Datu hauek argi eta garbi erakusten dute Iñaki Beitiaren omenezko mendi martxak Euskal Herria osoan lortu duen sona. Izan ere, urtero Euskal Herriko txoko guztietako mendizale ugari hurbiltzen dira Urretxu-Zumarragara mendi martxa honetan parte hartzera. Hauek guztiek, gure herrietako eta inguruko mendietako paraje ederrenak ezagutzeko aukera izaten dute. Herritar askok ere, mendi martxari esker, etxe ondoan izan arren ezagutzen ez zituzten paraje zoragarriak ezagutu dituzte.
Mendi martxa euskal mendizaleen festa handia bilakatu izanaren "errudunak" maiatza aurreko hilabeteetan eta mendi martxaren egunean lan itzela egiten duten antolatzaileak dira. Urtero ibilbidean berrikuntza erakargarriak sartzen saiatzen dira, eskuorri eta web-gune erakargarriak prestatzen dituzte… eta, batez ere, martxaren egunean partehartzaileei zerbitzu bikaina eskaintzen diete. Aurten ere, lan bikaina egin dute eta partehartzaileak nekatuta, baina gustura eta datorren urtean ere parte hartzeko asmoz itzuli dira etxera. Hona hemen aurtengo mendi martxaren kronika laburra.
Goizeko 6ak baino lehenxeago, artean egunak guztiz argitu gabe, giro bikaina zegoen jada Kalebarren-Areizaga plazan. Ibilbide luzean parte hartu zuten 253 mendizaleak goizeko 6etan abiatu ziren. Ordu pare bat beranduago, ibilbide laburrean parte hartu zuten 418 lagunak abian jarri ziren.
Eguraldi bikaina lagun, bakoitzak bere martxan, mendizaleek egun ederra igarotzeko aukera izan zuten. Bi ibilbideak toki beretik pasatzen ziren hainbat kilometrotan eta eguneko irudirik ederrena Izazpin gora zihoan ia 600 laguneko jende ilara izan zen.
Mendizaleen artean aparteko giroa izan zen eta Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako mendizaleak oso gustura ibili ziren. Hauetako askok, azken egunotan posta elektronikoz zorionak eman dizkiete antolatzaileei.
Izan ere, ia 700 laguneko partaidetza duen mendi martxa antolatzea batere erraza ez den arren, aurten ere antolatzaileak oso fin aritu dira. Anoa-postuetan, esaterako, azkenetakoak pasa zirenek ere ia denetarik aurkitu zuten. Ibilbidea bera ere, mendizaleen gustukoa izan da. Hauetako askok, Gabirian, Ezkion, Izazpi-Samiñon… ikus daitekeen paisaia azpimarratu dute.
Hamaika eta erdiak aldera, ibilbide laburra egiten lehenengoa izan zen mendizalea heldu zen Areizaga-Kalebarren enparantzara. Hamar minutu beranduago, ibilbide luzea betetzen lehenengoa heldu zen. Hauen atzetik, pixkanaka-pixkanaka, gainontzeko mendizale guztiak heldu ziren. Ibilbide laburra egin zutenen denbora batez-bestekoa 6 ordukoa izan zen. Ibilbide luzea egin zutenen artekoa, berriz, 9 ordukoa.
Areizaga-Kalebarren enparantzan nekatuta baino gustura, egindako lanaz harro zegoen jendea ikus zitekeen. Batzuk, egindakoa ospatzeko, basoerdi batzuk hartu eta lagunartean bazkaltzera joan ziren. Besteak, pott eginda, zuzenean ohera.