Dagoeneko kanpainaren amaiera iristen ari da, eta orain arte diru bilketa honetan gure aurrikuspenak betetzen ari badira ere, datozen egun hauetan azkeneko aukera izango dute laguntza eskaini nahi duten guztiek (laguntza emateko telefonoa: 669-546357).
Hemendik gure eskerrik beroenak, behin eta berriz, zentzu horretan ahalegin bereziak egiten dituztenei, eta borondate hutsez urratutako poltsikoetatik hainbat diru eskaini digutenei. Zoritxarrez, eta aldi oro, gai ezberdinen alde (euskara, egunkaria , irratia…) dirulaguntza eskatu beharra izaten dugu oraindik, eta egia esateko, gehienetan bezala, poltsiko berberak izaten dira urratuak. Gora zuen borondatea!
Tamalez ostarte zabaletan ere laino beltzak ageri dira. Zentzu honetan atsekabez jaso dugu Euskal Telebistaren jarrera, inolako arrazoirik eman gabe, kanpaina honen aldeko iragarkia debekatzean.
Besterik gabe, milesker dirulaguntza eskaini duzuen guztioi, eta lan honetan ibili zaretenoi. Gure aldetik esan, berriz ere lan egiteko prest gaudela gure herriaren alde sortu daitekeen edozein ekimenen alde, garrantzi handirik eman gabe antolatzailearen izenari, helburuari baizik. Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako herritarrei esker anitx Xiberotik. Biba Xiberoa!
J.L. Aranburu, Goi-Urolako "Xiberoa Garatzen" lan taldearen izenean.
J. Garmendia eta I. Berasategi atxilotuak
Azken hilabete honetan Joseba Garmendia eta Ismael Berasategi urretxuarrak atxilotu dituzte espainiar eta frantziar poliziek. Joseba Garmendia Urretxuko zinegotzia apirilaren 29an atxilotu zuen espainiar poliziak. Hasiera batean Soto del Relera eraman zuten eta, egun, Aranjuezeko espetxean dago. Senitartekoek berarekin izateko aukera izan dute eta itxura batean animoz ondo eta lasai dago. Josebari ETAren finantziazio sarearen partaide izatea eta dirua zuritzea leporatzen diote. Josebak esan duenez, ez dute ezer bere aurka eta "dena Batasunaren ilegalizazioa prestatzeko kanpaina hutsa da". Ez dago jakiterik espetxeratzea luze joango den.
Ismael Berasategi maiatzaren 15ean atxilotu zuten Frantzian. Atxiloketaren unean poliziei aurre egin zien eta epailearen aurrean aurpegian ubeldurak zituela azaldu zen. Hori dela eta, gaizkile talde bateko kidea izateaz eta auto lapurretaz gain, autoritateari erresistentzia ere leporatzen diote Frantzian. Espainian, berriz, Ainhoa Barbarin eta Xabier Zabalo herritarrekin batera Behorburu komandoko kidea izatea eta hainbat bonba-auto jartzea leporatzen diote.
Ismael Paristik gertu dagoen La Santé espetxean dago eta senitartekoei ez diete oraindik bera ikusten utzi. Xabier Zabalo zumarragarra bere espetxe berean dago eta esan duenez, "epileptikoa den arren, ez diote sendagairik hartzen utzi. Hori dela eta, behin baino gehiagotan nerbioek jota egon da".
Alemaniarrak Urretxun
Urretxurekin anaituta dagoen Schwazenbruck herriko hainbat ordezkari herrian izan dira maiatzean. Hilaren 10ean prentsaurrekoa eskaini zuten Urretxuko udaletxean, anaituta dauden herriekin duten harremana zaintzeko sortu duten elkartea eta elkarte honek argitaratu duen liburua aurkezteko. Prentsaurrekoan, alemaniarrekin batera, anaitzea bultzatu zuen Ramon Arbizu alkate ohia eta Pello Gonzalez alkatea izan ziren.
90 hamarkada hasieran Schwazenbruck-eko alkatea zenak, zeinek Urretxurekin anaitzea bultzatu zuen, prentsaurrekoan esan zuenez, "II. Mundu Gerra bizi izan nuen eta, ordutik, demokraziaren eta Europaren alde lan egin dut, Europako herriekin harremanak izaten saiatuz. Baina, beti uste izan dut Europa ezin dela politikoen esku utzi, herritarren esku baizik. Hori dela eta, gurekin anaituta dauden herriekin ditugun harremanak sakonduko dituen elkartea sortu dugu". Schwazenbruck-eko alkate ohiak urretxuarrak antzerako elkarte bat sortzera animatu zituen.
Bestalde, alemaniarrek, kaleratu berri duten liburua ere aurkeztu zuten. Bertan, beraiekin anaituta dauden herri guztien hainbat ohitura, abesti eta sukaldaritza errezeta bildu dituzte.
Itsaski zozketa
Lourdes Sanz Portuk irabazi zuen apirileko itsaski otarra. Argazkian, Juan Manuel Kerejeta senarrarekin ikus dezakezue gustura asko. Zorionak eta zer edo zer sobratu baldin bazaizue, badakizue non gauden!
Ikaspilotaren topaketak Urretxun eta Zumarragan
Ikaspilota Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak sortu zuen duela 10 urte, gaztetxoen artean pilotazaletasuna pizteko. Horretarako, ikasturtean zehar ikasgai ezberdinetan pilota lantzea bultzatzen dute. Horrez gain, eskolen arteko topaketak ere antolatzen dituzte. Duela urte batzuk, herri kirolak jorratzen ere hasi ziren.
Duela bi aste, Ikaspilotak, Kutxaren laguntzaz, antolatutako herri kirol eta pilota topaketak izan ziren Legazpin, Urretxun eta Zumarragan. Maiatzaren 14an, Legazpiko Olazabal institutuko eta Lazkaoko San Benito ikastolako DBH 4ko ikasleek herri kirol saioa izan zuten Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Eguraldi bikaina lagun, bi ikastetxe hauetako ikasleek elkar ezagutzeko eta Euskal Herriko kiroletan aritzeko aukera izan zuten.
Hilaren 15ean, berriz, Urretxu-Zumarraga Ikastolan eta Olazabal eta Iparragirre institutuetan DBH 1 ikasten ari diren ikasleak izan ziren herri kiroletan aritu zirenak.
16an, Lehen Hezkuntzako 5. maila ikasten ari diren gaztetxoen txanda izan zen. Domingo Agirre, Gainzuri, La Salle-Legazpi, Haztegi eta Urretxu-Zumarraga Ikastola ikastetxeetako 185 haur inguru pilotan jokatzen arituko ziren.
Ikaspilotak Urola Garaian antolatu dituen topaketetako saio nagusia ostiralean izango zen. Gipuzkoako 12 bat ikastetxetan DBH 4 ikasten ari diren gazteak herri kiroletan aritu ziren Zumarragako Euskadi enparantzan.
La Salle-Legazpi ikastetxearen La Salle Astea
Maiatzaren 13tik 17ra bitartean La Salle-Legazpi ikastetxeak La Salle Astea ospatu du. Lehen Hezkuntzako eta DBHko haur eta gaztetxoek ekitaldi ugaritan parte hartzeko aukera izan zuten.
Astelehenean LHko 1. eta 2. mailako haurrek, asteartean 3. eta 4. mailakoek eta asteazkenean 5. eta 6. mailakoek jaialdiak eskaini zituzten ikastetxeko aretoan. Jaialdi hauetan antzerki, musika, dantza eta bertso emanaldiak izan ziren. Horrez gain, jokoak ere izan zituzten. Ostegunean, berriz, mendi irteera izan zuten.
DBHko gaztetxoek ere makina bat ekintzatan parte hartzeko aukera izan zuten: pinpon, futbolin, frontenis eta futbol txapelketak, altxorraren bila jokoa…
Ostiral goizean, ikastetxeko ikasle guztiek, La Salle Eguna ospatu zuten. Txikienek eukaristia izan zuten eta, ondoren, zenbait jokotan aritu ziren. DBHkoak, berriz, Antiora igo ziren bizikletan eta sukaldaritza lehiaketa ere izan zuten.
Aurtengo La Salle Astea oso berezia izan da. Izan ere, La Salleko haurrek Baigorriko Bil-Etxea ikastetxekoak izan dituzte bisitan.
Bi ikastetxeak duela hiru urte hasi ziren elkartrukearekin. Zumarragarren helburua frantsesa ikasten duten gazteei hizkuntza hau lantzeko aukera eskaintzea izan zen. Baigorritarrena, berriz, gaztelera lantzea. Egun, Iparraldeko ikastetxekoek, Zumarragan dauden egunetan euskara lantzea nahiago dute.
Hizkuntzak lantzeaz gain, Baigorriko eta Zumarragako ikasleek bi herrietan nagusi diren eredu ekonomikoak ere aztertzen dituzte. Izan ere, Baigorrin nekazaritza da ogibide nagusia eta Zumarragan, berriz, industria.
Festa bikaina Kilometroak 2002ren eskutik
Kanpoan hotz egiten bazuen ere, giro beroa izan zen Ederrena pilotalekuan hilaren 11n. Kilometroak 2002ko antolatzaileek festa handia antolatu zuten eta urretxuar eta zumarragarrek primeran erantzun zuten.
Hasteko, bi herriotako koadrila ugaritako sukaldari onenek zurrukutuna prestatzeari ekin zioten. Arratsaldean, herritar asko eta asko Ederrena pilotalekuan izan ziren, bai sukaldarien lana ikusten eta baita zegoen kupeletik sagardoa edaten ere. Benetan giro ezin hobea izan zen. Hau lortzeko herriko hainbat musikariren parte hartzea ere izan zen.
Gaueko 9ak aldera sari banaketa izan zen. Ondoren, lehiaketan parte hartu zuten koadrilek afaria izan zuten. Afalostean, Zumarragako bertso-eskolako gazteek "Txotx Operazioa" bertso-trama antzeztu zuten. David Buztantentek, Brad Pituk, Mikel Goñik eta gainontzekoek ordubete inguruko saio umoretsua eskaini zuten.
Datozen egunetan ere, hainbat ekitaldi izango ditugu Urretxu eta Zumarragan Kilometroak 2002ko antolatzaileen eskutik. Ekainaren 7an, Eskolarteko Bertso Txapelketaren finala izango da Beloki pilotalekuan. Biharamunean umeen eguna izango da. 0 eta 7 urte bitarteko haurrentzako ekitaldiak Gernikako Arbola plazan izango dira. Goizez, marrazki tailerra, ipuin kontaketa eta puzgarriak izango dituzte. Arratsaldez, berriz, Kukubiltxoren ikuskizuna eta puzgarriak izango dituzte.
8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzako ekitaldiak Lizeoko patioan izango dira. Goizez, herriko ikastetxe bakoitzetik hiru talde egingo dira eta froga ezberdinak izango dituzte. Ondoren, hala nahi duten 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxo guztiek, bazkaria izango dute. Bazkalostean, play-backa izango dute.
Kilometroak 2002ko kultura batzordea, herriko musikari askoren partaidetza izango duen kantu emanaldi bat ere prestatzen ari da. Emanaldi hau, ekainaren 15ean izango da, gaueko 10:30ean, Ederrena pilotalekuan.
Liburu Eguna Gainzurin
Gainzuri ikastetxeko ikasleek hainbat ekitaldi izan zituzten apirila bukaeran, Liburu Eguna zela eta. Gainzurikoak iaz hasi ziren Liburu Eguna ospatzen, gurasoen ekimenez, ikasleen artean irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz.
Liburu Egunaren inguruko aurtengo ekitaldi guztien artean, azpimarragarrienak ipuin kontalarien saioak izan dira. Ipuin kontalari hauen guztien artean, atzerritar jatorriko ikasleen senideak izan dira euren jaioterritako ipuinak jatorrizko hizkuntzan kontatzen. Hauekin batera, itzultzaileek euskarazko bertsioak eskaini dituzte. Honela, Gainzuriko haurrek Marokko, Txina eta Brasilgo ipuinak ezagutzeko aukera izan dute.
Ipuinez gain, Gainzuriko haurrek euren idatziez osatutako bi erakusketa eskaini dituzte: bata Urretxuko egoitzan eta bestea Zumarragakoan. Erakusketa hauetan gurasoek zenbait liburu salgai jarri dituzte.
Lehen hezkuntzako 3. eta 6. maila bitarteko haurrek, ipuin kontalarien ordez, Joxean Ormazabal eta Iñaki Mendiguren idazleen hitzaldiak izan dituzte. Gainzuriko irakasleek esan digutenez, hitzaldia hauetan entzundakoek ikasle batzuengan idazaletasuna piztu du.