Gorkak, egun, Euskaldunon Egunkarian lan egiten du eta Urretxuko Kaixo aldizkarian kolaboratzailea da. UTBn ere aritua da, futbol partiduak ematen. Ez zuten fitxaje makala egin! Futbolaz eta saskibaloiaz Gorkak bezainbeste dakien jende gutxi egongo da Urretxu-Zumarragan. Kirolzaletasuna aitarengandik omen datorkio. “Aita aspalditik Realeko bazkidea eta Urolako presidentea ere izan zen. Hala izanik, ez da harritzekoa ni kirolzalea izatea”.
Aitaren aldetik kirolzalea bada, amaren aldetik musikaria da. Izan ere, Inazio Barrio atabal egile handia Gorkaren aitona da. Gorka, berriz, txistularia dugu. “Aitona oso harro dago bere bilobez: hiru biloba ditu eta hiruok musikariak gara. Ni oso txikitan hasi nintzen txistua jotzen eta 10 bat urte daramatzat Antziñako Ama Txistulari Bandan. Onena bandakideen artean dugun giroa eta Josu Aztiria eta Mikel “Mordo”-rekin egindako parrandak dira. Baita Santa Isabel egunean jotzea ere, noski!”.
-Zer izan nahi zenuen umetan?
Gipuzkoako ume guztiek bezala, Realeko jokalaria.
-Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Lagunekin egotea eta kirola egitea.
-Bizitzeko toki bat?
Zumarraga.
-Gustuko futbolaria?
Valeron eta De Pedro.
-Clemente ala Toshack?
Toshack.
-Gustuko saskibaloi jokalaria?
Michael Jordan eta Tracy Mc Grady
-Athletic ala Real Madrid?
0-0.
-Juanan Larrañaga ala Michel?
Juanan Larrañaga.
-Jose Angel De la Casa ala Pedro Mari Goikoetxea?
Jon Balentziaga, “Balentxi”.
-UTB ala Kaixo?
Biak.
-Saskibaloia ala futbola?
Hori aitaren eta amaren artean aukeratu beharra bezala da niretzat.
-Egunkaria ala telebista?
Egunkaria nahiago dut, arreta jartzera behartua baitzaude.
-Parranda egiteko toki bat?
Urretxu eta Lizarra.
-Ilehoriak ala beltzaranak?
Ez du garrantziarik.
-Egindako azken oparia?
CD batzuk.
-Eta jasotakoa?
Pelutxezko oso tximu polita.
-Data bat?
Santa Isabel eguna eta 1995eko maiatzaren 28a.
-Neska eta mutil izen bana?
Neskenak Maddi eta Janire. Mutilena Jon.
-Zein egunkari irakurtzen duzu?
Lana dela eta, 10-12 bat begiztatzen ditut egunero, batzuk gustura eta beste batzuk ez hainbeste. ABC irakurtzen oso ondo pasatzen dut, TMEO bezala, umorezko fanzine bat baita.
-Gustuko telebista saioa?
The Simpsons.
-Bereziki gorroto duzuna?
Maria Teresa Camposen tertulia eta bere tertulianoak.
-Liburu bat?
Noam Chomsky-en “Hablemos de terrorismo”.
-Filme bat?
Montty Phyton-en “La vida de Brian”.
-Gustuko abestia?
Mikel Laboaren “Negu hurbilak”.
-Soinu bat?
Mendian lo egin ondoren, esnatzen zarenean entzuten duzuna: errekako ura, txoriak…
-Usain bat?
Kafe xigortuarena.
-Janari bat?
Amak prestatzen duen arrozesnea eta izeba Arantxak prestatzen duen gazta tarta.
-Ura ala…
Always beer.