Azken asteotan, IRRINTZIko lehengo eta egungo dantzariak elkarrekin entsaiatzen ari dira Lizeo azpian. Entsaio hauetako batean, dantza taldean 27 eta 16 urte daramatzaten Jesus Mari Garraldarekin eta Asier Egearekin IRRINTZIren lehenaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egiten izan gara.
Jesus Mari Garraldak azaldu digunez, duela 35 urte La Sallen euskal kulturaren inguruko talde asko sortu ziren eta hauetako bat IRRINTZI Dantza Taldea izan zen. "Garai hartan Zumarragan eta Urretxun hutsune handia zegoen, baina baita zer edo zer egiteko gogoa zuen jendea ere. Hori dela eta, ekimena gogo handiz hartu zuen jende askok".
Hasierako talde hartan, ikastetxean bezala, mutilak soilik aritzen ziren, baina denbora gutxira neskak elkartu zitzaizkien. "Dantza talde bat sendotu nahi bada, argi dago neskak ere behar dituzula. Gustura hartuko zuten 16 urteko mutil haiek taldean neskak sartzea!".
Garai haietan, zailtasun nagusiak bi omen ziren: dirua lortzea eta inguruko herrietara ateratzeko garraioa lortzea. "Egun edonork autoa du, baina garai hartan zailagoa zen alde batetik bestera ibiltzea. Horretaz gain, dirua lortzeko arazo handiak zituzten. Astero euren poltsikotik duro bat ere jartzen zuten. Gauzak egiteko gogo handia zutenez, arazo guztiak gainditzen zituzten. Egun, alderantziz gertatzen da: dirua erraz lortzen da, baina jendea dantza taldeetara erakartzea zailagoa da. Irteera ugari antolatu behar dira jendea aspertu ez dadin".
Horretaz gain, dantza taldeen munduan aldaketa gehiago ere eman dira Asier Egearen ustez. "Egun, Dantzari Biltzarra dago eta dena bateratu nahian dabiltza. Ikastaroak antolatzen dira dantza bakoitza nola egin behar den erakusteko. Lehen herri bakoitzean bertako erara dantzatzen zen". Jesus Mariri hau ez zaio gaizki iruditzen, baina… "Ikerketa aldetik gauza asko egin dira, dantzari oso onak daude… baina egungo dantzarien artean kasta gutxi ikusten da. Oso dantzari onak daude, baina grazia falta zaie. Askotan, ballet-folklorikoa egiten ari direla dirudi".
Bestalde, dan-tzariak sekula baino prestatuagoak daude Jesus Mariren iritziz. "Jendea askoz prestatuagoa dator musika aldetik, gorputz aldetik… Neskek, batez ere, sekulako aldaketa izan dute. Lehen neskek oso kirol gutxi egiten zuten eta egun mutilen mailan ibiltzen dira. Gainera, neskak askoz ere parte-hartzaileagoak dira".
Aldaketa hauek guztiak, aldi berean gizartean emandako aldaketen ondorioa direla argi ikusten da. "Guretzat Bergarara joatea oso irteera polita zen eta bertan sekulako parranda egiten genuen. Egun, jendearentzat irteera ona Edinburgora joatea da… Honengatik guztiagatik jendea motibatzea oso zaila da. Dena den, gu beti taldeko giroa mantentzen saiatu gara eta honetan datza gure taldearen indarra". Asier iritzi berekoa da. "Dantza egiten dugun lagun talde bat gara".
Honi esker, IRRINTZIk urte hauetan guztietan dantzari kopuru altua izatea lortu du. Egun 120 lagun inguruk osatzen dute dantza taldea. Hauetatik 35 helduen taldean ari dira eta, gainontzekoak, haurren sei taldeetan. "Taldean gora behera asko izaten dira. Lehen soldaduzkak taldeko kideen kopuruan eragin handia izaten zuen. Egun, ikasketak dira eragin handia dutenak. Jendea kanpora joaten da ikastera eta taldearekin kontaktua galtzen du. Dena den, 20 urtetik gorako oso jende gutxik uzten du dantza taldea". IRRINTZIko dantzariek Euskal Herri osoko dantzak dantzatzen dituzte, nahiz eta garai batean Nafarroa eta Bizkaia aldekoak ikasteko joera zuten. "Lehen mutilok Bizkaiko dantza asko dantzatzen genituen, baina egun Arabako asko ere dantzatzen ditugu. Hutsune handi bat genuen eta hau betetzen saiatu gara".
Dantza hauen guztien artean, Zumarragako ezpatadantzak garrantzi berezia du, noski. Dena den, Jesus Marik eta Asierrek IRRINTZI Zumarragako ezpatadantza dantzatzen duen taldea baino zerbait gehiago dela argi utzi nahi dute. "Ezpadantza dantzatzeko konpromezua hartu genuen eta oso gustura eta harro egiten dugu. Ahal badugu, ez diogu sekula Antion ezpatadantza dantzatzeari utziko, baina beste dantza batzuk ere egiten ditugu".
Izan ere, IRRINTZIko dantzariek ez dute hasieratik Zumarragako ezpatadantza dantzatzen. "Joxe … ibiltzen zen mutil batzuei ezpatadantza erakusten. Urte batean ez zituen nahikoa mutil lortu eta oso arduratuta zegoen. La Sallen dantza talde bat sortu zela jakin zuen eta guregana jo zuen. Hasieran, IRRINTZIkoak sokan sartu ziren. 1969ko argazkietan jada IRRINTZIko dantzariak azaltzen dira Antion. Pixkanaka, gero eta IRRINTZIko jende gehiago sartu zen eta gure esku gelditu zen".
Zumarragako ezpatadantzari mesede handia egin zion IRRINTZIk ardura hartzeak. "Jendeak urtero Antion ezpatadantza ikusiko duela ziurtzat jotzen du, baina lan handia egin behar da. Ezpatadantzak etorkizuna izan dezan, taldean dantza egingo duten haurrak lortu behar dituzu, gustura izan behar dituzu helduen taldera iritsi daitezen, gero ezpatadantza irakasten diezu… Gurpil hau gelditzearen arriskua beti hor dago. Futbolean bezala, harrobiarekin lan egin behar da. Duela 200 urte inguru herrikoek dantza egiteari utzi zioten eta Ordiziako dantzariak ekarri behar izan zituzten".
Baina, ezpatadantza eta gainontzeko dantzak dantzatzeko, dantzariez gain musikariak ere behar dira. Urte hauetan guztietan, hamaika txistulari aritu dira IRRINTZIkoekin batera. "Urretxuko eta Zumarragako txistulari asko ibili dira gurekin. Denek ateak zabalik dituzte IRRINTZIn aritzeko".
Hilabete honetan, guztiek, IRRINTZI dantza taldearen urteurrena ospatuko dute. Ekitaldi nagusia urtero Aste Santuaren ondoren antolatzen duten dantza jaialdia izango da. Aurtengoa, urteurrenekoa izanik, oso berezia izango da. "IRRINTZIko kideak izan diren guztiei deialdia luzatu diegu parte har dezaten. Jaialdian denok batera dantza egingo dugu.". Dantza jaialdia hilaren 27an izango da, gaueko 10:30ean, Zumarragako Beloki Pilotalekuan.
Jesus Marik eta Asierrek esan digutenez, "taldean harremanak asko landu ditugunez, bost urtetan behin taldea utzi dutenekin dantza egiten dugu jaialdian. Jaialdia antolatzeak lan handia ematen digu urtero, baina baita poz handia ere. Izan ere, urtero dantza berriak ikastera behartuta gaude jaialdia urtero berdina izan ez dadin. Bestalde, urtero eskenatokia ezberdinak prestatzen ditugu: herriko plaza bat, sagardotegi bat… Baina jaialdia antolatzeak merezi du, lanerako gogoa piztu eta taldea indartzen baitu".