Izan ere, denok dakigu ikazkina dela, abenduaren 24ko gauean opariak banatzen dituela, pipan erretzen duela, arraultze frijituak eta txorizoa gustukoak dituela… baina, Urretxu eta Zumarragako haurrak aurten ondo portatu al dira? Zer opari jasoko dituzte? Zer mokadu utzi behar zaio OLENTZEROri gure etxean opari ederrak utzi ditzan?
OLENTZEROk galdera hauek guztiak eta beste asko erantzun zizkigun gustura asko eta, gainera, perretxiko batzuk non topatu ere esan zigun etxera esku hutsik itzul ez gintezen.
-Zer izan nahi zenuen umetan?
Ni ez naiz sekula umea izan, zaharra sortu nintzen eta beharbada horregatik izango dut hain gustuko haurrei opariak egitea.
–OLENTZERO ez bazina, zer gustatuko litzaizuke izatea?
Pilotaria, pilota asko atsegin baitut.
-Gabonetatik kanpo, zer egiten duzu?
Dakizuenez, ikazkina naiz, baina lanik ez dudanean herrira jaisten naiz haurrak ondo portatzen ari diren jakiteko.
-Urretxu-Zumarragako neska-mutikoak ondo portatu al dira aurten?
Gehienak ondo portatu dira, bai, eta opari dezente ekarriko dizkiet.
-Zer opari da aurten gehien eskatu dizutena?
Kamiltxo, euskaraz hitz egiten duen hartza, asko eskatu didate.
-Iaz patineterik sobratu al zitzaizun?
Gezurra badirudi ere, bakarren bat sobratu zitzaidan. Aurten gehiago eskatu dizkidate, gainera!
-Nola lortzen dituzu hainbeste opari?
Denak ezin ditut nik egin eta batzuk enkarguz ekartzen dizkidate.
–Otamotzeko lagunoi zer oparitu behar diguzu?
Osasuna eta lana (lan gehiago?).
-Ba al dago sekula lortzerik izan ez duzun opariren bat?
Pakea. Hau lortzeko Papa Noelek, Santa Clausek, Erregeek eta nik sekulako ahaleginak egiten ditugu urtero, baina ez dago modurik!
-Zergatik izaten duzu beti aurpegia zikina?
Gabon-egunean denboraz oso larri ibiltzen naiz eta ez dut aurpegia garbitzeko astirik izaten. Gainera, gabon-egunean aurpegia zikina eramaten dudanez, urtean zehar kalean lasai asko ibili naiteke inork ezagutzeko beldurrik gabe.
-Nola lortzen duzu etxe guztietara joatea?
Asto asko ditut eta oso azkarrak gainera, egunero entrenatzen baitute. Geltokietako jaietako lasterketa aise irabaziko lukete! Gainera, asto bat nekatzen denean beste batek errelebua hartzen dio.
-Zer mokadu nahi duzu haurrek uztea?
Gaileta batzuk eta patxarana. Dena den, patxaran asko edatea ez zait komeni, azido urikoarekin arazoak baititut.
-Zapata zikinak uzten dituzten haurrei oparirik egiten al diezu?
Zapata garbiak edo zikinak uztea berdin zait, baina amek nahiagoko dute garbiak uztea!
-Erregeak zure lagunak al dira?
Lagunak gara, bai, eta Gabonen ondoren parranda ederrak egiten ditugu laurok elkarrekin.
-Zein da zure lagunik onena, Meltxor, Gaspar ala Baltasar?
Meltxor. Izan ere, biok zahar samarrak gara eta antzeko zaletasunak ditugu. Herrietako obrak ikustera, adibidez, elkarrekin joaten gara.
-Gutun asko jasotzen dituzu, ez al zara antraxaren beldur?
Euskal Herrian ez dago antraxaren arriskurik. Santa Claus ni baino kezkatuago dago…
-Gutunez gain, beste zer edo zer irakurtzen al duzu?
Baina… ba al dakizue zenbat gutun irakurri behar ditudan? Gabonen ondoren ez dut ezer irakurtzeko gogorik izaten.
-Pipan, tabakoaz gain, beste zer edo zer sartzen al duzu?
Ez, ez… tabakoa bakarrik! Beste zer edo zer sartuko banu burua nahastu eta opariak gaizki banatuko nituzke.
-Bukatzeko, emazterik ba al duzu?
Ez. Lagun asko ditut, baina emazterik ez dut. Nik ere, beste askok bezala, nahiko gutxi ligatzen dut.