute.
-Eitzako jaietatik, zer gehitu dakieke Zumarragakoei?
Zumarragako jaiak, Santa Isabel eguna izan ezik, ez dira oso herrikoiak. Nire ustez Eitzako jaietan egoten den giroa falta zaie.
-Garai bateko pilotariak hobeak al zineten?
Ezberdinak. Orain serioago prestatzen dira. Gure garaian txokatxean jokatzetik zuriz janztera pasatzen ginen.
-Gustuko pilotaria?
Inaxio Errandonea.
-Kapitainak formal ibili beharra al du Santa Isabel bezperan?
Kapitainak zaindu beharra du, bai, sokakoek, ordea, ez dute hainbeste zaindu beharrik. Kapitaina izan nintzen urte haietan, normalean zaintzen nintzen.
-Pilotaria, dantzaria, zinegotzia… Zumarragaren alde egin beharreko guztia egin al duzu?
Ez, badago oraindik zer egin herriaren alde… Baina jendea egun oso eroso bizi da eta herriaren alde lan handiagoa egin beharko litzateke nire ustez.
-Seme-alabak ibiltzen diren taberna berdinetan ibiltzeak ez al dizu lotsarik ematen?
Beno, Osaban soilik topo egiten dut beraiekin eta beraiei lotsa handiagoa ematen die aita bertan topatzea…
-Ilehoriak ala beltzaranak?
Ilehoriak.
-Egindako azken oparia?
Erloju bat.
-Eta jasotakoa?
Prakak.
-Data bat?
23-F, nire urtebetetze eguna baita.
-Neska eta mutil izen bana?
Maitane eta Xabier, seme-alabenak.
-Zein egunkari irakurtzen duzu?
Gara.
-Gustuko telebista saioa?
Gutxi ditut gustuko. Egunero ETB ikusten dut eta azkenaldian pelma samarrak direla iruditzen zait: Sorginen Laratza eta Goenkale oso errepikakorrak dira. Kirol saioak ere ikusten ditut.
-Bereziki gorroto duzuna?
“Gran hermano” ez dut ia ikusi.
-Liburu bat.
Irakurle txarra naiz. Irakurri ditudan azkenak Txalaparta bildumakoak dira.
-Filme bat.
Aspaldi zinemara ez naiz joan, ea zinema berria zabaltzen dutenean joaten naizen.
-Gustuko abestia?
Nere herriko neskatxa maite.
-Soinu bat.
Dultzainarena eta atabalarena.
-Janari bat.
Denak.
-Ura ala…
Ardoa.