Zerk bultzatu zintuzten futbola utzi eta txirindularitzarekin, edo beranduxeago duatloiarekin hastera?
Aitor: Beste kirolek ez daukaten askatasuna ematen dizu txirrindularitzak. Aldi berean, entrenamenduak ez daude hain finkatuta… zeuk dena antolatzen duzu. Egia da entrenadorea eduki dezakezula, baina azkenean zeure erara moldatzen duzu prestaketa guztia.
Entrenatzerako orduan, plangintza bereziren bat jarraitzen al duzue?
Aitor: Ramon Elkoro-k ezartzen digu jarraitu beharreko prestakuntza. Bera prestatzaile fisikoa da, eta jubenilak ginenetik gure prestakuntzaz arduratzen da.
Jon: Gustura gaude berarekin.
Zer ezberdintasun dago duatloieko eta txirrindularitzako entrenamenduen artean?
Jon: Normala den bezala, txirrindularitzatik bazatoz, apur bat gehiago kostatzen zaizu txirrindua uztea. Baina beno, segituan ohitzen zara, egun batean txirrindua, eta bestean korrika, egun batean …
Aitor: Konbinaketa ere egin daiteke: 2 ordu bizikletaz eta 40 minutu korrika. Duatloieko entrenamenduak, atleta eta txirrindulari baten entrenamenduen konbinaketa dira.
Duatloiean hasi zinetenetik, txirrindularitza guztiz alboratu al duzue?
Jon: Ia-ia. Izan ere, duatloi denboraldia martxoan hasi eta ekainean amaitzen da. Horrez gain, txirrindularitza amateurrean dagoen panorama ikusita, ondo egin dugula uste dut. Dena den, ekainetik aurrera AEG taldearekin arituko naiz amateurretan. Hauek gainera, ez didate inongo trabarik jarri duatloiean ere lehiatzen dudalako.
Aitor: Jonek esan duen bezala, amateurretan dagoen panorama ikusi behar da. Maila honetan jada, ez daukazu txirrindularitzarekin gozatzeko aukerarik. Nik, 3 lizentzia atera ditut aurtengoan: alde batetik krosean aritu naiz negu partean; bestetik, duatloiarena dago; eta azkenik, triatloia ere probatu nahi dut.
Jon: Amateurretan, lasterketa amaitzearen baduzu konforme zaude; are gehiago, pozik zaude. Duatloiean, aldiz, lasterketetan lehiatzeko aukera duzu.
Partehartzaile kopurua urriagoa al da proba hauetan?
Aitor: Ez, inondik ere. Duatloiean ere 150-170 pertsonek parte hartzen dute. Tartean, txirrindularitza amateurrean ondo ibiltzen diren 30 pertsona daude, eta hauek ia-ia profesionalen antzera ibiltzen dira. Honen eraginez, lasterketak asko mugatzen dira, berberak baitira beti muturrean dabiltzanak.
Jon: Hau guztia gutxi balitz, segituan erretiratzen zaituzte. Are gehiago, karrera hasieran mendate bat pasa beharra baldin badago, orduan ezin dituzu 50 kilometro ere bete …
Zein egitura du duatloi proba batek?
Jon: Hasteko, 7-10 kilometro inguru egiten ditugu korrika; ondoren, 35-40 kilometro gurpil gainean; eta amaitzeko, beste 3-6 kilometro korrika berriro.
Aitor: Azken zati honetan, lasterka egiten dugun lehen saio horren erdia egiten dugu; hau da, ibilbide bati bi bira eman baldin badizkiogu lehen saio horretan, bigarrenean buelta bakarra ematen diogu.
Jon: Era berean, "Duatlon Sprint" izeneko lasterketak ere badaude. Hauetan, 5 km. (lasterka), 20 km. (bizikletaz) eta 2-5 km.-ak izaten dira distantziak. Erosoagoak izaten dira.
Nork korritzen ditu gisa honetako lasterketak?
Aitor: Muturrean ibiltzen den jendea amateurretatik etorritakoa da, amateurretan ondo ibilitakoak gainera.
Jon: Amateurretan lehiatzeari utzi ondoren, duatloiean hasten dira, eta noski, oso ondo moldatzen dira.
Aitor: Era berean, kirol honek "engantxatu" egiten du. Batzuk, lasterketaren bat ikusi ondoren, beren herriko proban partehartzera animatzen dira, eta ondoren zaletu egiten dira. Horren ondorioz, asko eta asko, prestatzen eta lehiatzen hasten dira.
Zein mailatan lehiatzen duzue?
Jon: Maila ezberdinak daude, baina guztiok ibilbide bera egiten dugu. Mailak betikoak dira: Seniorrak, 23 urte azpikoak, juniorrak, beteranoak eta emakumeak. Aurten, 23 urte azpiko tarte horretan sartzen gara, iaz juniorrak ginen oraindik.
Lasterketek elkarrekin loturarik ba al daukate?
Aitor: Bai. Guk, Euskal Zirkuituan korritzen dugu. Hau, martxoa eta ekaina bitartean ospatzen diren 12 probek osatzen dute, eta bakoitzean lortutako puntuen arabera, akaberan sailkapen orokorra egiten da.
Jon: Hauetako gehienak Gipuzkoan izaten dira, hala nola: Intxaurrondon, Oñatin, Azkoitian, Eibarren, Elgoibarren…
Aitor: Bizkaian bat korritu dugu. Baita Gasteizen, Arbizun…
Euskal Zirkuitutik gain, beste nonbaiten lehiatzen duzue?
Jon: Txapelketa hau amaituta, ekainean, Nafarroako Txapelketa hasiko da. Hau, 4 probek osatzen dute, baina Euskal Zirkuitutik at dago.
Aitor: Dena dela, duatloiaren denboraldia amaitzearekin batera, triatloiarena hasten da. Lehengo urtean ez nintzen animatu, baina aurtengoan, parte hartzea erabaki dut. Alabaina, azken honek ez dauka zerikusirik duatloi txapelketarekin; partehartzaileak ere ezberdinak dira, nahiz eta batzuk duatloiean aritzen direnak izan.
Zein emaitza lortu zenituzten iaz?
Aitor: Junior mailako Euskal Zirkuitua nik irabazi nuen; Jon, bigarren tokian geratu zen. Txapelketa oso polita korritu genuen biok.
Jon: Egun bakar batean korritzen den Euskadiko Txapelketan ere emaitza onak lortu genituen: Nik, distantzia ertaineko proba irabazi nuen, eta Aitorrek, aldiz, Dutloia sprint-a. Gure lehenengo urtea izateko, oso gustura aritu ginen.
Aitor: Espainiako txapelketan ere 30 lehenengoen artean bukatu genuen biok.
Zein da zuen helburua aurtengo denboraldirako?
Aitor: Gure helburua pixka bat aurrerago ibiltzea izango da, ez geure mailan, orokorrean baizik. Lehengo urtean, bazegoen segituan aurrera egiten zuen 15 pertsonako talde bat; gu, ordea, bigarren taldean geratzen ginen beste 15-20-ekin. Gure helburua, lasterketaren muturrean ibiltzen ziren horien mailara ailegatzea da. Aurten izan diren bi lasterketetan lortu dut aurreko talde horretan sartzea, ea horrela jarraitzen dudan. Dena dela, lehiakortasuna handia da.
Jon: Ni, ordea, min hartuta nago.
Eta zein da zuen helburua epe luzera begira?
Aitor: Oraindik gazteak gara, baina nire asmoa egunen batean Iron Mana, munduko triatloi gogorrena, egitea da.
Jon: Niri ere asko gustatuko litzaidake.