Nolatan aurkeztu zinen lehiaketara?
Macreak Localian umorezko monologoen saio baterako jendea behar zutela jakin zuen eta joatea erabaki genuen. Horretarako Zarautzen egindako emanaldi bateko bideoa bidali genuen eta, beste 30 bat lagunekin batera, onartu egin gintuzten. Talde ezberdinetan banatu gintuzten eta astero talde bateko partaideok Antiguoko "Cafe Candelan" gure saioa egiten genuen. Ondoren saio guztiak telebistan bota zituzten eta ikusleek talde bakoitzetik gehien gustatzen zitzaionari botoa ematen zioten. Talde bakoitzeko onena finalera pasatzen zen. Macrea eta biok talde berean geundenez, biotako bat soilik sailkatu zitekeen finalera.
Finala non izan zen?
Finala Donostiako Aste Nagusian izan zen Boulevardeko kioskoan. Egia esan, ez nuen irabaztea espero. Izan ere, partehartzaile gehienak donostiarrak ziren, saioa Donostian zen eta Localia Donostian ikusten da gehienbat. Ikusleek mobil bidez eman behar zuten euren botoa. Hori dela eta, Macreak eta biok ezagun guztiei botoa emateko esan genien. Horretaz gain, Foxen eta Gaztelekun kartelak jarri genituen. Operación Triunfo antzeko bat izan zen… herrian telebista saio hau gustuko ez dutenei fenomeno horretan murgiltzeko aukera bikaina eskaini genien! (barreak).
Zein zen zure bakarrizketaren gaia?
Localiakoak bi baldintza bakarrik jarri zizkiguten: ordu laurden baino iraupen gutxiagoko bakarrizketa izatea. Gaia librea zen. Nik "Autoeskola" izeneko saioa antzeztu nuen. Bakarrizketa hau Zumarragako jaietan, Kilometroetako txosnan, aurkeztu nuen eta jendeak gustura ikusi zuen. Izan ere, jende gehiena bakarrizketa horretan esaten dudanarekin oso identifikatuta sentitzen da.
Gidoi guztia zuk prestatua al zen?
Beste batzuek "El Club de la Comedia" saioko bakarrizketak antzeztu zituzten, baina Macreak eta nik geuk prestatutako bakarrizketak eraman genituen. Bakarrizketa guztiak nik neuk prestatzen ditut, baina telebistan edo beste edonon asko gustatzen zaidan txisteren bat entzuten badut niretzat hartzen dut.
Nola prestatzen dituzu bakarrizketak?
Zailena gaia aukeratzea izaten da. Ikusle guztientzat egokia den gai bat hautatu behar da. Denek ezagutzen duten gai bat. Ondoren, gai horren inguruan tontakeriak asmatzen saiatzen naiz. Guztiok dakigu gai baten inguruan tontakeriak esaten, baina tontakeria onak ateratzea zailagoa da. Batzuetan klaseko lagunengana joan eta "txorradak" esateko esaten diet. Gidoian puntu fuerte batzuk izan behar dira, jendeak arreta galdu ez dezan. Dena den, ikusleek gutxien espero duzunean barre egiten dute.
Gidoiaz gain, antzezpenak ere bere garrantzia izango du…
Donostiara joan aurretik ez nuen antzezpena bereziki prestatu, "Autoeskola" saioan antzezpena oso garrantzitsua den arren: bolantea mugitu, bozina jo… Entseiatu eta entseiatu, ez dut ispiluaren beharrik ondo ari naizen jakiteko. Aurpegiak imitatzeko, Aznarrena esaterako, ispiluak garrantzia handiagoa du. Zorionez, Aznarrena ez zait oso ondo ateratzen. Bestela seinale txarra izango litzateke!
Localiakoek telebista saioren batean parte hartzea eskaini al dizute?
Oraindik ez. Saria Karibera bidaia bat zen, baina ez dakit zehazki noiz eta nora joan behar dudan. Bestalde, herriren bateko festetan nor edo nor etorri zait telebistan ikusi ninduela esatera eta zoriontzera. Macrea ere ia ni baino gusturago dago. Gainera, uda ondoren tabernak berriro gure ikuskizunen antzerakoak eskatzen hasten dira. Badirudi gurearen tankerako ikuskizunek geroz eta harrera hobea dutela.
Laguntalde umoretsua
Azkenaldian, Jon Plazaola, Macrea, Txarli eta Marina Aparicio ia banaezinak bihurtu dira. Lauek umorea eta antzerkia izugarri atsegin dituztenez eta Urretxu-Zumarragan bizi direnez, ez da harritzekoa elkar ezagutu eta elkartu izana. Azkenaldian, euren ikuskizunak makina bat parre eragin du Euskal Herriko herri askotan. Joni taldekideak hitz gutxitan definitzea eskatu diogu.
Macrea: Macrea Macrea da. Ez dago bera bezalakorik. Uneoro komikoa da. Nahi gabe ere xelebrekeriaren bat egiten du. Berarekin ez dago aspertzerik. Gainera, sekulako esperientzia du eta saioren bat oso ondo ateratzen ez denean berehala animatzen gaitu.
Txarli: % 100ean zoriontasuna. Showman hutsa da. Eskenatokian sekulako erreztasunaz mugitzen da eta beti txantxetan dabil.
Marina Aparicio: Ogi puska. Oso aktore ona da: antzezten ari denean begietara begiratu eta paperean guztiz sartuta dagoela ikus dezakezu.
Jon Plazaola: Geldirik egon ezin den tipo bat. Beti alde batetik bestera ibiltzea gustatzen zaio eta eskenatokian ere hala ibiltzen da. Oso elektrikoa.