Ikuskizunaren munduko zein esparrutan kokatuko zenuke zeure burua?
Ni funtsean "umorista" naiz. Ez dut inoiz xehetasun guztiekin antolatutako ikuskizun bat nahi izan, betidanik desordenatu eta ero samarra izan bainaiz. Baina beti ere, nire xedea jendeak nire espektakuluarekin ondo pasatzea izan da. Orain gaztelera ikasi dudanez, forma gehiago du ikuskizunak
Nolatan hasi zinen ikuskizunaren munduan?
Londresen bizi nintzenean nire bizitza nahiko aspergarria zen. Baina gau batean, 1994 inguruan, kaletik nindoala, "Club" batekin topo egin nuen. Bertan, jendeak mikrofonoa hartu eta eskenatokira igotzen zen gauzak kontatzera, hitz egitera. Bertan horretan hasi nintzen, eta biziatu egin nintzen. Erresuma Batuan hiri eta herri ezberdinetako aretoek eta Kafe-antzokiek zirkuitu bat osatzen dute. Horretan murgildu nintzen eta Londresez gain, Dublin, Manchester, Birmingham edo Belfasten ere aritu izan naiz. Behin Manchesterreko "Club" batean, nire auzoan ibiltzen ziren soldadu britaniarrez hitz egiten hasi nintzen. Jende artean soldadu britaniarrak izandako hiru tipo zeuden eta alde egiteko esan zidaten. 10 segundo pasa baino lehenago kalean nintzen. Mingain zorrotza dut, baina inoiz ez dut borroka eta horrelako kontuetan sartu nahi izan, gainera txiki samarra naiz.
Zure saioetako berezitasunik handienetakoa gidoi eza da. Zergatik?
Ez, ez dago gidoirik, Irlandako umorearen ezaugarri garrantzitsua da hau. Honelaxe mantendu nahi dut, gai zehatz batzuk jorratuz. Baina hauek astero aldatzen dira. Irailak 11n gertatutakoa bezalako gaiak badauzkazu, aste horretan gauzak dezente aldatzen dira. Dena dela, gertaera edozein delarik ere, horren inguruan txisteak egin behar dira. Argi daukat, ikuskizunaren oinarria bat-batekotasuna dela. Nire ustez, inprobisatutako humorea gidoia duena baina hamar aldiz aberatsagoa da. Hala ere, bat-batekotasun hau aukeratutako gaien eta saioaren arabera aldatzen da. Adibidez, sexuaz hitz egiten dut; hemen jende guztiak du zerbait esateko, birjina delako, sexuan "Don Juan" -a delako… Jendearen erreakzio ezberdinek ikuskizunaren norabidea erabat alda dezakete. Bestalde, nire ikuskizunetan abestu ere egiten dut, "Ikusi mendizaleak" eta holakoak, jendea jada nahiko aspertuta daukat abesti horrekin …
Urretxun nola hasi zinen?
Urretxura bizitzera etorri nintzenean, hau guztia utzi beharko nuela pentsatzen nuen, baina gaztelera pixka bat ikasi ondoren, nire lehen aktuazioa iritsi zen. Buhame tabernan izan zen 99-ko apirilean eta ez dut oso ondo gogoratzen ikaragarrizko mozkorra baineraman. Hori bai, gaztelera maila kaxkarra nuenez, oso urduri nengoela gogoratzen dut. Hori dela eta, egun horretan inoiz baino gehiago inprobisatu nuen. Legazpikoez eta larrua jotzeaz zerbait esan nuela eta taberna beteta zegoela ere gogoratzen dut. Esperientzi honek ikuskizuna eta nire gaztelera hobetzen jarraitzeko indarra eta gogoa eman zidan.
Ikusleek ondo erantzuten al dute?
Publikoaren erreakzio ezberdinak oso garrantzitsuak dira nire espektakuluan. Tabernetako jendea zozo samarra da, normalean jendea poteatzen ari da eta ez du arreta gehiegirik jartzen. Gaztetxe eta kafe-teatroetan ezberdina da, jendea gehiago animatzen da eta. Jendea nirekin batera eskenatokira gehiagotan igotzea gustatuko litzaidake, Aretxabaletan mozkor batek edo Zarautzen mutilzahar koadrila batek egin zuten bezala. Hori bai, igo izan direnak mozkortuta zeuden edo artistak ziren. Behin Oñatiko Aker tabernan mahai gainera igo nintzen eta tabernetan mahai edo eserlekuetara igotzen diren bakarrak mozkorrak direla esan zidaten.
Ba al dago euskal umorerik?
Bai oso berezia da eta irlandarraren antzekoa da. Hemen jendeak bere buruaz barre egin dezake lasai-lasai eta baita ondokoaz edo beste edozertaz ere. Baina jende zozo dezente ere badago. Koadrilan dagoen jendeari lotsa handia ematen dio nire espektakuluan zerbait esateak, mozkortuta ez badoa behintzat. Jendeak ez ditu bere iritzi eta ideiak arriskuan jartzen. Irlandan edo Ingalaterran ezberdina da, koadrilan egon ala ez egon, beti jasoko duzu erantzunen bat.
Euskal Herritik zerk harritu zaitu gehien?
Boteak, poteoko boteak. Ikaragarria da 15-20 pertsonako koadrila batekin ateratzen zarenean, dena kontrolatzen duen tipo bat dagoela ikustea. Hemengo bizitza sozialak, jendearen jarrerak, ere harritu nau. Hemen daramadan denboran, ez herrietan eta ezta hirietan ere ez dut bortizkeriarik aurkitu, inoiz. Eta nire ikuskizuna batzuetan nahiko probokatzailea izan daiteke…
Honetaz bizitzea gustatuko litzaizuke? Zein da zure helburua?
Bai, helburua profesionalki aritzea izango litzateke, honetaz bizitzea, baina nire ikuskizuna hain berria eta ezberdina denez, denbora eman behar zaio oraindik. Nik neuk, etorkizunean denbora gehiago eskaini nahiko nioke honi guztiari. Gipuzkoako herri guztietan egon naiz eta datorren urtean Euskal Herri osora hedatu nahi dut, ea bi urteren bueltan nolabaiteko zirkuitu bat eratzen dudan.
Zer moduz doakizu euskararekin?
Ondo, oso ondo. Ez dut konfidantza handirik hitz egiteko, alaba eta emaztearekin soilik hitz egiten dut, baina ulertu oso ondo egiten dut. Taberna batean jendeak euskaraz hitz egiten badu berdin zait, ikasteko entzun beharra baitaukat. Euskaltegian ez dut asko ikasi, gramatikan galtzen naiz. Nire desafio pertsonala, ikuskizuna euskaraz egitea da, denbora kontua da soilik. Agian etorkizunean ingelesa eta euskara uztartuz, haurrentzako zerbait antolatuko dugu, ikusiko dugu.