Garai batean, baserritar gehienek herriko etxeetan esnea saltzen zuten. Egun, berriz, oso baserritar gutxi ibiltzen dira esne saltzaile lanean. Urretxun eta Zumarragan, Sasieta familia da ohitura honi eutsi dion familietako bat. Iñakik esan digunez, "nik aitona eta aita ikusi ditut lan honetan. Aitonaren garaian, lana oso ezberdina zen: dena eskuz egiten zen eta baserritik kalera jaisteko biderik ere ez zegoenez, astoan eramaten zituzten marmitak. Duela 40 urte inguru, aitonak eta aitak aitzurrarekin bidea egin zuten eta, ondoren, kotxea erosi zuten".
Iñaki kozkortu zenerako, behiak jezteko makina ere bazuten Agerre baserrian. "Aita ezkondu zenean, ama baserrira etorri zen bizitzera eta bera hasi zen esnearen banaketaz arduratzen. Goizeko 8etan irteten ginen etxetik eta hiru anaiok amari esnea banatzen laguntzen genion, ikastolara sartzeko ordua heldu arte. Anai zaharrenak karneta atera zuenean, amari jubilazioa eman genion eta bera hasi zen esne banaketaz arduratzen. Soldaduzkatik etorri nintzenean, berriz, anaia Biona aroztegian lanean hasi zen eta, ni hasi nintzen esnea banatzeaz arduratzen".
Iñakik, aitonak, aitak eta anaiak bezala, lanbide zaharra garai berrietara moldatzen jarraitu zuen. "Ordurako esnea hozteko makina bagenuen, ordurarte esnea uretan hozten baikenuen. Hurrengo pausua, 1991n, esnea plastikozko poltsatan sartzea izan zen. Honek, erosleari segurtasun bermea ematen dio eta, gainera, dendetan salgai jartzeko aukera ematen digu. Izan ere, egun, ez dute marmitako esnea dendetan saltzen uzten".
Honenbestez, Agerren prozesu guztia mekanikoki egiten dute: belarra traktorez ebaki eta biltzen dute, behiak makinaz jezten dituzte, makina batean esnea hozten dute eta, azkenik, poltsatan sartzen dute. Behi esne arruntaz gain, gain gabetua eta ardi esnea ere saltzen dute bi herriotako denda, jatetxe eta etxe askotan.
Aldaketa hauek guztiak, beharrezkoak eta oso onuragarriak izan dira Iñakiren ustez. "Irudi aldetik, ez da berdina marmita batean saltzea edo poltsatan saltzea. Bestalde, aurrera egin nahi badugu garai berrietara egokitu beharra dugu. Dendak eta jatetxeak oso bezero garrantzitsuak dira eta, hauei saltzen jarraitu ahal izateko, erregistroa eskatu eta poltsatan saldu beharra dago. Saiatuko bagina, Urretxu eta Zumarragatik kanpo saltzea ere lortuko genuke, baina hemengoarekin bizitzeko adina badugu".
Izan ere, berrikuntza hauen guztien beste helburua bizitza kalitatea hobetzea izan da. "Garai batean, egun guztia lanean ematen genuen. Orain, honi guztiari esker, iluntzeko 8etatik aurrera atseden hartu dezakegu eta udan oporrak hartzeko aukera dugu. Izan ere, ez da familia osoa behar lan hau egiteko".
Agerren 25 buru dituzte, hauetako 5 bigantxak. "Azkenaldian, 17 behi jezten ari dira egunero. Beste hiruak umea egiteko daude eta azkeneko bi hilabetetan atseden ematen diegu. Zekorrak gaztetan saltzen ditugu. Zekorrak erosten dituztenek gizentzeko nahi dituztenez, gure behiak esnea emateko aproposak dira eta zezena, berriz, haragitarako aproposa. Esnetarako behi bat nahi dugunean, albaitariari deitu eta honek behi bat inseminatzen digu".
Behi hauek ematen duten esne gehiena eurek saltzen dute eta sobratzen dena bi egunetik behin zentraletik joaten zaien kamioiak eramaten du. "Guri ahalik eta gehiena zuzenean saltzea komeni zaigu, zentralekoek gutxiago ordaintzen baitigute. Baina zentralak ere mesede handia egiten digu, egunero ez baitugu produkzio berdina. Bestalde, udan behiek esnea berdin ematen dute, baina bezeroak oporretan daude".
Iñakik ez du produkzioa hazteko edo esnekiak egiten hasteko asmorik. "Behi gehiago izateko lekua badut, baina ez dut behi gehiago nahi. Batzuk 200 behi inguru dituzte, baina ez dago hauek guztiek ematen duten lana imajinatzerik. Bestalde, gazta edo yogurrak egitea ez litzateke zaila izango, saltzea izango litzateke zailagoa. Izan ere, esnearen merkatuan ez dugu konpetentzia handirik, baina gaztaren edo yogurren merkatuan, sekulako konpetentzia dute".
Baina, esnearen merkatuan ere ez dago lo hartzerik. Agerren argi erakutsi dute merkatuaren beharretara azkar eta ondo egokitzen direla. Orain ere, Iñakik badu berrikuntzarik buruan: "Baserriko esnea gordina denez, etxean egosi beharra dago. Zenbait tokitan gehiago salduko nuke jada egosita, pasteurizatuta, eramango banu. Horretarako, makina erosi beharko nuke, baina esnea zuzenean hartzeko moduan saltzeak merkatua zabalduko lidake. Tabernetan saltzeko aukera izango nuke, adibidez. Ziur eurek ere alde ederra nabarituko luketela".
Garaian-garaiko beharretara egokitu izanak, aurrera egiteko aukera eskaini die Sasietatarrei, baina Iñakik ez du batere argi ikusten baserriaren etorkizuna. "Guk erabat asmatu dugu eta baserritik bizimodua ateratzeko behar ziren pausuak eman ditugu. Baina Urretxu-Zumarragan 20.000 lagun gara eta merkatua badugu. Beste askok ez dute halako merkaturik baserritik gertu eta produkzio handitan sartzen dira. Dena den, baserrian lan egiten duen geroz eta gazte gutxiago dago eta salneurriak barregarriak dira. Ganadua zein preziotan saltzen den ikustea besterik ez dago".
Iñakiren ustez, gobernuek ez dute asmatu. "Salmenta zuzenean eta produkzio naturalean oinarritutako gure eredua mantentzen lagundu beharrean, ekoizpen handiak lortzera joan dira. Baina hemen honek ez du arrakasta handirik izan. Izan ere, eredu horretan salneurriak oso baxuak dira eta soldata on bat lortzeko oso produkzio eta inbertsio handiak behar dira. Horrez gain, baserria oso lotua da. Hori dela eta, jendeak nahiago du fabrikan 8 ordu sartu eta kito. Dena den, gu ordutegi bat izaten saiatzen gara, igandetan gutxienekoa egiten dugu eta oporrak hartzen ditugu. Bestela, ez du merezi".