Ekainaren 15ean, elkarte ezberdinen arteko Gastronomi Lehiaketa izango da. Lehiaketa honetan, Urretxuko elkarte guztiek eta Zumarragako Urola eta Galeperra elkarteek, bakailaoa prestatuko dute "ajoarriero" erara.
Ekainaren 17tik 21era bitartean, hitzaldiak eta diapositiba emanaldiak izango dira. Azpimarragarriena, Edurne Pasaban mendizale tolosarrak ekainaren 21ean, arratsaldeko 7etan Pagoeta antzokian, eskainiko duen diapositiba emanaldia eta hitzaldia izango da.
Hurrengo egunean, larunbatean, kirol ekitaldi ezberdinak izango dira Gernikako Arbola plazan. Hasteko, 3X3 saskibaloi txapelketako azken fasea jokatuko da. Ondoren, 6,25 metrotatik jaurtiketa txapelketa izango da.
Horrez gain, goizean zehar, mendizale sailaren eskutik eskalatzeko eta rappela egiteko aukera izango da, ehiza sekziokoek zakurren erakustaldia egingo dute eta munduko arrantza txapeldun ezagunek euliak nola jartzen diren erakutsiko dute. Goizeko 11:30ean, berriz, San Joan pilota txapelketako finalak jokatuko dira Ederrena pilotalekuan.
Egun berean, arratsaldeko 4etatik aurrera, Urretxu eta Zumarragako kaleak zeharkatuko dituen gaztetxoentzako Bizikleta Festa, xake jardunaldi azkarrak eta, Isaak Jimenoren eskutik, ehiza-hegaztien erakustaldia izango dira. Bestalde, haurrek, jokoak, buruhaundiak eta txokolatada ere izango dituzte.
San Joan egunaren bezperan, ekainaren 23an, ekitaldiak goizean goiz hasiko dira. 8:30ean, zikloturisten III. ibilaldi herrikoia izango da. 10etan, berriz, plater tiraketa izango da Odriozolako kanpan. Eguerdiko 12:30ean, elkarteko hildakoen aldeko meza ospatuko da San Martin de Tours parrokian. Ondoren, eguerdiko 2:30ean, bazkari herrikoia izango da Etxe-Berri jatetxean. Bazkarira, nahi duen herritarrak ere joan daitezke. Txartelak ekainaren 10a bitartean salgai izango dira Goierri elkarteko tabernan.
Ekitaldi hauez guztiez gain, aurten ere, Goierri K.E.-k Irimora Igoera antolatuko du San Joan egunerako. Bestalde, ekainaren 17tik 30a bitartean, Goierriko sail ezberdinetako argazki zahar eta berrien erakusketa izango da Juan de Lizarazu aretoan.