Autoekiko eta abiadurarekiko zaletasuna betidanik izan dutela baieztatu ziguten hirurek. Jonek adierazi zuenez, "aitarekin txikitatik joan izan naiz Jaizkibeleko edo Urrakiko igoerak ikustera. Horrek, nahitaez, zerbait sortzen du zure barrenean. Beraz, lehiatzeko aukera izan nuenean, autoa erosi eta hau prestatzen hasi nintzen". Josebak, lagunarteak ere zaletasun honetan bere garrantzia izan duela azpimarratu nahi izan zuen. Dena dela, hirurak bat etorri ziren afizio honen arrazoi nagusia aipatzerakoan: "Gure helburua ez zen, edo ez da Sainz edo Mcrae bezalakoak izatea. Gu, autoarekin korritzeagatik eta abiadurak isurtzen dituen sentsazio horiek sentitzearren sartu ginen honetan", azaldu zuen Roberrek.
Arestian aipaturiko hiru modalitate horietako bat aukeratzeko eskatu genienean, aho batez erantzun zuten hirurek. "Rallya dugu gogokoena. Duela hilabete inguru 500 km inguruko proba batean parte hartu genuen Nafarroan, eta niri behintzat oso polita iruditu zitzaidan", esan zuen Josebak. Rally hauetan, igoera, jaitsiera, gurutze bide zein bestelakoak topa ditzakete, eta hauek dira azken batean gidari hauek gehien estimatzen dituzten ibilbideak. "Hemen eta Bizkaialdean ezberdinak dira proba hauek. Errepideak zabalagoak dira, gora eta behera egiten dugu, eta gainera rallyek ez dituzte 150-200 km baina gehiago edukitzen", gainerazi zuen Jonek. Horretaz, rallyak igoerak baina kuttunagoak dira hirurentzat, "izan ere, igoeretan entrenamendu saio bat eta beste bi manga besterik ez dauzkazu".
Auto-lasterketen mundu hau hobbytzat edukirik, hankak lurrean dauzkatela erakutsi ziguten. "Oso zaila da hau ogibide bilakatzea", aitortu zuen Josebak. Baina zein da aurrerapauso hori emateko traba nagusia? "Dirua" erantzun zuen Roberrek bitan pentsatu gabe. Jonen esanetan, "enpresaz enpresa ate joka aritzen gara nolabaiteko babesa edo diru laguntzaren bat lortu nahian, baina oso zaila da". Ez ziguten denboraldiak bere osotasunean duen kostuaren zifra zehatzik eman, baina lasterketa bakoitzeko 40.000 pta. inguru xahutzen dituztela argi utzi nahi izan zuten. "Autoaren mantenimendua ez da hain garestia, kubiertak aldatzen dira gehienbat. Garestia, guretzat behintzat, izen-ematea da. Aurten, 20.000 pta ordaindu behar izan ditugu lasterketa bakoitzean. Gainera, lasterketetako sariekin ezin duzu gauza handirik egin. 35.000 edo 40.000 pezeta poltsikoratu nahi badituzu, klase horretako sailkapen nagusia irabazi beharra daukazu. Eta azken batean, diru hori gasolina eta izen ematean joaten zaizu", adierazi zuen Roberrek.
Proba hauetan abiadura handian gidatzen denez, istripu arriskua handia da era berean. Hala ere, beraiek ez dira kontu horrekin larregi arduratzen. Jonen esanetan, "abiadurak ez digu horrenbeste beldur ematen. Arrisku handiagoak ekar ditzake errepidearen egoerak, asko aldatzen baita lasterketan zehar. Ustekabean, grabilla, lokatza edo beste gauza mordo batzuekin topo egin dezakezu, eta horiek dira ekiditen zailenak". Josebak zerbait gehitu nahi izan zien Jonen hitzei: "Ikusleek ere bere garrantzia daukate. Batzuk ez dira ondo kokatzen edo mozkortuta joaten dira edo… Dena dela, ikusle gehienen jarrera txalogarria izaten dela esan beharra dago".
Ezin aipatu gabe utzi kopilotuen lana. Hauek dira gidariari uneoro laguntzen diotenak, bihurgunearen xehetasunak ematen dizkiotenak. Jon hauetaz fidatzen da, "baina bihurguneren batean indikazioetan huts egiten badu, hurrengoan ez diozu kasurik egiten". Kopilotuak, rally nahiz rally-sprintetan gidariaren alboan esertzen dira. Igoeretan, ordea, ez daukate partehartzerik.
Kirola den heinean, lasterketa hauetan ere lehiakortasuna handia da. "Bai, badago lehiakortasuna. Esaterako, nire kategorian ia beti hiru lagun aritzen gara hor borrokan, baina pikea, "pike sano" deitzen zaion hori da", argitu nahi izan zuen Jonek. Nolanahi ere, hiruren helburua ondo pasatzea dela aitortu ziguten. Roberren ustez, "ezin diogu geure buruari beste helbururik jarri. Ilusioa mantentzen dugun bitartean, lehiatzen jarraituko dugu. Agian, Kopa Nazional batean partehartzea gustatuko litzaiguke baina hori ere zaila da oso". Jonek ez dauka zalantzarik, "aspertu arte arituko gara honetan. Ahal dugun guztiena ibiltzen saiatuko gara, eta ea noiz arte irauten dugun".
Lasterketa hauetan erabiltzen diren autoak ez dira nola nahikoak, ondo prestaturik egoten dira. Kotxea erosterako orduan aldizkari berezi batean azaltzen diren eskaintzetaz baliatzen dira. Joseba: "Lehen autoa kalekoa izan zen, AX bat. Beste biak erosteko, aldiz, aldizkari horretan begiratu dut". Autoak berak izan ditzakeen akatsak Jonek konpontzen ditu. "Zerbaitetarako da mekanikoa ezta?", dio Roberrek.
Halaber, kirol minoritario honetan topatu dezaketen trabarik handiena diruarena da. Beraiek jo eta fuego aritzen dira nolabaiteko babesa, edo dirua lortu nahian. Bestalde, azken aste hauetan, itxaropenaren ateak zertxobait ireki ditzakeen berri bat iritsi zaie. Josebak iragarri zuenez, "Nafarroako gobernuak diru partida berezi bat emango die enpresei, edozein modutako ekintzak bultzatzeko. Gero, enpresak gastuen %50a ordainduko luke bakarrik. Ea hemen ere horrelako zerbait gertatzen den".
Nahiz eta oraindik ere honetan hasiberriak izan, lasterketa hauetan hasteko asmoa duten gazteei aholku bat igorri nahi diete: "Lehenik eta behin kotxe arrunta erosi dezatela, ez dezatela auto zehatz bat gutiziatu".