Aurtengo hitzaldietan, Idoia Agirre eta Julen Garralda herritarrek Guatemala eta Chiapasi buruz aritu ziren, Thamer Birawi palestinarrak bere herriari buruz hitz egin zuen, AHT-ren aurkako taldeko ordezkariek Abiadura Handiko Trenaz mintzatu ziren eta Asier Lertxundi mendizaleak "Eskalada Marokon" izenburua duen diaporama eskaini zuen.
Maiatzaren 31ko mahaingurua oso berezia izan zen. Bertan, atzerritik etorri diren hainbat euskaldunek beraien esperientzia pertsonala azaldu zuten. Mahaingurua Kontseiluko lehendakaria den Xabier Mendiguren ezkiotarrak gidatu zuen.
La Salleko Josu Pastrianentzat saria
Maiatzaren 31n, Sasieta Mankomunitateak urtero antolatzen duen birziklatutako gaiez egindako jostailu lehiaketaren sari banaketa izan zen Beasaingo Udaletxeko Batzar Aretoan. Lehiaketa honetan, urtero bezala, Urola Garaiko hainbat ikastetxek parte hartu dute. Aurten, La Salle-Legazpi, Haztegi, Iparragirre eta Gainzuri ikastetxeetako ikasleek parte hartu dute, Goierriko 6 ikastetxetako ikasleekin batera. 10 ikastetxe hauetako ikasleek 50 jostailu aurkeztu zituzten lehiaketara.
Lehiaketara aurkeztu zituzten jostailu hauetako guztietako bat, Zumarragako La Salle-Legazpi ikastetxean DBH 2 ikasten ari den Josu Pastrianen tankea izan zen. Epaiamahaikideen ustez, Josuren jostailua DBHko ikasleek aurkeztutako onena izan da. Hori dela eta, Josu Pastrianek oroigarri bat jaso zuen. Horrez gain, Josuren lan onari esker, bere ikaskide guztiek iparraldera txangoa egin zuten.
Merkatarien I. Astea
Bi-Tarteanek, Urretxu-Zumarragako Merkatari Elkarteak, Merkatarien I Astea antolatu du hil honetan. Ekainaren 10etik 14ra bitartean, hainbat hitzaldi, antzerki saioa eta merkatarien afaria izan dira. Afari honetan, Urretxu eta Zumarragako denda zaharrenak omendu zituzten: Candido harategia (1939) eta Urdangarin burdindegia (1876).
Bestalde, hilaren 10ean, joan den mende erdialdean herriko dendak nolakoak ziren azaltzen zuen erakusketa arrakastatsua zabaldu zen Zumarragako Soraluze kalean. Ekainaren 23a bitartean zabalik izan den erakusketa honetan, Urretxu eta Zumarragako argazki zaharrak, botilak, kartelak, liburuak, erremintak… izan dira ikusgai.
Iñaki Fidalgok, Bi-Tarteaneko lehendakariak, azaldu digunez, Merkatarien I Astea oso arrakastatsua izan da eta datorren urtean ere antolatzeko asmoa dute.
Itsaskia Aldirira joan zen
Aldiriko lagunek irabazi zuten maiatzeko itsaski zozketa. Ekaineko lehen ostiralean itsaskia jaso eta biharamunean bazkari ederra egin zuten presoen senideekin batera.
Bertsolari gazteentzat sariak
Ekainaren 7an Urretxu eta Zumarragako Eskolarteko XV. Bertso-paper Lehiaketako sari banaketa izan zen Pagoeta antzokian. Aurtengo lehiaketa bi mailatan banatua egon da. A mailan lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailako gazteek parte hartu dute eta B mailan, berriz, DBH 1 eta 2ko ikasleek.
Sari banaketan Urretxu eta Zumarragako alkateak, Pello Gonzalez eta Aitor Gabilondo, eta Jon Aldama Urretxuko Kultur zinegotzia izan ziren. Hauekin batera, sarituak etengabe txalotu zituzten Urretxu eta Zumarragako ikasle ugari ere izan zen.
A mailan, hirugarren saria Xabier Estonbak jaso zuen, bigarren saria Idoia Mendiak eta lehen saria eta txapela Manex Mantxolak. B mailan, berriz, hirugarren saria Amaia Arrospiderentzat izan zen, bigarren saria Amaia Plazaolarentzat eta lehen saria Irati Auzmendirentzat. Epaimahaiaren sari berezia, duela hiru urte Marokotik Euskal Herrira bizitzera etorri zen Abderraman Kaim-entzat izan zen.
Goierri Kirol Elkartearen urteurrena
Guztiek dakizuen bezala, Goierri Kirol Elkartea bere 50. urteurrena ospatzen ari da aurten. Urte hasieraz geroztik hainbat ospakizun izan dituzte Goierrikoek, baina urteurrena ospatzeko antolatu dituzten ekitaldi nagusiak ekainean izan dira. Ekainaren 15ean, esaterako, 3X3 saskibaloi txapelketako kanporaketak eta gastronomi lehiaketa izan ziren. Joan zen asteburuan, berriz, sail ezberdinen erakustaldiak eta bazkari herrikoia izan ziren. Zorionak Goierri!
Ekainean ere Kilometroak 2002ren inguruko ekitaldi ugari
Azken hilabeteotako ildoari jarraituz, Kilometroak 2002ren inguruko ekitaldi ugari izan ditugu ekainean ere. Ekainaren 7an, Gipuzkoako bertsolari gaztetxo onenek Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala jokatu zuten Zumarragako Beloki pilotalekuan.
Biharamunean, Umeen Eguna ospatu zen. 0 eta 6 urte bitarteko haurrek marrazki tailerra, Iker Antia ipuin kontalariaren saioa, puzgarriak eta Kukubiltxoren ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten. 7 eta 12 urte bitarteko gaztetxoek, berriz, jokoak, bazkaria eta play-back saioa izan zituzten.
Hurrengo astean, hilaren 15ean, Oroimenari Kantari kantaldia izan zen Ederrena pilotalekuan. Bertan, ikusle ugari bildu ziren herriko abeslari ezberdinek eskaini zuten saioaz eta Kilometroak 2002ko kantaren aurkezpenaz gozatzeko asmoz.
Kilometroak 2002ko kantaren doinua Estitxu Sudupe urretxuarrak sortu du. Hitza, berriz, Estitxuk berak eta Arantxa Gabiriak idatzi dute. Mendiaraz Anaiek txalapartaren soinuaz aberastu dute uda honetan sarritan entzuteko aukera izango dugun abesti martxoso hau.
Zumarragako jaietan ere hainbat kultur ekitaldi izango dira, Kilometroak 2002ko antolatzaileen eskutik. Izan ere, Ikastolak txosna eta eskenatokia jarri behar ditu Areizaga-Kalebarren enparantzan eta egunero ikuskizunen bat izango da bertan.
Ostiralean, "Bertsoak, hitza, musika eta txalaparta" izenburua duen saioa izango da gaueko 10etan. Bertan, Ostebi taldeak, bertso eskolako bertsolariek eta txalapartariek parte hartuko dute.
Larunbatean, gaueko 10:30ean, Jose Luis Padrón poetak eta beste zenbait idazlek, Asier Larrazak eta Fits taldeak "Hitza, musika eta irudiak" ikuskizuna eskainiko dute.
Igandean, eguerdiko 1etan herriko trikitilarien saioa izango da eta gaueko 10etan Gorka Hermosaren folk musika emanaldia. Astelehenean ere, eguerdiko 1etan, trikitilariek Areizaga-Kalebarren enparantza girotuko dute. Arratsaldeko 8etan, berriz, Axeri taldeko kideek umorezko antzerki saioa eskainiko dute.
Kilometroak 2002ko antolatzaileek ez dute ikuskizunik antolatu Santa Isabel egunerako, baina Antion txosna ipiniko dute eta bertan nahi adina janari eta edari izango da.