Nolatan erabaki zenuten Peruko Huascaran mendira joatea?
Betidanik mendizaleak izan gara, baina elkar ezagutu genuenean eskalatzen eta alpinismoa egiten hasi ginen. Azkeneko bi urteetan Alpeetan izan gara, Mont Blanc, Cervino eta Monte Rosa igo ditugu, eta aurrerapauso bat emateko gogoa genuen. Egokiena sei milako bat egitea zela pentsatu genuen eta Hegoamerikara joatea erabaki genuen. Hasieran Boliviara joatea pentsatu genuen, baina hango mendiak igotzeko erraz xamarrak dira eta gure asmoa mendi zaila eta altua egitea zen. Hori dela eta, Peruko Huascaran hautatu genuen.
Bidaiaren antolaketak makina bat buruhauste emango zizuen…
Ezagutzen ez duzun leku batera joaten zarenez antolaketak lan izugarria ematen du. Hasieran hainbat liburu irakurri genituen eta ondoren Felipe Uriarte eskalatzaile eta gidariarekin jarri ginen harremanetan. Berak urtero egiten ditu espedizioak Huascaranera, baina guk informazioa soilik nahi genuen, ez genuen gidaririk nahi. Izan ere, gure filosofia mendietara gu bakarrik joatea da. Gidariarekin eta zama garraiatzaileekin joanez gero, egin behar duzun bakarra ibiltzea da eta erabakiak ez daude zure esku. Gainera, oso garesti irteten da. Felipek informazioa eskaini zigun eta hegaldia eta bitartekariak lortu zizkigun. Bitartekariek Perun alde batetik bestera ibiltzen lagundu ziguten.
Nola joan ziren Perun eman zenituzten egunak?
Hegazkinak Liman utzi gintuen eta ondoren 3.000 metrora dagoen Huarazera joan ginen, non egun batzuk eman genituen altuerara egokitzeko. Bertatik Ishinca azpian (4.500 metrora) dagoen kanpamentu basera joan ginen asto batzuen laguntzaz. Bertan geundela, altuerara egokitzeko asmoz, Urus (5.420 m), Ishinca (5.530 m) eta Tocllaraju (6.032 m) mendiak igo genituen motxila bizkarrean generamala. Kanpamentu honetan eman genituen lehenengo egunak oso gogorrak izan ziren, altuerara egokitzea lortu genuen arte. Gainera, lau egunetan hiru mendiak igo eta Huarazera itzuli ginenez, nahiko nekagarria izan zen. Normalena Tocllarajutik jaitsi eta lehen kanpamenduan edo oinarrizkoan lo egitea izaten da, baina guk Huarazera joan nahi genuen ondo lo egin eta ondo jatera. Bertan bi egunetan atseden hartu genuen eta Huascaranera irten ginen.
Nolakoa izan zen Huascarango igoera?
Normalena bost egunetan igotzea izaten da, baina guk zorte txarra izan genuen eta zazpi behar izan genituen. Kanpamentu basetik zuzenean lehen kanpamendura joan ginen, baina bertan sekulako haizea egiten zuen eta Campo Morrenara jaitsi behar izan genuen, hala egun bat galdu genuen. Hemendik segidan bigarren kanpamendura joan ginen eta gailurrera igotzeko lehen saiakera egin genuen. Baina bigarren kanpamenduan ez zegoen inor, sekulako haizea egiten zuen eta galdu egin ginen. Haizea baretu zenean gidariak iritsi ziren eta bidea markatu zutenez gu ere gorantz atera ginen. Goizeko ordu batean atera ginen eta hotz jasanezina egiten zuen (-30º inguru). Eguzkia atera zenean zertxobait berotu zuen, baina iritsiko ginen edo ez zalantzan geunden. Izan ere, bide normalean pitzadura bat agertu zen eta gehienek atzera egin zuten. Batzuek saihesbide bat topatu zutela ikusi genuen eta bertatik aurrera egitea erabaki genuen.
Zer izan zen gogorrena?
Oso nekagarria izan zen: egun asko generamatzan jada mendian eta altura horretan 30 kiloko motxila eramatea oso gogorra da, hemen dagoen oxigenoaren erdia baitago. Eguneroko gauzak egitea (botak lotzea, denda muntatzea…) ere oso nekeza da eta hau psikologikoki oso gogorra da. Argi pentsatzea ere kosta egiten da.
Noiz somatu zenituen lehen arazoak, Jon?
Igotzerakoan izan zen, baina ez genuen uste larria zenik. Bigarren kanpamendura jaitsi eta bertan gaua pasa ondoren sekulako babak nituela ikusi nuen. Campo Morrenara jaitsi ginen eta bertako poliziek ospitalera deitu zuten. Kanpamentu basetik jaitsi beharrean bide motzago batetik jaitsi ginen bi ordutan pista batera eta bertan ospitalera eraman gintuen autoa zain genuen. Zaragozara heldu nintzen arte ez nuen uste batere larria zenik. Zaila da zehazki zergatik gertatu zitzaigun asmatzea: ondo ez edateagatik, hotzagatik edo eskularru txarrak eramateagatik izan daiteke.
Etxean ere susto ederra hartuko zuten…
Etxean izutu samarrak zeuden. Izan ere, egunkarietan eta irratietan erreskatatu egin behar izan nindutela esan zuten eta etxera deitzen genuenean ondo geundela esaten genuen arren, ez ziguten sinesten. Herrira itzuli garenean sekulako istorioak entzun direla jakin dugu eta jendeak traumatizatuta iritsiko ginela uste zuen.
Arazo hau alde batera utzita, nolako esperientzia izan da?
Alpeetakoa baino gogorragoa izan da, baita espero baino gogorragoa ere, baina oso polita ere bai. Gailurrera iritsi gineneko momentua oso hunkigarria izan zen, baina jasan genuen hotza sekulakoa izan zen. Hotza egingo zuela bagenekien, baina sekula halako hotzik pasa gabeak ginenez, ez genekien zer nolakoa izan zitekeen. Dena den, izan dugun esperientziarik politena izan da eta bertako kulturak eta jendearen izaerak txunditurik utzi gaitu. Beste leku batzuetan, hizkuntza dela eta, ezin duzu jendearekin hitz egin baina han gainera oso irekiak ziren eta oso jatorrak zirela ikusi dugu.
Datorren urterako ba al duzue jada beste asmorik?
Zazpimila metrotik gorako mendi bat igotzeko prest gaudela uste dugu eta gure asmoa Errusia eta Kazajistan arteko mugan, Himalayako izkinan dagoen Komunismo mendia igotzea da. Baina mendi hau azken urteotan itxita egon da, arazo politikoren bat dagoelako. Mendi hau igotzerik ez badugu, Himalaya barrura sartuko gara eta Pumorira edo joango gara. Pausuz pausu joateko asmoa dugu eta zazpimilako bat egin nahi dugu. Aurtengo bidaia antolatzea sekulako buruhaustea izan bada, datorren urtekoa zer esanik ez. Erosi dugun materiala datorren urterako nahikoa izatea espero dugu, diru asko gastatu baitugu. Eskerrak, dena den, jendeak lagundu digun eta txosnarekin eta kamisetekin diru dezente atera dugun.
Epe luzera non ikusten duzue zuen burua?
Hasiera batean, datorren urtean jada zortzimilako bat igotzen saiatzea pentsatu genuen, baina ez dugu presarik eta zazpimilako bat egiteko asmoa dugu. Dena den, hemendik bi urtera segur aski zortzimila metroko mendi batera joaten saiatuko gara. Oso zaila izango da, inbertsio izugarria egin behar baita, baina bi Gasherbrumetako batera edo Cho Oyura joan nahi dugu. Jendearentzat zortzimilakoak mitikoak dira, baina hauetako batzuetara igotzea ez da hain zaila. Gure ustez, datorren urtean igo nahi dugun Komunismo mendia teknikoki zortzimila metroko mendi batzuk baino zailagoa da. Altuerara ondo egokituz gero eta bide normaletatik joanez gero zortzimila metroko mendi batzuk ez dira oso zailak, espedizio komertzialek igotzen dituztela ikustea besterik ez dago.