Urretxukoa ala Zumarragakoa al zara?
Gehienok bezala Donostian jaio nintzen eta ondoren aitak Zumarragan erroldatu ninduen, baina Urretxun bizi nintzen Alacantera etorri nintzen arte. Urretxu-Zumarragara itzultzen naizenean askotan egiten didate galdera hau eta nik Urretxukoa edo Zumarragakoa izatea berdin zaidala esan ohi diet. Hain hurbil dauden bi herri izanik, niretzat ia herri bera dira.
Zer oroitzapen dituzu Urretxu-Zumarragan eman zenituen urteez?
Haurtzaroko oroitzapenak izanik, oroitzapen onak dira, noski. Egun Gainzuri denean ikasten nuen eta lagunekin kalean jolasten eta bihurrikeriak egiten ibiltzen nintzen. Etxe azpian futbolean jolastu ohi genuen eta bizilagunak gurekin hasarratzen ziren, baloiarekin garajeetako burdinazko ateak jotzen genituenean sekulako zarata ateratzen baikenuen. Bestalde, eskolan euskara ikasten aritu nintzen eta Alacantera joan aurretik dena ulertzeko gai nintzen. Oraindik ere dezente ulertzen dut eta Unai Osari haurra zeneko euskarazko liburu batzuk eskatu nizkion euskara pixka bat praktikatzeko asmoz. Dena den, nire neska-lagunak nik baino gehiagotan gainbegiratu dituela uste dut.
Sarritan etortzen al zara Urretxu-Zumarragara?
Profesionaletara pasatu nintzen arte, urtero joaten nintzen, senitarteko gehienak Urretxun, Zumarragan eta Azpeitian baititut. Baina orain neska-lagunarekin bizi naiz, denboraldia luzea eta gogorra da eta nekeza egiten zait bertaraino joatea. Dena den, badira urte batzuk joaten ez naizela eta egia esan behar badut Urretxu-Zumarraga faltan somatzen ditut. Amona gurekin da egun hauetan eta beharbada Gabonak aldean nik eramango dut herrira bueltan, honela herria nola dagoen ikusteko eta lagunekin egoteko aukera izango dut.
Noiz hasi zinen bizikletan ibiltzen?
Alacantera joan nintzenean hasi nintzen serio samar ibiltzen. Aitarekin ateratzen nintzen asteburuetan eta gustatu zitzaidanez, astean zehar ere ibiltzen hasi nintzen. Halako batean alebin mailako lasterketa batetan parte hartzea erabaki eta irabazi egin nuen. Hori dela eta, lasterketetan jarraitzea erabaki nuen. Aita izan zen txirrindularitza munduan murgildu ninduena, oso zaletua baita. Ni jubeniletan ari nintzenean, beterano mailako Espainiako txapelduna izan zen eta sekulako lehiak izaten genituen. Egun ere noizean behin aitarekin ateratzen naiz eta erasotu egiten dit! Bada-ezpada ere ez naiz taldeko arroparekin joaten, aitak lotsagarri uzten banau inork ezagutu ez nazan!
Zein taldetan ibili zara urte hauetan guztietan?
Profesionaletara pasatu arte Gisbert, SIS, Caja Rural eta Kelmeren afizionatu mailako taldean aritu nintzen. SIS taldean bi urte eman ondoren, Nafarroako Caja Rural taldera joatea erabaki nuen, honela iparraldeko lasterketetan aritzeko aukera bainuen. Izan ere, talde profesionaletako zuzendariek lasterketa hauek jarraitzen dituzte batez ere. Caja Ruralen urtebete eman nuen eta ondoren Kelme taldera joan nintzen. Urte erdi eman nuen Kelmeren afizionatu mailako taldean eta beste urte erdia Kelmeren bigarren taldea zen Aviancarekin, 98an. 99az geroztik Kelme taldean nago.
Gogorra izan al zen profesional mailara egokitzea?
Requejo eta biok pasa ginen, esan bezala, denboraldiaren bigarren erdialdean. Oso gogorra egin zitzaigun, hilabete eta erdi geldirik egon ondoren pasa baikinen, baina banekien denentzat ere gogorra izaten dela eta denborarekin moldatuko nintzela.
Iaz jada ondo ibili zinen, baina aurten sekulako denboraldia burutu duzu…
Bai, denboraldi hasiera oso ondo prestatu nuen eta Murtziako itzulian erlojupekoa eta sailkapen orokorra irabaztea lortu nuen. Aste beteko beste lasterketa askotan, gainera, aurrean ibili naiz: Valentziako itzulian oso ondo aritu nintzen, baina egun batean kale egin nuen, Voltan laugarren egin nuen, Nazioarteko Kriteriumean 9. sailkapen orokorrean… Bestalde, Tourreko 8. etapan bigarren gelditu nintzen.
Tourrekoa golpe latza izango zen…
Egun hartan oso indartsu nengoen, baina ihesaldian Rabobank taldeko txirrindulariak zeuden eta ezin izan nuen denekin, azkenean Erik Dekkerrek sprintean irabazi zidan. Ea datorren denboraldian mendekua hartzeko aukera dudan, holandako klasika batean, euren etxean, izango balitz, hobe! Bestalde, bi egun beranduago erorikoa izan nuen eta erretiratu egin behar izan nintzen, sailkapen orokorrean hamargarrena nintzela. Pena handia eman zidan, oso indartsu bainengoen eta Oscar Sevillari laguntzera joan nintzen arren, nire burua frogatzeko gogoa bainuen. Izan ere, lehenengoz hiru astetako lasterketa batean nengoen eta bukatzeko sekulako gogoa nuen.
Nolako txirrindularia zarela esango zenuke?
Erlojuaren aurka ondo nabil eta afizionatuetan bitan irabazi nuen Espainiako erlojupeko lasterketa, baina aurten aste beteko lasterketetan ere ondo ibili naitekeela ere ikusi dut. Beraz, hobetzeko aukera dudan erlojuaren aurkako espezialista naizela uste dut. Voltan maldan gora ere ondo ibili naitekeela ikusi nuen eta ez dakit noraino hel naitekeen. Taldeko zuzendariek ere hau ikusi dute eta datorren urtean Girora talde buru bezala joango naizela esan didate.
Bukatzeko, Urretxu-Zumarragarrei zer edo zer esan nahi al diezu?
Amonak esan zidanez, Tourrean Pirinioetara joan behar zuten herriko hainbat lagunek ni animatzeko pankartak prest omen zituzten, baina ez nintzen Pirinioetara heldu. Eskerrak eman nahi dizkiet eta ea datorren urtean Pirinioetara heldu eta pankartak ikusteko aukera dudan!