Zer moduz irratiaren egoitza berrian?
Oso gustura. Hiru hilabete daramagu bertan lanean eta aurrekoan baino askoz ere erosoago lan egiteko aukera dugu.
Zer programazio eskaintzen diozue iparraldeko entzulegoari?
Programazioa goizeko 6:30ean hasten dugu eta iluntzean amaitzen da. Tarte honetan gure entzuleentzat soilik prestaturiko irratsaioez gain, Gure Irratia eta Irulegi Irratiarekin elkarlanean prestatzen ditugu irratsaioak ere eskaintzen ditugu: goizeko, eguerdiko eta arratsaldeko albistegiak, hain zuzen ere.
Nola ikusten duzu euskararen egoera iparraldean?
Euskararen egoera larria da, oso gazte gutxik hitz egiten baitute euskaraz, baina larriagoa ere izan da. Gazte askok ez dute euskaraz ikasi eta hitz egiteko beharra sentitzen eta behar hau sentiarazi behar diegu. Ikastolak, Gau Eskolak… horretan ari gara lanean eta egoera hobetuko dela uste dugu, baina gazteei euskaraz ikasi eta hitz egiteko premia ikustaraztea zaila da.
Irratien lana ere oso garrantzitsua da zeregin honetan…
Hala da. Euskara bultzatzeko oso tresna garrantzitsuak dira. Hori dela eta, gure programazio osoa euskaraz eskaintzen dugu eta erdaraz zenbait elkarrizketa soilik egiten ditugu (elkarrizketatuak euskaraz ez dakienean, kazetariak bere hitzen itzulpena eskaini ohi du).
Egoitza berria egokitzeko Euskal Herri osoaren laguntza eskatu zenuten, zer nolako erantzuna jaso duzue?
Jendeak sekulako laguntza eskaini digu, bai dirua emanez, bai egoitza egokitzeko lanetan musu truk lana eginez. Bestalde, Hegoalde zein Iparraldean ekitaldi ugari antolatu ditugu eta eskerrak eman beharrean gaude, beraien laguntzarik gabe ezingo genuen egoitza berria zabaldu eta.
Urretxu-Zumarragako "Biba! Xiberua" ekimenak ere gustura utzi al zaituzte?
Oso pozik gaude, bikaina izan baita Urretxu-Zumarragan antolatu duzuena. Ez dugu hitzik jendeari eskerrak emateko eta batzuk bestearengandik urrun samar bizi garen arren, gertu zaituztegula sentitu dugu. Urretxu-Zumarragako jendea oso jatorra da eta etxean bezala egon gara bertan igarotako bi egunetan.
Datozen urteetan antzeko zerbait egitea gustatuko al litzaizueke?
Bai, izan ere kanpaina honi esker lagun ugari egin ditugu eta oso garrantzitsua da harreman hauei eustea. Hori dela eta, datorren urtean elkartruke asteburuak antolatzeko asmoa dugu.