Zein postutan jokatzen duzue?
Xabier: Ni zentrala naiz. Atzelaria izateko nahiko azkarra naiz. Aurrelari bat markatzeko esaten badidate, partida osoa bere gainean ematen dut. Gehien atsegin dudan atzelaria Puyol da. Realetik, berriz, Xabi Alonso atsegin dut.
Mikel: Ni, berriz, aurrelaria naiz. Nahiko txikia naiz eta tekniko samarra ere banaizela uste dut. Iskin egitea gustukoa dut. Gehien atsegin dudan jokalaria De Pedro da. Izan ere, ni bezala, ezkertia da.
Ze ibilbide bete duzue orain arte?
Duela hiru urte, Urolaren txapelketa jokatu genuen eta Urolaren futbol eskolara joateko deitu ziguten. Lehenengo urtea futbol eskolan eman genuen, bigarrena gu baino zaharragoak ziren infantilekin eta azken hau ere infantiletan jokatu dugu, jada gure adinekoekin.
Urolan zer moduz aritu zarete?
Urolan oso gustura aritu gara eta asko ikasi dugu. Gainera, asteazkenetan gu baino zaharragoak direnekin entrenatu dugu. Astean beste egun batean, berriz, Gipuzkoako federazioarekin entrenatu dugu. Entrenamendu hauetan eskualdeko hainbat jokalari elkartzen ginen eta txapelketak ere jokatu ditugu. Duela gutxi Matigoxotegin txapelketa bat jokatu genuen Gipuzkoako gainontzeko eskualdeetako taldeen aurka eta lehenak gelditu ginen.
Noiz jarri zen lehenengoz Reala zuekin harremanetan?
Mikel: Duela bi urte Realarekin entrenatzen izan nintzen bizpahiru hilabetez, baina aukeraketa egin zutenean kanpoan gelditu nintzen.
Xabier: Otsailean, Calahorrara txapelketa bat jokatzera joateko zenbait laguni deitu ziguten. Hilabete inguru izan nintzen entrenatzen eta, ondoren, Calahorrara joan ginen txapelketa hura jokatzera. Beranduago berriro deitu zidaten, oraingoan Mikelekin batera. Handik astebetera edo, datorren denboraldian kadete B taldean arituko garela esan ziguten Realeko arduradunek.
Datorren denboraldi osoa Realean emango duzuela jakitearekin batera poz handia hartuko zenuten…
Bai. Urolakoek zorionak eman dizkigute eta etxean ere oso gustura daude, nahiz eta ikasketengatik kezkatuta dauden. Dena den, Reala ere gure ikasketez kezkatzen da. Realekoek ikasketetan lortzen ditugun emaitzen jarraipena egiten dute eta ikasketak alde batera uzten baditugu, Realetik bidaliko gaituztela esan digute.
Herrian jarraitu behar al duzue ikasten?
Bai. Entrenamenduak astelehen, asteazken eta ostiraletan izango ditugu. Zubietara joateko, Realak herri ezberdinetako jokalariak jasotzen dituen autobusa jartzen du.
Zenbat partida jokatu dituzue Realeko elastikoarekin?
Mikel: Duela hiru urte dezente jokatu nituen. Aurten, berriz, lau jokatu ditut.
Xabier: Nik, berriz, 8 bat jokatu ditut aurten. Calahorran partida guztiak jokatu nituen eta Tuteran, berriz, bai Mikelek eta bai nik hiru partida jokatu ditugu.
Zer moduz joan zen Tuterako txapelketa?
Osasunaren aurkako partida berdindu egin genuen, Zaragozaren aurkakoa berdindu egin genuen eta Real Madrilen aurka galdu egin genuen. Tuterako taldearen aurka irabazi ondoren, hirugarren postua eskuratu genuen.
Alde handia al dago Urola eta Realaren artean?
Orainarte oso gustura gabiltza, baina hasieran konfidantza hartu beharra dago. Bestalde, Realarekin gogorrago jokatu beharra dago, aurkariek presio handiagoa egiten baitute. Entrenamenduak ere ezberdinak dira, Realean gogorragoak baitira. Asko ikasiko dugula uste dugu.
Eta datorren denboraldian zer egitea espero duzue?
Jokatzen jarraitzea eta ikastea. Datorren urtean DBHko 3. maila egingo dugu, baina ez dugu uste ikasketekin arazorik izango dugunik. Ikasketetan eta futbolean ondo aritzen bagara, segur aski Realean jarraituko dugu.