Noiz hasi zinen lasterketetan parte hartzen?
Duela bi urte hasi nintzen mountain bike lasterketetan parte hartzen. Orain, martxoan, hirugarren denboraldia hasi dut. Mendiko bizikleta denboraldiak abendura arte irauten du eta, ondoren, ziklo krossekoa hasiko dut. Hau otsaila aldean bukatzen da. Bietan aritzen naizenez, ia urte osoan lasterketak ditut. Udan atsedena hartzen dut.
Zer dela eta erabaki zenuen ziklo krossean ere aritzea?
Ez nuen ziklo krossean aritzeko asmorik, baina nire mutil lagunak (Zugaitz Aiuso itsasondoarrak) ziklo krossa egiten du eta nik ere lasterketetan lan ona egingo nuela esaten zidan. Azkenean, batere prestatu gabe, lasterketa batean parte hartzea erabaki nuen. Ondoren, Zugaitz teknika aldetik gauza batzuk niri irakasten saiatu da.
Zein da bien arteko alderik handiena?
Nik behintzat, ziklo krossean mendiko bizikletan baino askoz ere gehiago sofritu dut. Izan ere, ziklo krossean ordu erdiz zirkuitu bati bueltak eman behar dizkiogu eta buelta bukatu. Beraz, ordu erdia pasatzen denean lasterketa buruan egoteko beti denak emanda joan behar baita. Ziklo krossean dena zelaia da, harririk gabe, eta bidea zabalagoa da. Biak dira teknikoak, baina teknika desberdinak dituzte.
Non aritzen zara gusturago?
Noiz edo noiz ziklo kross gehiagorik ez nuela egingo pentsatu izan dut, asko sofritzen baita. Dena den, biak desberdinak dira, baina biak gustukoak ditut. Bietan jarraitzeko asmoa dut, baina mendiko bizikletari lehentasuna emango diot.
Batean edo bestean aritzeko, prestaketa ezberdina izango da…
Mendiko bizikletako lasterketak luzeagoak dira. Mendian astean behin edo bitan soilik entrenatzen dut, bestela zangoak nekatu egiten baitira. Ziklo kroserako, Mirandaolako parkera joaten naiz teknika entrenatzera. Bestalde, topera serieak egiten ditut. Esan bezala, ziklo krosean denbora guztian denak emanda joan behar da.
Zenbat entrenatzen duzu astean?
Sasoia lortzen dudanean astean lau aldiz entrenatzen dut. Errepidera irteten naizenean 40-60 kilometro inguru egiten ditut eta noizbehinka 100 bat. Astean behin mendira irteten naiz eta, bertan, 25 bat kilometro egiten ditut. Mendira joaten naizenean Zumarragako ospitaletik Gabiri aldera joatea atsegin dut. Baita Brinkolatik Aztirira ere.
Errepideko lasterketetan ez al duzu parte hartzen?
Aurten lasterketa bakarrean parte hartu dut. Gustatu zitzaidan, baina mountain bikean eta ziklo krossean gusturago aritzen naiz. Libre baldin banago, datorren denboraldian errepideko lasterketaren batean ere parte hartuko dut, baina bestela ez.
Zein taldetan ibiltzen zara?
Orbea taldeak, profesional mailako mountain bike taldeaz gain, bigarren mailako talde bat ere badu, eta hortxe aritzen naiz. Arropa ematen digute eta bizikletak merkeago ematen dizkigute. Talde nagusian bi neska daude (hauetako bat Marga Fullana txapelduna) eta bigarren mailakoan ni naiz neska bakarra.
Euskadiko bi txapelketez gain, ze lasterketa irabazi dituzu azken denboraldian?
Mendiko bizikletako Euskadiko Openean Ezkioko Jaionek irabazi zizkidan lasterketa guztiak. Ia denetan bigarren gelditu nintzen. Hori dela eta, Euskadiko txapelketarako hobeto prestatzea erabaki nuen eta txapela lortu nuen. Prestaketa honi esker, neguko lasterketa ia guztiak irabazi nituen. Espainiako txapelketan, berriz, zazpigarrena izan nintzen. Ziklo krosean, Euskadi mailan, lehenengo lasterketa ez beste guztiak irabazi nituen. Espainiako txapelketan hirugarren gelditu nintzen.
Zer moduz munduko ziklo kross txapelketan?
Espainiako txapelketako hiru lehenengoak eraman gintuzten eta hau izan da hemen ingurutik kanpo egin dudan lasterketa bakarra. Oso esperientzia polita izan da. Izan ere, lasterketa Belgikan izan zen eta, bertan, sekulako ziklo kross zaletasuna dago. Zirkuitua bete bete eginda zegoen eta izugarri animatzen gintuzten. Ez gindoazen aurrean ibiltzeko asmoz eta, beraz, ez ginen oso urduri egon. Azkenean 30. sailkatu nintzen.
Garestia al da bi txirrindularitza-modalitatetan aritzea?
Garestia da bai, batez ere materialagatik. Zugaitzengatik ez balitz ez nuke ziklo krossa egingo. Izan ere, bi edo hiru bizikleta behar dira eta berak utzi dizkit. Bidaiak, mekanikoaren lanak… ere guk ordaindu behar ditugu. Zugaitzek Beasaingo Jokin Mujika dendan lan egiten du eta berak konpontzen dizkit bizikletak lanorduetatik kanpo.
Nola ikusten duzu emakumezkoen txirrindularitza?
Errepideko lasterketetan neska dezentek parte hartzen dute, baina mendiko bizikletan eta ziklo krossean oso gutxi aritzen gara. Mendiko bizikletako lasterketetan zortzi bat neskak parte hartzen dugu eta ziklo kross lasterketetan hamabi inguruk.
Zer moduzko harremana duzue neska txirrindularien artean?
Mendiko bizikletan eta ziklo krossean aritzen garenon arteko harremana oso ona da. Errepidean aritzen direnen arteko harremana, berriz, ez da hain ona. Talde barruko harreman handia dago, baina talde ezberdinetako txirrindularien artean ez dago ziklo krossean edo mendiko bizikletan bezain giro jatorra.
Zer itxaropen dituzu hasi berria duzun denboraldirako?
Orain arte bi denboraldi bete ditut eta batetik bestera asko hobetu nuen. Denboraldi honetan ere emaitza hobeak lortzea espero dut. Orain arte bezala entrenatzen jarraitzen baldin badut, dezente hobetzeko aukera dudala uste dut. Ahal dudan tokiraino helduko naiz.