Iker 7 urterekin hasi zen Irrintzi Dantza Taldean Jesus Mari Garraldaren eskutik eta hasieran lotsa ematen bazion ere, lan bikaina egin du ordutik. Izan ere, 15rekin kapitaina zen jada (sekula izan den kapitainik gazteena Gisasolarekin batera) eta aurten laugarrengoz dantzatu beharko luke ezpatadantza.
Dantza txapelketetan ere aritua da, Segurako neska batekin batera, baina aurten uztea erabaki dute, ez baitute entsaiatzeko astirik. Izan ere, Ikerrek dioenez, “dantza txapelketetan profesionaltasun handia dago eta entsaiu asko egin behar dira txapelketen aurretik”.
-Zer izan nahi zenuen umetan?
Tenislaria.
-Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Kirola egitea (batez ere bizikletan ibiltzea) eta musika entzutea.
-Bizitzeko toki bat?
Urretxu.
-Dantzariek jaietan parranda egin al dezakezue?
Hurrengo egunean dantza egin behar badugu, ez.
-Dantza, sueltoan ala agarrauan nahiago?
Agarrauan hobe.
-Dantzarako bikote bat?
Duela gutxira arte Segurako neska batekin aritu naiz eta oso gustura gainera. Taldekoekin ere gustura aritzen naiz, denak oso “prexioxak” baitira.
-Nola aukeratzen duzu Santa Isabel egunean taula gainera ateratzen duzun neska?
Gure artean hitz egiten dugu, alkateari ere ea norbait ateratzea nahi duen galdetzen zaio… Dena den, askotan aurrean suertatzen dena ateratzen dugu.
-Dantzariek asko ligatzen al duzue Santa Isabel egunean?
Ezpatadantzaria izateagatik ez da ligatzen. Guk neskak dantzara atera bai, baina gero gutaz ahazten dira…
-Txistulariren bati ezpata sartuko al zenioke?
Baten bati… Dantzari on batek belarria behar du eta txistularia jarraitu behar du, baina sueltoan txistulari asko luzitzera joaten dira eta horrela ez dago dantza egiterik.
-Zer irudituko litzaizuke neskek ezpatadantza dantzatzea eskatuko balute?
Ez litzaidake gustatuko, estetikagatik batez ere. Gainera jendeak ere ez luke ondo hartuko.
-Demagun urretxuarrek Antion dantzatzea gaizki iruditzen zaidala.
Zumarragako ezpatadantza Zumarraga-Urretxuko Irrintzi dantza taldeak egiten du eta denok taldekoak garenez, denok dugu dantzatzeko eskubidea.
-Ilehoriak ala beltzaranak?
Ondo badaude, berdin zait.
-Egindako azken oparia?
Zoriontzeko postal bat.
-Eta jasotakoa?
Praka motz batzuk.
-Data bat?
Atzoko eguna, selektibitatea bukatu bainuen.
-Neska eta mutil izen bana?
Amaia (arrebarena), Ane, Unai eta Iker .
-Zein egunkari irakurtzen duzu?
Etxean El Diario Vasco erosten dute, baina nik denak begiratzen ditut: Gara, Egunkaria…
-Gustuko telebista saioa?
Kirol saioak: Fronton, Kirolez Kirol…
-Bereziki gorroto duzuna?
Gran Hermano.
-Liburu bat.
Ez dut irakurtzea atsegin, azkena behartuta irakurriko nuen.
-Filme bat.
Braveheart asko gustatu zitzaidan.
-Gustuko abestia?
Brian Adams asko atsegin dut. I do it for you, adibidez.
-Soinu bat.
Txalapartarena.
-Usain bat.
Amak egiten duen patata tortilarena.
-Janari bat.
Amak egiten duen patata tortila.
-Ura ala…
Sagardoa ere, bere neurrian, atsegin dut.